Zentsura At! jaialdia, hilaren 12ra arte Bilbon, Getxon eta Andoainen

Bizkaie! 2016-11-09 10:21   Kulturea

Zentsura artistikoa salatzen dauen Zentsura At! jaialdiaren hamaikagarren edizinoak erakusketak, proiekzinoak eta kontzertuak dakarz Bizkaira eta Gipuzkoara.

Kontzertuak dira Zentsura At! jaialdiaren funtsa. Halandabe, gogoetea bultzatzeko beste jarduera asko be badagoz egitarauan: Berbaldiak, mahai-inguruak, erakusketak, proiekzinoak eta abar. Modu horretara, artista askok jasaten daben zentsurea agirian itxi eta salatzeko helburua bete gura dabe antolatzaileek.

Gaur eta bihar, BBK Salan, eztabairadako txokoa egongo da. Grezia eta zentsura izango da lehenengo eguneko gaia eta, bigarrenean, 1981eko zezeilaren 23ko gertakarien ingurukoa izango da saioa. Hainbat aditu batuko dira mahai-inguruotan, hedabideetako ordezkariak, abogaduak eta politikariak tartean.

Erakusketa nagusi bi dakarz Zentsura At! jaialdiak aurten. Lehenengoa ikusgai dago dagoeneko, zemendiaren 15era arte, BBK Salan bertan. 1981ko zezeilaren 23agaz lotuta, egunkariek argitaratu zituen azalen bildumea da. Beste erakusketea etorkinen sufrimenduaren eta zentsurearen ganekoa da eta Bilboko Ondare aretoan egongo da, abenduaren 14ra arte. Olmo Calvo fotokazetariaren argazkiak batzen dira hor.

Kontzertuei jagokenez, Maider Legarretak emongo dituan kontzertu didaktiko biak aitagarriak dira. BBK Salan emongo dau zemendiaren 9koa (12:00etan) eta Getxoko Andres Isasi musika eskolan 10ekoa (12:30etan). Era berean, Los Chikos del Maíz, Victor Heredia eta Valentina Lisitsaren doinuak be entzun ahal izango dira.

Ekitaldi gehienak Bilbon eta Getxon antolatu diran arren, Zentsura At! jaialdia Gipuzkoara be helduko da hamaikagarren edizino honetan. Andoaingo Bastero kulturgunean Newen Mapuche ikus-entzunezkoa ikusi ahal izango da gaur, hilak 9. Maputxe herriaren inguruko dokumentala da eta haren egilea, Elena Varela, kartzelan egon zan film hau egin nahi izateagaitik. Kartzelatik urten eta gero, baina, zentsurea gainditu eta dokumentala amaitu eban.

Zentsurea jasan daben personei emoten jaken saria Ali Ferzat-ek jasoko dau. Karikatura politikoa egiten dau marrazkigile siriar horrek. Siriako eta nazinoarteko egunkarietan 15.000 karikatura inguru argitaratu ditu. Bakearen Sakharov saria irabazi eban 2012an.

Zentsurat At!-eko egitarau osoa, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu