Danetariko musika estiloak dakarz Bilbora 'VII. Mila Musika Haria' zikloak

Bizkaie! 2016-11-09 10:39   Musikea

Bilboko Udalak, Gitarrearen eta Harizko Instrumentuen inguruan antolatu dituan VII. Topaketak, hilaren 11tik aurrera, arratsaldeko 19:30ean izango dira, Abando-Barrainkuako udaltegian, eta sarrerea librea izango da, leku guztiak bete arte.

Gitarraren eta harizko musika tresnen zaletuek eta jarraitzaileek, gitarrearen eta harizko musika tresnen inguruan sortzen diran musikei eskainitako Mila Musika Haria zikloaren zazpigarren edizinoaz gozau ahal izango dabe datorren barikutik, zemendiaren 11tik, aurrera. Bilboko Udalak antolatutako ekimenak bost kontzertu jasoko ditu zemendiaren 25era arte, Abando-Barrainkuako udaltegian.

Gitarrearen eta harizko musika tresnen inguruko topaketek, musika latinoamerikarra, Afrikako soinuak, jazza edo fingerstyle izenez ezagutzen dana jasoten dituan programazio anitza eskainiko dabe.


Egitaraua, zemendiaren 11n, hasiko da, Enekora afrikar musikea egiten dauen taldeagaz. Eneko Larrañaga musikari zestoarrak Afrikako eta berak egindako melodiak euskereagaz buztartzen ditu, bere errepertorioa, koraren melodietan (jatorriz Senegalekoa eta Gambiakoa dan eta kalabaza erdiz egiten dan harpa tradizionala erabiliz) erritmo bizietan, proiekzinoetan eta jantzan oinarritzen dauen banda bereziagaz, dardarea sortzeko moduko kontzertu ederrean.

Mila Musika Haria programako bigarren kontzertua zemendiaren 15ean izango da, David Ekai Bilbaomusika Eskolako gitarra irakasleagaz eta Jordi Ripoll Bilbaomusika Bandako fagot bakarlariagaz. Hasieran intimistea eta kolorez betetakoa izango dan eta ondoren gitarrearen errepertorioko lan garrantzitsuenakaz jarraituko dauen programea eskainiko dabe.

Zemendiaren 18an, musika latinoan espezializauta dagoan eta guatxaraka, marimba, bongoak edo marakak lako musika tresnak erabilten dituen Los Castos taldearen txandea izango da. Kontzertu honetako soinuak eta errepertorioa musika afrokaribearrak (cumbia, vallenatoa), eta ipar lurraldekoak (boleroak, rantxerak) dira, betibe zorroztasunez eta freskotasunez interpretauta.

Zemendiaren 24rako sorkuntza topaketea atondu dabe Alberto Goicoechearen (gitarra akustikoa) eta Miguel Elezcanoren (baxu elektrikoa) artean, harien arteko alkarrizketarako gunea, musikari bakotxak lantzen dauen fingerstylearen teknika eta estilo enblematikoenak erakutsiz.

Aurtengo edizinoa zemendiaren 25ean zarratuko da, XX. mende hasierako Pariseko manouche jazza edo gipsy jazza izenez ezaguna dan estiloko musikea fideltasunez joten dauen Apodaka Quartet taldeagaz. Kontzertu guztiek sarrera librea izango dabe, leku guztiak bete arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu