Abesti asko baina zehatzak dakarz Zea Maysek 'Harro' disko barrian

Dabi Piedra 2016-11-03 13:45   Musikea

Datorren urtean 20 urte beteko ditu Bilboko laukoteak eta orain arte egindakoaz eta bidean topau dituen laguntzaileakaz harro dagozalako ipini deutsie izen hori diskoari.

Zea Mayseko lau kideak: Rubén González, Aiora Renteria, Iñaki Imaz 'Piti' eta Asier Basabe | Ikusi handiago | Argazki originala

Hamabost abesti sartu ditu Zea Maysek Harro diskoan, ohi baino gehiago. Dana dala, oraingoan abestiak eurak laburragoak dira, mezura zuzenean jo nahi izan dabelako. Sekula baino kanta gehiago sartu doguz, baina diskoa laburra da aurrekoakaz alderatuta, 52 minutu ingurukoa, zehaztu dabe taldekideek, hariari hobeto heltzen ahalegindu gara. 2013an argitaratutako Da lana baino helduagoa da Harro, Zea Maysekoek dinoenez.

Estiloaren aldetik be aldaketa batzuk dakarz disko barriak. Orain arte, abestiak sortzeko eta grabetako orduan, teknika klasikoak erabili ditue baina, oraingoan, teknologia barriek emoten dituen baliabideak probetea erabagi dabe. Konposizinoan sintetizadoreak eta programazinoak erabilita, freskurea lortu dabela dino Aiora Renteria taldeko abeslariak. Horrek kantetako modua aldatzera behartu dauela azaldu dau, sintetizadorearen soinura egokitzeko.

Abesti labur eta zuzenagoak, sintetizadoreen pisua... aldaketa ugari dakarz, beraz, Harro-k. Nahita egindako aldaketak izan dirala dinoe Zea Maysekoek, gauza barriak probetea onuragarria dala uste dabelako. Beti gauza bardina joten ibili beharrean, garapen bat nahi dabe euren ibilbidean. Azalpena be emon dabe: Badakigu mundu guztiari ezin jakola gustau aldaketea, batzuek esaten deuskue hasikerako Zea Mays gustetan jakela, baina geuretzat egin dogu aldaketea, ez besteak gustura geratu daitezan.

Diskoei izenburuak ipinteko orduan, esangura bereziak daukiezan berbak aukeratzen ditue beti Zea Maysekoek, gogoeta sakona eginda. Mobiduko gaituen kontzeptu bat bilatzen dogu, aurrera egiteko motibazinoa izango dana, azaldu dau Iñaki Imaz Piti taldekideak. Euren ibilbideko zortzigarren disko honen izenburua aproposa da lau kideek sentiduten dabena adierazoteko, egindakoaz harro dagozala dinoe eta.

1997an sortu zaneko lau taldekideek segiduten dabe Zea Maysen eta horregaitik harro dagozala dinoe. Talde bat garelako harro gagoz, lau lagun gara, hasikeratik alkarregaz, dino Asier Basabe kideak. Urteotan bidean topautako laguntzaileakaitik be harro dagozala dino Aiora Renteriak: Guk diru askorik ez dogu banatzen eta halandabe ikusten dozu jente asko guri laguntzeko bete-betean lanean. Oraingoan be, kolaborazino ugari izan ditue. Esate baterako, Doctor Deseo taldeko Raúl Lomasek tekladua jo dau diskoko kanta batzuetan. Love of Lesbian-eko Santi Balmesek, ostera, ahotsa ipini dau Orain abestian, berak euskeraz ez dakien arren.

Da diskoagaz arrakastea euki eban formuleari eutsi deutsie Harro-n be: Urdulizeko Tio Pete estudioetan egin eben grabazinoa, ondoren Londresen Dave M. Allen-ek daukan Studio 7 etxean egin zituen moldaketak. Jose Lastra izan da produktorea. Urtarrilean hasi ziran kantak sortzen eta udan grabau eben diskoa. Hori bai, aurreko diskoetan autoprodukzinoaren alde egin eben eta, oraingoan, Garden Records izeneko zigilua sortu dabe. Geure zigilua da, gure diskoentzat baino ez, ez dogu besteen diskoak produziduteko zeregin horretan sartu nahi, zehaztu dau Renteriak.

Datorren urtean 20. urteurrena beteko dau Zea Maysek eta hori be bada harro egoteko arrazoia. Badaukaguz sorpresa batzuk 2017rako gordeta, esan dau Iñaki Imazek. Da diskoa aurkezteko birako azken kontzertua, Kafe Antzokian kolaboratzaile ezagunen laguntzinoaz emondakoa, bideoan grabauta daukie eta horreek irudiak zabaltzea izango da urteurrena ospatzeko moduetako bat, baina askoz gehiago ez dabe aurreratu.

Harro diskoa aurkezteko birea asteburu honetan bertan hasiko dau Zea Maysek. Barikuan, zapatuan eta domekan kontzertu bana emongo dabe, baina ez dabe esan non. Areto txikiak izango dirala baino ez dabe aurreratu. Kontzertu bakotxaren bezperan esango dabe hitzorduaren lekua, sare sozialen bidez, sorpresea handitzeko. Ondoren, zemendiaren 12an Bartzelonan joko dabe, 16an Madrilen eta 26an Iruñeko Zentral aretoan. Abenduaren 1ean Gasteizko Jimmy Jazzen izango dira, 3an Durangoko Plateruenan, 10ean Baionako Zizpa gaztetxean eta 15ean Donostiako Intxaurrondon.

Diskoa bera, dendetan, kontzertuetan eta interneten egongo da eskuragai. Aurreko disko batzuetan, banaketa modu bereziak erabili ditue (adibidez, kontzertuetan bakarrik saltzea), baina oraingoan bide arruntagoak aukeratu ditu Zea Maysek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu