Ramon Saizarbitoriarentzat Gipuzkoako Urrezko Dominea
2016-11-08 11:05 KultureaIdazle donostiarraren ibilbide oparoa sarituko dau Gipuzkoako Foru Aldundiak. Literatureari eta euskera batuari egindako ekarpenak aintzat hartu ditue izendapenerako.
Igaz Juan Antonio Urbeltzek jaso eban Gipuzkoako Foru Aldundiak emoten dauen saririk garrantzitsuena eta 2014an, Benito Lertxundik. Aurten Ramon Saizarbitoria aukeratu dabe. Gipuzkoar guztien izenean emongo deutsie Urrezko Dominea donostiarrari. Saizarbitoriak alor bitan egindako ekarpena nabarmendu dau Foru Aldundiak: Batetik, euskera batua danontzako eredu linguistiko bihurtzeko egindako ahalegina eta, bestetik, gaur egungo euskal literatureari egin deutsan ekarpen izugarriagaitik.
Izan be, Ramon Saizarbitoria euskal literatura modernoko aitzindarietako bat da. Batez be, nobelak idazten nabarmendu da. Lehenengoa, Egunero hasten delako, 1969an plazaratu eban eta gaur egun oraindino segitzen dau idazten, igaz argitaratutako Lili eta biok lekuko. Bi bidar irabazi dau Euskadi Literatura Saria: 2000n Gorde nazazu lurpean-egaz eta 2013an Martutene-gaz.
Sariaren barri zabaldu eta berehala, Saizarbitoriak berak Euskadi Irratia komunikabide publikoan adierazo dau harrituta jaso dauela barria, sorpresea izan dala beretzat. Bere belaunaldiko euskal idazle guztiak gogoan hartu ditu eta uste dau talde guztiari emondako saritzat hartu behar dala Gipuzkoako Foru Aldundiarena. Saizarbitoriagaz batera, Arantxa Urretabizkaia, Anjel Lertxundi eta abar dagoz euskal letretan eragin sakona izan dauen belaunaldi horretan.
2016ko Gipuzkoako Urrezko Dominea abenduaren 15ean emongo deutsie Saizarbitoriari, diputazinoaren Donostiako egoitzan egingo dan ekitaldian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!