Hiru liburu labur idatzi ditu Irati Jimenezek, bakotxa kontzeptu baten oinarrituta
2016-11-07 13:00 KultureaTxalaparta argitaletxeagaz plazaratu dau lan hirukotxa idazle bizkaitarrak. Odola, Gatza eta Muxua dira izenburuak.
Nabarra aldizkariko zuzendari zanean (2010ean eta 2011n) Irati Jimenezek egiten eban ariketa baten dauka abiapuntua proiektu honek. Berba bat hartu eta haren ganeko erreportajea idazten eban. Objektuak, koloreak, sensazinoak... ziran horreek kontzeptuak. Horreetako hiru erreportaje hartu, osotu eta liburu formatuan argitaratu ditu Jimenezek orain.
Kaleidoskopio bategaz alderatu dau liburu hirukotxa Irati Jimenezek. Txikitako olgetak gogoan, berbak kaleidoskopioan sartzen dituala dino. Berbak beste modu baten begiratu eta zer gertatzen dan ikustea gustuko dauela dino idazleak. Odola, Gatza eta Muxua liburuetan horixe egin dau. Nabarran argitaratutakoa osotu, egokitu eta editau egin dau, hiru liburu laburretan argitarazeko moduan.
Lehenengo liburuaren kontzeptua aukeratzeko (Odola) ez dau zalantza handirik izan autoreak. Nabarrako saila be berba horregaz hasi eban. Literaturearen eta odolaren arteko hartu-emona aspaldikoa eta oparoa izan dala dino. Euskal literaturan be ez dira faltau odolaren ganeko aitamenak.
Kontzeptu bakotxa, ikuspegi literario eta personaletik ez eze, ikuspegi zientifiko, ekonomiko eta historikotik landu dau Jimenezek. Esaterako, Gatza liburuan, mineral horrek (jaten dan harri bakarra, dino autoreak) gizakiaren historian izan dauen pisua agertzen dau. Ekonomian, esaterako, eragin handiko ondasuna izan da gatza. Horren erakusgarri, 1631n Bilbon jazotako Gatzaren matxinadea dakar gogora.
Musua berbeari be leku askotatik heldu deutso Irati Jimenezek. Hasteko eta behin, gorputzarentzat zer dakarren mosuak, zenbat gihar mobiduten diran mosua emoten dogun bakotxean. Bestetik, aitatu dau maitasun erromatikoa lantzen daben ipuin tradizionaletan zelako garrantzia dauen mosuak.
Liburuaren alderdi grafikoaz Esteban Montorio arduratu da. Diseinu arin eta koloretsua emon deutse hiru liburuei. Nabarra aldizkariaren diseinua be landu eban Montoriok, argitalpen haren azken urteetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!