Inprobisazinoaren ganeko 'Mundu bat ahoz aho' dokumentala aurkeztuko dabe Durangon
2016-11-08 12:55 BertsolaritzeaMintzola Ahozko Lantegiak garatutako eta Lankuk produzidutako ikus-entzunezkoa abenduaren 3an proiektauko dabe lehenengoz, Durangoko Azokan.
Mendez mende, idatziz gorde eta transmitidu da historia ofiziala baina, Mintzolak eta Lankuk gogoratu dabenez, historia ofizial horren ertzetan badira beste ahots batzuk be. Ahoz aho zabaltzen da jakintza hori, sarritan inprobisazinoa erabilita. Munduko txoko bakotxean forma eta ahots ugari hartzen ditu kantu inprobisaduak eta hori da, hain zuzen, Mundu bat ahoz aho dokumentalaren ardatza.
Zazpi herrialdetako sortzaileen ahotsaren bidez, ezkutatutako ahotsak ezagutzeko aukerea emoten dau dokumentalak. Munduko hainbat tradizino ezagutzera emoteaz gan, kultura bakotxak emakumeen presentziaz eta transmisinoaz dauen ikuspegia be jorratzen da. Sortzaileen esperientzia eta bizipenak izango dira horretarako bidea.
Honeek zazpi kulturak agertzen dira ikus-entzunezkoan: Euskal Herritik Maialen Lujanbio, Galestik Karen Owen, Kataluniatik Mireia Mena, Kubatik Yunet López, Kurdistanetik Zinar Ala, Mexikotik Las Alondras hirukotea (Diana Laura Hernández, Dana Sofía Limón eta Rebeca Limón) eta Sardiniatik Simone Monni.
Durangoko Azokan proiektauko da lehenengoz Mundu bat ahoz aho, abenduaren 3an, goizeko 11:30ean. Ganera, Bertsozale Alkartearen eta Lankuren erakusmahaian erosi ahal izango da DVDa. Ondoren, herririk herri ibiliko dira Mintzola eta Lanku, dokumentala erakusten. Proiekzinoa antolatu nahi dauenak Lankura jo leike, email bidez.
Mundu bat ahoz aho dokumentala ez da bertsozaleek Durangon topauko daben nobedade bakarra. Izan be, Bertsozale Alkarteak aurreratu dau, Xabier Amurizak aspaldi idatzitako Hiztegi errimatua berrargitaratuko dauela. Gaurkotuta eta Andoni Egañaren hitzaurre eta guzti dator edizino barria. Bertsolaritzan erreferentziazko lana da Amurizaren hori, baina aspalditik agortuta egon da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!