Nobela 'psikologiko errealistea' idatzi dau Mikel Hernandez Abaituak
2016-11-09 08:32 KultureaLiteratura iruzur bat eta maitasun istorio bat buztartzen ditu Hernandez Abaituak Airearen isla liburuan (Elkar). 15 urtean idatzi dauen lehenengo nobelea da.
Irrati-esatari bat da Hernandez Abaituaren nobela barriko protagonistea. Autobus gidari bat ezagutu dau esatari horrek eta maitasun istorio bat hasteko bideari ekingo deutso. Ganera, editore literario izateko aukerea sortuko jako. Holan, bere amesa bete ahal izango dau, baina lan horrek be gorabeherak ekarriko deutsaz, iruzur literarioak tarteko.
Nobela psikologiko errealistea da Mikel Hernandez Abaituaren Airearen isla, giza harremanetan zentratua baina idazleen munduko trapu zikin batzuk ezagutzeko aproposa, Elkar argitaletxeak azaldu dauenez. Erritmo pausatua daukan arren, gertakariek aurrera egin ahala irakurlea harrapauko dabe.
Egitura klasikoa emon deutso Hernandez Abaituak nobeleari. Ganera, pertsonaiak sekula baino gehiago landu dituala dino. Errealidade ikutu handiko nobela psikologikoa dala adierazo dau idazleak.
Ganera, nobelan aitatzen dan iruzur literarioa benetan jazotako kasu batetik hartu dau Hernandez Abaituak. Orain arte erdi-ezkutuan egon dan gertakari hori argitara ekarri nahi izan dau. Halandabe, ez dau izen errealik sartu, iruzurraren protagonistea hilda dagoalako eta pakean itxi nahi dauelako.
2001ean idatzi eban azkenengo nobelea, Ohe bat ozeanoaren erdian, Mikel Hernandez Abaituak (Gasteiz, 1959). Harrezkero, beste nobelarik idatzi barik egon da, 15 urtez. Beste genero batzuk landu ditu aldi horretan, saiakerea batez be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!