Etxepare Institutuaren Euskera eta Euskal Kultura irakurletzea Habanan, Joseba Sarrionandia gidari dala
2016-11-03 08:32 KultureaKubako La Habanako Unibersidadeagaz akordioa egin dau Etxepare Euskal Institutuak irakurletza barria sortzeko. Zemendiaren 22an hasiko da martxan.
Joseba Sarrionandia idazle bizkaitarra izango da Habanako Unibersidadeko programa barri horretako irakurlea. Pott Bandako kidea izan zan eta kartzelan egon zan gero. Aspalditik erbesteratuta eta ezkutuan bizi da Sarrionandia, 1985ean kartzelatik ihes egin ebanetik hain zuzen. Halandabe, atzerrian dagoala, liburu ugari idatzi ditu eta gaur egungo euskal letretako izen ezagunenetako bat da. Euskadi Literatura Saria irabazi eban 2011n, Moroak gara behelaino artean saiakereagaitik.
1985etik lehenengo aldiz, horrenbestez, Joseba Sarrionandia publikoaren aurrean agertuko da. Euskadi Sarien harira, Espainiako Audientzia Nazionalak azaldu eban idazlearen kontrako auzirik ez dagoala dagoeneko. Aukeraketeari jagokonez, Etxepare Institutuak zehaztu dau hautagai ugari aurkeztu zirala Habanan irakurle izateko, tartean Sarrionandia. Prozesu zorrotz baten ostean aukeratu dabe posturako.
Programa akademikoa zehazteko eta erakusteko ardurea izango dau Sarrionandiak Kubako uriburuan, Etxepare Institutuak azaldu dauenez. Euskera eta Euskal Kultura Irakurletzeagaz lotutako ganerako jarduerak antolatzen be ibiliko da.
Zemendiaren 22an hasiko da irakurletzea, Euskera hizkuntzearen historia ikastaroari egun horretan ekingo jako eta. Euskerearen historia lexiko-gramatikala eta soziala aztertuko da hor, Neolitikotik gaur egunera arte.
Hurrengo asteetan ekintza gehiago egongo dira: Asier Altuna zinemagileak Amama filma aurkeztuko dau abenduaren 5ean eta euskal literaturaz berbaldia eskainiko dau Mari Jose Olaziregik hil horren 15ean. Kubaren eta euskaldunen arteko hartu-emonak be aztertuko dira. Esaterako, Blas de Oterok eta Jose Antonio Agirrek Kuban egindako egonaldiak jorratuko dira.
Horrezaz gan, Kubako euskal komunidadeari zein euskal kulturaz zeozer jakin gura dabenei baliabideak eskaintzeaz be arduratuko da Etxepareren irakurletzea. Habanako Unibersidadean bertan ipiniko dabe Euskal Bibliotekea, uriko euskal komunidadeak emondako 2.000 alegaz baino gehiagogaz. Zine-forumak, aldizkaria eta abar be badagoz asmoen artean.
Era berean, irakurletzeak egoitza finkoa eskainiko dau jarduera akadamiko eta kulturalak antolatzeko, euskal kulturea ikusgarri bihurtuta. Besteak beste, Kubako euskal alkarteakaz eta 1877an sortutako Asociación Vasconavarra de Beneficencia erakundeagaz alkarlana bultzatuko da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!