'Zeozer desbardina egiteko gogotik' sortutako diskoa dakar Su Ta Garrek

Dabi Piedra 2016-10-28 13:18   Musikea

Ohiko estilotik urtenda, kanta leun eta lasaiak daukaz Su Ta Gar-en Maitasunari pasioa diskoak. Euren disko intimoena dala dinoe.

Su Ta Garreko kideak, Bilbon egindako aurkezpenean | Ikusi handiago | Argazki originala

Orain arteko disko gehienetan baladaren bat sartu izan daben arren, salbuespentzat jo leiteke Su Ta Garren estudioko hamaikagarren lan hau. Izan be, maitasuna eta pasinoa ardatz, ohiko estilo gogorretik urruntzen diran kantak dira guztiak. Su Ta Garren esentziari eutsi deutsagu, baina doinu leunagoak eta lasaiagoak dira, adierazo dau Aitor Gorosabel taldekideak.

Sorkuntzatik bertatik da desbardina Maitasunari pasioa. Izan be, hiru kanta pianoan sortu ditu Aitor Gorosabelek. Horreetako bi, Erresistentziara kondenatuak eta Bazoaz, gitarrarako egokiotu ditu gero, eta holan agiri dira diskoan. Hirugarrena, Eguna argitzean, pianoz jota entzun leiteke. David Bowieren gomutan idatzitako Bowiek denborari kantan be bide barrietan sartu da Su Ta Gar. Tekladuaren soinuagaz olgau dabe eta tresna horregaz egindako solo batek biribiltzen dau abestia. Sekula be ez genduan imajinauko halakorik egiten amaituko genduanik, esan dau Gorosabelek.

Xabi Bastida taldekideak azaldu dauenez, era honetako disko bat egiteko asmoa ez da barria, aspaldi erabili dabe buruan kanta leunagoak batzea. Aukerea orain etorri jake. Gorosabelek azpimarratu dauenez, zeozer desbardina egiteko gogotik sortu da diskoa. Ganera, zale batzuen eskariak be izan dituela dino: Gure kanta lasaiak gustuko dituela esaten izan deusku jente askok eta ia ez dogun holakoakaz disko bat egingo.

Hamar kanta daukaz Maitasunari pasioz lanak eta, ganera, hamaikagarren track bat be badauka, pianorako pieza txiki bat. Aitor Gorosabelek idatzi dau musikea. Gorosabelen, Bastidaren eta Borxa Arrillagaren berbak dagoz.

Diskoaren izenburuak dinoan legez, maitasuna eta pasinoa dira diskoko abesti guztien oinarria. Gorosabelek azaldu dauenez, maitasuna modu zabalean ulertu behar da: Gurasoei, itxi gaituenei, bikotekideari, Euskal Herriari, norbere buruari... Pasinoak, edo pasinorik ezak, daukan garrantzia azaldu nahi izan dogu, ganeratu dau Gorosabelek, kantak entzuleen bihotzera heltzea da gure asmoa. Su Ta Garren diskorik intimoena dala dino.

Autoprodukzinoa da Maitasunari pasioa. Taldekideen idea batetik abiatuta, Unai Bergarak egin dau diseinua, antxinako eskutitz baten estiloa gogora dakarrena. Abesti bakotxa, gure musikea gustuko dauen bati bialdutako gutuna izan leiteke, esan dau Gorosabelek.

Udabarrirako diskoa argitaratzea zan Su Ta Garren hasikerako asmoa. Aitor Gorosabel kantari eta gitarra-joleak, baina, osasun arazoak izan ditu eta horrek proiektua atzeratu dau. Lehenik eta behin, eztarrian ebakuntzea egin eutsien. Barriro kantetako moduan egoanean, min hartu eban eskumuturrean eta igeltsuagaz ibili zan denpora batez.

Eskumuturra gitarrea joteko moduan daukan arte, Aitor Osak hartu dau Gorosabelen lekua zuzenekoetan. Hori dala eta, hurrengo asteetako kontzertuak ez dira izango diskoa aurkezteko. Urtarriletik aurrera hasiko dira Maitasunari pasioz zuzenean aurkezten eta bira hori be berezia izango da: Orain arteko kontzertu basatiak alboratu eta antzokietan egin nahi ditue emonaldiak, jentea jezarrita dagoala. Formatu barria erronkea izango dala dino Gorosabelek, gu ohituta gagoz egurra emotera.

Su Ta Garreko kideek zehaztu nahi izan dabe, disko honek dakarren aldaketea gogoan, ez dabela bide barri bat zabaldu euren ibilbidean. Unean uneko aldaketa bat baino ez ei da Maitasunari pasioa, eta zaleek esango dabe norainoko ibilbidea izango dauen. Baina, ondoren, euren betiko estilora bueltetako asmoa daukiela ziurtatu dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu