Ekialdeko komikia dator Getxora astegoienean
2016-11-10 08:25 KultureaAstegoienean, hilaren 12an eta 13an, ekialdeko kulturea izango da protagonista Getxon, Manga Jaialdiaren eskutik.
Astegoienean, hilaren 12an eta 13an, ekialdeko kulturea izango da protagonista Getxon, Manga Jaialdiaren eskutik. Bi egunez, Areetako Geltokiko Plazan gune komertziala kokatuko da, 20 salmenta postuz eratua. Bertan, argitaletxeen lan barriak, anime-filmak (japoniar animazinoa), bookart-ak eta merchandising ugari egongo da eskuragarri. Ganera, jaialdi osoan zehar hainbat jarduera egingo ditue. Esparruaren ordutegia honako hau izango da: 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 21:00etara.
Aurtengo jaialdiaren egitaraua Tarasu manga-alkarteak antolatu dau, beste kolektibo batzuekaz alkarlanean, Artist Alley, Motsukora, Aiko eta ALE, hain zuzen be. Urtero legez, jarduera ugari izango dira bi egunetan eta horreetan publikoaren parte-hartzearen aldeko apustua egin dabe antolatzaileek.
Lehiaketa eta txapelketa atalean nabarmendu behar da bideo-jokoen txapelketea. Aurten League of Legends (bat baten kontra eta bost bosten kontrako kategoriak) eta Hearthstone jokoak hautatu dira lehiaketea egiteko. Ez dira faltako lehiaketa klasikoak, berbarako, cosplay (mozorroak), Otaku Talent (anime edo manga zalerik onena saritzen dauen lehiaketea), karaoke eta jantza txapelketak.
Tailerrek be aparteko garrantzia izango dabe aurtengo jaialdian, izan be, bisitariek Japoniako tradizinozko jokoak (GO, adibidez) ezagutzeko, manga-komikiaren ilustrazinoa egiteko edota papercrafta (papelezko figurak hiru dimensinotan) ikasteko aukerea izango dabe. Era berean, 3D animazinoa, gozokigintzea, fantasia-makillajea, Cosplay-erako EVA gomazko objektuak eta bideojoko-diseinua egiteko tailerrak be egongo dira, besteak beste.
Berbaldi eta mahai-inguruei jagokenez, aurten gai ugari jorratuko dira, berbarako, bideo-jokoen sorkuntzea Euskadin, bideo-jokoen narratiba eta diseinua eta cosplay-a.
Aurtengo egitarua honako jarduera honeekaz borobilduko da: Full Metal Harmony-ren kontzertua, lolita-jantzien desfilea, kimonoak jarteko eta arte martzialen (aikido eta iaidoa) erakustaldiak eta aurtengo manga-artista konbidadua dan Ryota Hayatsu japoniarraren berbaldia. Berbaldian bakarrik ez, beste ekitaldi batzuetan be parte hartuko dau Hayatsuk jaialdian zehar, esaterako, ilustrazino-tailerrean.
Manga Jaialdia: Sarrerea: 3,00 € (dagoeneko salgai)
Saltokiak:
- Kutxabankeko orotarako kutxazainetan zein webgunean.
- Algortako Kultur Exea (Villamonte, A-8) Tel. 94 491 40 80 (Algortako Kultur Exea).
- Areetako Geltokia plazako karpako txarteldegian.
Oharra: Egun bakotxeko sarrerak bereizita salduko dira eta, sarrerak erosikeran ordutegia be hautatu behar da (goizez/arratsaldez). Karpatik urten eta gero barriro sartu nahi izatekotan, beste sarrera bat erosi behar da.
Aulkitxoak edo kotxeak erabiltzen dituen umeek ez dabe ordaindu behar sartzeko.
Ezin da animaliakaz sartu jaialdira, itsu-gidariak diran txakurrak izan ezik.
Jaialdi-esparruan komunak egongo dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!