Zinebik Bahman Ghobadi kurdu-iraniarrari emongo deutso Ohorezko Mikeldia

Bizkaie! 2016-10-26 10:58   Zinemea

Dokumentalen eta Film Laburren Bilboko Nazinoarteko Jaialdiak (Zinebi) Bahman Ghobadi zinemagile kurdu-iraniarrari emongo deutso bere 58. edizinoko bigarren Ohorezko Mikeldia, zineman egin dauen lanaren dimensino artistiko garrantzitsua, bere herrialdeko askatasunen aldeko burrukan erakutsitako konpromisoa eta herri kurduaren gizarteari eta kultureari buruzko testigantza bikaina autortuz. Saria emoteko ekitaldia zemendiaren 25ean izango da, Zinebi 58ren Amaierako Galan, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Arriaga Antzokian.

Iran barruan dagoan Kurdistaneko Bané herrian 1969an jaio zan Bahman Ghobadi zinema gidoilari, zuzendari eta produktoreak Teherango Iranian Broadcasting College izenekoan ikasi eban, eta industria argazkilari moduan ekin eutson bere ibilbide artistikoari. Urte luzez, bere izena sarritan lotu zan Irandik etorri eta kritikariak eta zaleak aho zabalik itxi zituan zinemagile taldeagaz, segurutik antzezle ez profesionalak erabilteagaitik itxuraz xumea zan eta dokumental lez zehaztutako estetikea eben eszenan jarteen bitartez euren herrikide askoren bizitza islatzen eben filmakaz. Ghobadi zinemagile gazte xumea baino ez zan Irango zinema harrigarri hori Europara heldu zanean, laurogeita hamargarreneko hamarkadan, Abbas Kiarostamiren, Majid Majidiren, Jafar Panahiren edo Mohsen Makhmalbafen eskutik, besteak beste.

1991tik hogei bat film labur eta ertain errodau ostean, bideoan, 8 milimetrotan eta  16 milimetrotan, 1998an zuzendari laguntzaile ibili zan Abbas Kiarostamiren Haizeak eroango gaitu (Bad ma ra khahad bord, 1999) lanean. 2000. urtean, Irango zinemearen historiako lehenengo film luzea aurkeztu eban Cannesen, Zaldi mozkorrentzako garaia (Zamani barayé masti asbha, 2000), eta Canneseko Zinemaldiko Urrezko Kamerea eta Nazinoarteko kritikearen FIPRESCI Saria irabazi zituan.

Gero eta kontzientzia politiko maila handiagoagaz, Bahman Ghobadi bere zinemea erabilten hasi zan, Kurdistango kultureari eta gizarteari buruzko atentzinoa pizteko. Holan, balio unibersala daben mezuak (gerrearen salaketea, burruka armatuek umeen artean dituen ondorioak, deserrotzea edo betiko balioen ordez konsumo gizartearen balioak nagusitzea), Kurdistango tokiko istorio herrikoiakaz buztartzen ditu. Bigarren talde horretan dago Panderoa (Daf, 2003) film laburra, Ghobadik dokumentalean zein fikzinoan bardin egin leikela lan erakusten dauen adibide garbienetakoa.  

Halan da be, bere filmek mundu osoko jaialdi garrantzitsuetan aintzatespenak jasoten dituen arren -gerrearen eta umezaroaren ganeko Dordokek be egiten dabe hegaz (Lakposhtha ham parvaz mikonand, 2004) tragediak Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorra irabazi eban–, ia ez dira Irango sare komertzialean banatzen, Irango erregimenak gustoko ez dituan errealidadeak erakusten baititue, Donostian bigarren Urrezko Maskorra irabazi eban Ilargi Erdia (Niwemang, 2006) lanagaz pasau zan legez.

Bere egoerak txarrera egin eban Inork ez daki ezer katu pertsiarrei buruz (Kasi az gorbehaye irani khabar nadareh,  2009) errodau ebanean. Mahmud Ahmadineyad barriro aukeratua izan zan urte gorabeheratsu haretan, poliziak Bahman Ghobadi atxilotu egin eban Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi eban Canneseko Zinemalditik bueltaukeran. Sari harek emon eutson aukereari esker, gogor kritikau eban Irango gobernua, oposizinoko mobimentuen kontrako errepresinoagaitik. Adierazpen horreen ondorioz hainbat egun pasau zituan atxilotuta.
 
Jazoera horren ondoren, erbestera joatea erabagi eban, Mohsen Makhmalbaf, Babak Payami edo Jafar Panahi beteranoa lako beste hainbat zinemagile iraniarrek egin eben lez. AEB, Alemania eta Turkia artean, Ghobadik hainbat film atondu ditu, Turkia, Siria, Irak eta Iran artean dagoan lurraldean bizi diran herritar kurduek jasandako errepresino egoerak salatzeko beharrak bultzatuta. Holan, askatasun handiagoa emoten deutson egoeran, eta zentsurearen ardurarik barik, Rhino season (Fasle kargadan, 2012) lana aurkeztu eban, ia 30 urte kartzelan igaro zituan poeta kurdu baten historia.

Zinebi 58ren barruan eskainiko diran bere azken lanetan, zinemagileak buru belarri ekiten deutso barriro aurretik egindako filmetan erakutsi eban fikzino eta dokumental nahasketeari. Horren adibide bikaina da Busango (Hego Korea) eta Sundanceko (AEB) zinemaldien aurreko edizinoetan aurkeztutako A flag without a country (2015) lana. Era berean, errefuxiatuen abiapuntu Kurdistanen bizi diran zortzi umegaz errodautako Life on the border (2015) filma produzidu dau. A flag without a country Berlingo zinemaldiaren azkenengo edizinoan egon zan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu