Pre-Zinebik giro zinemazalea dakar Bilbora

Bizkaie! 2016-11-10 09:10   Zinemea

Zemendiaren 11tik 18ra, Zinebi jaialdiko motorrak berotzen hasteko egitarau betea dakar Pre-Zinebi zikloak. Bilboko ikus-entzunezkoen sektorea izango da ardatza.

Uriko erakundeak, taldeak, alkarte profesionalak eta prestakuntza zentroak dira Pre-Zinebiko protagonista nagusiak. 2016ko ekitaldi honetan, proiekzinoak, erakustaldiak, lehiaketak, topaketak eta abar dagoz Pre-Zinebiren egitarauan.

Emakumeek egindako Bilboko Zinema Erakusketea antolatu dauen Zinemakumeak Gara! taldeagaz alkarlanean, Pre-Zinebiren lehenengo ekitaldia barikuan, hilak 11, egingo da, Campos antzokian. Carolina Astudillo zuzendari txiletarrak El gran vuelo filma aurkeztuko dau. Francoren diktadurearen lehenengo urteetan Clara Pueyo Jornetek egindako lana batu dau Astudillok pelikula horretan.

Asteburuan, ostera, Zinebiexpress lehiaketea egongo da martxan. Parte-hartzaileek 48 ordu izango ditue film bana egiteko, Bilbo eszenatoki dala. Zemendiaren 17an banatuko ditue sariak. Lehiaketa honen helburua da, Bilbo edozein eratako filmak grabetako eszenatoki aproposa dala erakustea. Ganera, zinemazaleen parte-hartzea bultzatzen dau Zinebiexpress lehiaketeak.

Zemendiaren 12an, ganera, topaketea egongo da Juanjo Moscardó gidoilariagaz. Astelehenean eta martitzenean, ostera, Bizkaiko zinema-eskoletako eta prestakuntza zentroetako ikasleek egindako lanak ikusteko erea egongo da Campos antzokian. Film laburrik onenaren Zinebi-New Talents saria emongo deutsie piezarik onenari.

Beste urte batez, Pre-Zinebik FAS zineklubaren laguntzinoa izango dau. Holan, hilaren 15ean, Pikadero filmaren proiekzinoa antolatu dabe bien artean. Proiekzinoaren aurretik, Un tren a ninguna parte antzezlan laburra ikusi ahal izango da, David Caiñak zuzendua eta Josu Angulo eta Alex de la Peña aktore dirala.

Pre-Zinebiren amaierako jaia zemendiaren 18an egingo dabe, Ribera Bilbao kafetegian. Ekitaldi horretan, superheroien zinemeari omenaldia egingo jako, batez be pertsonaia marjinalenei: Menderatzaile Toxikoa, Orgazmo, Mystery Man, Emakume saguzaharra... Kontzertuak, photocall-a, instalazino interaktiboak, ikus-entzunezkoak eta abar egongo dira ekitaldian. Caostica alkarteak lagunduko dau antolakuntzan.

Urtero legez, Pre-Zinebiren amaierako jaiak bat egingo dau Zinebiren hasikerako ekitaldiagaz. Aurten 58. edizinoa beteko dau Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak. Mundu guztiko film laburrak, dokumentalak eta animazinozko filmak ikusi ahal izango dira, goi mailako zuzendarien eskutik. Ganera, jarduera osogarri ugari antolatu dira eta aurten nabarmentzekoak dira aurreko hamarkadetako Bilboren historia erakusten daben ikus-entzunezkoek aurkezpenak.

Pre-Zinebiren egitaraua, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu