Txinako modearen gorabeherak

Zigor Aldama 2016-11-09 13:46   Bidaide

Bultzakadak, txilioak, garrasiak, bekozko ilunak eta urduritasuna nagusi. Ordu lauren baino ez da falta Shangháiko Moda Astea zarratuko dauen Ji Cheng-en desfilea hasteko eta diseinatzaile txinatar ospetsuaren lantaldea oso lanpetuta dabil.

Bultzakadak, txilioak, garrasiak, bekozko ilunak eta urduritasuna nagusi. Ordu lauren baino ez da falta Shangháiko Moda Astea zarratuko dauen Ji Cheng-en desfilea hasteko eta diseinatzaile txinatar ospetsuaren lantaldea oso lanpetuta dabil. LED linternak edota eskuko telefonoetako argiak erabilita estetizistak lanean dabiz modeloen makillajeetan azken ukutuak emoten eta, era berean, beren-beregi kontratautako etxekoandre talde bat sano adruratuta dabil datorren urteko udabarri-uda sasoiko erropa bildumeari ahalik eta distira handiena emoteko. Jostorratz bat hemen, puntada bat han eta plantxeagaz azken errepasoa, prisakaz inor erre barik.

Eszenatokiaren beste aldean, chill out musikea entzuten da eta konbidautako 600 lagun baino gehiago hasi dira sartzen, bardin bako jantzi dotore-dotoreen erakustaldian. Txinako jet set barria da, enpresaburuak, blogariak, aberats barriak zein herrialdearen mirakulu ekonomikoaren epeletan ugaldu diran politikoak. Modeloen ibiltokiaren alboetan, zeharretara jarritako jesarlekuak bete ahala, azken belaunaldiko eskuko telefonoak patrikeratik atera eta ikuskizunaren zain geratzen dira. Argiak eta musikea amatau eta isiltasunean, argi bakarrak ibiltokiaren hasierea argiztatzen dau. Geldiro-geldiro, modeloen joan-etorri magikoagaz zein kafearen fibrak lako material berziklautakoakaz egindako jantzi abangoardistakaz zurtz eginda geratzen dira ikusleak. Horixe da nire nortasunaren ezaugarria adierazo dau Ji Cheng diseinatzaileak.

Ji Cheng, Milángo Marangoni Ikastegiko ikaslea izan zan eta moda independentearen mundu gogorrean emon zituan profesional mailako lehenengo pausuak La Vie izeneko markeagaz, modeak Txinan hartu dauen upealako indarraren erakusgarri. Hasieran, Txinari mundua zabaldu jakonean, herritarrek atzerriko marka karuenak eskatzen zituen; aberats barriak, besteak beste, Gucci edo Louis Vuitton lako marken bila ibilten ziran. Gaur egun, barriz, hasierako snob fasea gaindituta, Txinako bezeroek produktu esklusiboak gura ditue. Gazteek gauza barriak probau gura ditue, akaso, mendebaldeko bezeroek baino gehiago. Ganera, euren eretxiz, Europako enpresa tradizionalak zaharkituta geratu dira.

Li Bai bat dator aitatu mezuagaz. Izan be, oraintsu moda independentearen sektorean sartu da, batez be, lekuan lekuko bezeroek hartu daben jarrereagaitik. Urteak emon nituan Txinako fast fashion-aren ikur zan multinazional batean eta badakit nire sormena mugatuta egoala. Baina oraintsu konturatu nintzan Txinak aukerak eskaintzen deutsezala estilo desbardinen alde egiten dabenei adierazo dau joskinak. Ji Cheng-en helburua eta neurea be bai azken aldion susperraldi handia izan daben eta gastetako dirua daben erdi mailako herritarrak dira eta ez horrenbeste diru gehien dabenak.

Kontuan hartu behar da, AEBetan edo Europan kontrakoa bada be, Txinan modea konsumiduten dauen bezeroa oso gaztea dala, % 60 inguru 35 urtetik beherakoa da eta gero eta gehiago gastetan dau. Igaz, batez beste, 2.000 yuan (270 euro) gastau zituen erropa eta zapatak erosteko Txinako urietan bizi diran herritarrek. Txinan, danetara, urtean 150.000 miloe euro baino gehiago mobiduten dira modearen negozioan eta urtean % 10eko igoerea izaten da aitatu kopuruan. Gauzak holan dirala, laster Txina lehenengo indarra izango da modearen sektorean.

Horrezaz gan, apurka-apurka Txinan indarra galtzen doa Made in China etiketea eta diseinatzaileen belaunaldi barria, ostera, indar handiz sartzen doa. Horren erakusgarri, Frankie Xie dogu, 2006an, lehenengo diseinatzaile txinatarra izan zana Pariseko ibiltokian. Ez da erraza Europako diseinuaren mailan egotea eta azken hamarkadotako lanaren ondorioz n sustraiak sakon dituen puntako merkataritza-guneei aurrea hartzea autortu dau. Halan da be, Jefen markearen sortzaileak adierazo dau gaur egun bera lako sortzaileek momentu gozoa bizi dabela mundua Txinaren susperraldiari begira baitago. Hori bai, inflexino egoereak dakarren ez atzera ez aurrerako fase horretan, Ji Cheng-ek bere txinatar sustraia argi dauen bitartean, Li Bai-k eta Xie-k, ostera, ez dabe egoerea hain argi ikusten. Goizegi da, akaso, sasoi batean Europako estiloa egon zan moduan, egun Txinako estiloa dagoala esateko. Mundu globalizatuan bizi gara eta eragina jasoten dogu alde guztietatik. Mestizoak gara. Nazinoarte mailako bizimodua darabilgu eta onerako edota txarrerako gauza guztietan gero eta buztarketa handiagoa dago. Beraz, Txinako marka desbardinen ardurak izan beharko litzatekez arimadun erropak eta egitura sendoak sortzea adierazo dau Li Bai-k. Modea ia-ia Europako kultur ondarearen kontzeptua baino ez da. Txinan mendebaldeko ereduei jarraituz jazten da jentea eta antxineko dinastien eraginik ez da inondik inora atzemoten. Hori onartzea besterik ez jaku geratzen dino Xie-k.

Ren Chunhua-k be uste dau XXI. mendeko Txina tradizino eta estilo askoren buztarketea dala egun; Galatea, diseinu saileko zuzendaria da bera, emaztegaien jantziak egiten dituan Txinako lehenengo markako zuzendaria. Negozio familiarra gara, jostundegi bat eukan nire aitak abiarazotakoa. Orain hamar bat urte hasi ginan eta beste askoren antzera, kanpora saltzen genduan ia dana. Fase horretan ikasi genduan dakigun guztia baina onartu behar dogu mendebaldearen atzetik goazela arlo honetan.

Baina Galatea markearen bezeroak eta AEBetakoak sano desbardinak dira. Txinako emakumea desbardina da, neurriz txikiagoa da eta proportzinoak be goitik behera desbardinak, bularralde eta aldaka txikiagoakaz eta abar. Jarreraz be konserbadoreagoak dira nahiz eta Shanghain, berbarako, jantzi sexyagoak eskatu azaldu dau. Horregaitik, akaso, Galateagaz desfiletan daben modeloek aingeru-arpegiak ditue.

Duda barik, Txinako enpesa askoren jomugan atzerriko merkatuak dagoz. Baina badakie jakin arazo handiak dagozala tartean. Ji Cheng, berbarako, 2012. urtean, Londresen bidea urratzen ahalegindu zan gero bertatik Europako ganerako herrialdeetara salto egiteko amesagaz. Ez zan erabagi zuzena izan. Segurutik goizegi heldu gara azaldu dau. 2014an zarratu egin behar izan eban. Orain, barriz, Japonian egin gura dau ahalegina, antzeko kulturea dauen herrialdean, hain zuzen be. Li Bai-k, barriz, nazinoartera salto egin baino lehen, etxean oinarri sendoa behar dala pentsetan dau. Txinan indarra hartzen badogu munduan ezagunak izango gara. Txinak eten barik bizi dituan aldaketak aztertu eta zentzunezko pausuak emon behar doguz. Eta ez da erraza.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu