Euskaltzaindiaren Zuzendaritzeak beste lau urtez jarduteko Osoko Bilkurearen konfiantzea jaso dau

Bizkaie! 2016-10-28 13:44   Kulturea

Akademia modernoa eta hurrekoa behar dau euskereak, eta horreek dira gure etorkizuneko asmoak: erabiltzailearengandik gertu egon, Akademiaren etxeko ateak gizarte guztiari zabaldu, zorrotz jokatu eta gure zerbitzu bokazinoa areagotu, esan dau Andres Urrutiak.

Andres Urrutia Osoko Bilkurara konbidatuak izan diran Arango Okzitanierako Akademiako kideak agurtzen | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskaltzaindiaren Zuzendaritzeak beste lau urtez jarraitzeko Osoko Bilkuraren konfiantzea jaso dau, gaur, goizean Bilboko egoitzan egin dan batzarrean. Gaurko Osoko Bilkuran, besteak beste, datozen lau urtetan Euskaltzaindiaren jarduna gidatuko dauen lantaldea aukeratu da, eta euskaltzainek Andres Urrutia berretsi dabe euskaltzainburu karguan. Aurrerantzean be, bere ondoan izango dira orain arte Akademiako Zuzendaritzako kideak izandakoak, hau da, Xarles Videgain (buruordea), Xabier Kintana (idazkaria), Sagrario Aleman (diruzaina), Adolfo Arejita (Iker sailburua) eta Jean-Baptiste Coyos (Jagon sailburua).



Erabagia jakin ostean, Zuzendaritzeak adierazo dau bere lehen egitekoa izango dala orain arte indarrean egon dan Plan Estrategikoa balorau eta Plan Estrategiko barria zehaztu. Horrezaz gan, azken urteotako ildoari jarraituz, Akademiak egiten dituan lan eta ikerkuntza-proiektuak gizarteratzea, alkarte-erakundeen arteko hartu-emonak indartzea (batez be euskerearen eremuan lanean dabizanakaz) eta erabiltzaileen beharrei eraginkortasunez erantzutea izango dira 2017-2020 aldirako lehentasunak.

Era berean, ezin ahaztu Zuzendaritzearen agintaldi barriak Akademiaren mendeurrenagaz bat egingo dauela. Urtemugearen inguruabarrean, Euskaltzaindiak euskerearen batasuna indartzeko, hiztun-alkartea berrosotzeko eta euskerea indarbarritzeko erronkak aztertuko ditu. Akademia modernoa eta hurrekoa behar dau euskereak, eta horreek dira gure etorkizuneko asmoak: erabiltzailearengandik gertu egon, Akademiaren etxeko ateak gizarte guztiari zabaldu eta gure zerbitzu bokazinoa areagotu, zorrotz jokatuz, esan dau Andres Urrutia euskaltzainburuak, akademikoen konfiantzea jaso ondoren.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu