Zemendiaren 18tik 25era bitartean egingo da Zinebi jaialdiaren 58. edizinoa

Dabi Piedra 2016-11-02 13:20   Zinemea

Film laburren eta dokumentalen Bilboko jaialdiak, Zinebik, lehenengo lan luzea zuzendu daben sortzaileentzako saila estreinauko dau aurten.

Luis Egiraun, Nekane Alonso eta Ernesto del Río | Ikusi handiago | Argazki originala

Urtero legez, bertoko zein kanpoko dokumental eta film laburren ikuspegi zabala eskainiko dau Zinebik bere 58. edizinoan, zemendiaren 18tik 25era. Sail ofizialaz gan, proiekzino eta jarduera osogarri ugari izango ditue zinemazaleek aukeran. Ganera, Jaime Chavarriri eta Bahman Ghobadiri Ohorezko Mikeldia emongo deutsie.

Zinebiko sail ofizialean, 33 herrialdetako 71 film aukeratu ditue jaialdiko arduradunek. Dokumentalak, film laburrak eta animazinozkoak izango dira eta genero horreetako bakotxean Urrezko eta Zidarrezko Mikeldiak emongo dira. Lehiakideen artean sei euskal film dagoz: Renovable (Jon Garaño, Jose Mari Goenaga), Ulises (Aitor Gutiérrez), Hileta (Kepa Sojo), Anónimo (Iván Sokolov), Gure hormek (María Elorza, Maider Fernández) eta Jane, Tarzan ez zen horren guay (Begoña Vicario).

Sail ofizialeko 71 filmen artean, 35 fikzinozko film laburrak dira eta beste 20 animazinozkoak. Ganerako 16 lanak dokumentalaren alorrekoak dira. Dokumentalaren aldeko apustuari eutsi deutsagu, adierazo dau Nekane Alonso Bilboko Udaleko zinegotziak, publikoak gustura hartzen ditu dokumentalak, askotan persona arruntek egindako gauza handiak ezagutzeko bidea dira.

Nazinoarteko epaimahai nagusian honeek egongo dira: Andréa Picard idazle eta kritikari kanadarra, Corina Moldovan-Florea produktore errumaniarra, Krini Kafiris irakasle eta komunikabideen ikerlari greziarra, José Luis Rebollo konpositore bilbotarra eta Virginia García del Pino zinemagile kataluniarra.

Atal ofizial horren barruan, sariketa barri bat izango dau aurten Zinebik, Zinebi First Film (ZIFF). Bertan, orain arte film laburretan ibili diran eta lehenengo film luzea zuzendu barri daben zuzendariek parte hartuko dabe. Nazinoarteko sariketea da ZIFF eta sortzaile gazteei proiektu luzeagoak egiteko bultzadea emoteko asmoz jaio da. Film laburretan ibili eta gero euren ibilbidea film luzeetara bideratu nahi dabenei saltoa egiten lagunduko deutsegu, dino Alonsok. Zinebirentzat be, pausu bat aurrera da ZIFF sortu izana.

ZIFF sailaren estreinako ekitaldian lehiatuko diran opera prima-k honeek izango dira: Rat film (Theo Anthony, AEB), Akher Wahed Fina (Ala Eddine Slim, Tunisia), El futuro perfecto (Nele Wohlatz, Argentina), Anashim Shehem Lo Ani (Hadas Ben Aroya, Israel), Tramontane (Vatche Boulghourjian, Libano), Zhi Fan Ye Mao (Zhang Hanyi, Txina), Albüm (Mehmet Can Mertoglu, Turkia), Donald Cried (Kris Avedisian, AEB) eta Godless (Ralitza Petrova, Bulgaria).

Zinebiko zuzendari Ernesto del Ríok azaldu dauenez, pozik dagoz lehenengo urterako egin daben aukeraketeagaz. Laburretik film luzera pausua egitea garrantzitsua da zinemagileen ibilbidean, azpimarratu dau. Ganera, publikoarentzat aukera ona dala uste dau: Film honeek gehienak ez dira saletan estreinauko eta Bilbora ekarteko aukera ona da. ZIFF atal finkoa izango dala dino eta, hortaz, hurrengo edizinoetan be antolatu nahi dabela.

Ganerakoan, sail ofizialetik kanpoko atalek harribitxi ugari ikusteko aukerea emongo deutsie Bilbo eta inguruko zinemazaleei. Esate baterako, Euskadiko Filmategiagaz alkarlanean, Universitas Deustensis, 10 minutuko montajea emongo dabe. 1943an eta 1944an grabautako irudiak dira eta unibersidadearen inguruko orduko bizimodua erakusten dabe. Honeek irudiak ez dira aurretik ikusi eta aportazino ona izango da, dino Luis Egiraun Zinebiko programatzaileak.

Bilboko Unibersidadearen Zineklubak 1975ean antolatu eban saioko filmak barriro ikusteko modua be izango da. Orduan parte hartu eben zuzendari guztiak izango dira 41 urte geroagoko topaketa honetan, hilda dagozanak izan ezik. Santos Zunzunegik gidatuko dau saioa.

Burdina eta urezko erretratuak bilduman, sasoi bateko Bilboko bizimodua zelakoa zan erakusten daben pieza zinematografikoak aurkeztuko ditu Zinebik. 1902tik aurrerako irudiak dira. Beautiful docs atalean, bestalde, mundu osoko dokumentalen aukeraketa bat egongo da. Alan Griffin australiar bilbotartuari egingo jakon omenaldia, Bertoko begiradak zikloa eta abar be aitagarriak dira.

Larraitz Zuazok zuzendutako Nosotras, mujeres de Euskalduna dokumentalaren estreinaldia izango da Zinebiren beste une gorenetako bat. Euskalduna ontziolea ez zarratzeko burrukan, 1980ko hamarkadan, emakumeek izandako jarrera aitzindaria ikertzen dau lan horrek. Desagertuz doan Bilbo haren zati bat ekarten dau, dino Nekane Alonsok. Estreinaldia BBK Salan izango da, hilaren 19an, 20:00etan.

Zinebiren inaugurazino ekitaldian, zemendiaren 18an, Jaime Chavarriri Ohorezko Mikeldi saria emongo deutsie antolatzaileek. Espainiako zinemagintzan mugarria izan zan El desencanto filma zuzendu eban 1977an eta harrezkero autore-zineman eta generokoan sartuta ibili da, Luis Egiraunek azaldu dauenez. Merezitako omenaldia izango da, dino programatzaileak.

Amaiera ekitaldian, hilaren 25ean, Bahman Ghobadi zinemagile kurduak jasoko dau Ohorezko Mikeldia. Kurduen herria munduari aurkezteko Ghobadik egin dauen lana azpimarratu dau Egiraunek: Ausardia etiko eta estetikoa erakutsi dau.

Nazinoartekoa eta bertokoa batzea, horixe da gure nortasuna, azaldu dau Ernesto del Ríok. Urtean Bilbon egiten diran zinema topaketa eta jaialdien arteko erreferentzia nagusia izaten segidu nahi dau, beraz, Zinebik. Garapen teknologiko handia egon dan arren, guk ekarten doguzan film asko topetea ez da erraza ikusleentzat, ganera guk pantaila handian ikusteko aukerea emoten dogu.

Eta Zinebik aurten dakarren guztia gitxi balitz, jaialdia hasi aurreko zazpi egunetan Pre-Zinebi zikloa antolatu dabe. Campos antzokian programazino berezia egongo da eta ikus-entzunezko sektorearen ekarpenak aurekztuko dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu