Mendietako eskultoreak

Zigor Aldama 2016-10-26 10:14   Bidaide

Arroz-soloetako terrazen albotik ordu luzez ibili gara Dazhai herri txikira heltzeko. Gorako eten bako bidea da, yao herriaren nekazari-bizimodua hurretik ezagutzeko aproposa eta gitxiengo honen barruko 30 azpitaldeen arteko aldeak agirian ixten dituana.

Isiltasuna. Haran bat. Sakon-sakonean, ibai estu bat. Ur garbia saltoka, harriak jo ahala. Kolore ikutu bat. Emakume baten siluetea. Kolore gorri eta arrosa deigarridun erropak. Adats luze eta baltz bat uretan sartu da. Eskuek kontu handiz orrazten dabe. Minutuak aurrera doaz. Ez dago presarik, denporea orain dala mende asko geratu zan. Errekearen albotik doan bidetik lagun bi pasau dira. Beti-betiko zumitzezko otzarea lepoan, ulea yao etniaren ohiko motots konplikaduan batuta eta belarriak luze, zidarrezko belarritako pisutsuak urteetan eroan izanaren ondorioz. Bordatu finak burua estaltzen. Agur bat, irribarre bat.

Emakumeak badoaz, maldan gora doan bide batetik, eta yao herriaren bihotzean sartu dira, Dragoiaren Bizkarrazurreko arroz-eremu harrigarrietan. Txinako, beharbada munduko, landa-injinerutzako obrarik handiena da: Mendietan atondutako milaka terraza, 800 metroko garaieraraino heltzen diranak, milurteko batez herri oso batek egindako lanaren emoitzea. Gizakiaren gaitasunaren erakusgarri da, ekosistemea kaltetu barik naturearen hesiak gainditzeko. Paisajean han-hemenka dagozan herritxuetan baino ez da jentea bizi.

Arroz-soloetako terrazen albotik ordu luzez ibili gara Dazhai herri txikira heltzeko, haranaren goiko aldean. Gorako eten bako bidea da, yao herriaren nekazari-bizimodua hurretik ezagutzeko aproposa eta gitxiengo honen barruko 30 azpitaldeen arteko aldeak agirian ixten dituana. Bakotxak bere janzkera eta ohitura bereziak daukaz. Batzuek euren dialektoan berba egiten dabe, mende askoan bizi izan daben isolamenduaren ondorioz. Hatan be, orain dala 2.000 urte sortutako etnia bateko kide dira eta ezaugarri nagusia da alkarren arteko hartu-emon gitxi izan dituela, horren lurralde garaian bizi diran ezkero.

Bitxia bada be, Mao Zedong-ek 1949an Txinako Herri Errepublikea sortu eban arte, yao herriak ez eukan idatzizko hizkuntzarik. Alkarregaz komuniketako, enborretan edo banbu-kainaberetan koskak egiten zituen, baina nekazaritzeagaz lotutako mezu laburrak baino ez ziran horreek. Iraultza komunisteak mandarin hizkuntzea ekarri eban eta, gaur egun, yaoek euren hizkuntzea be transkribidu leikee modu fonetikoan, Txinan pinyin izenagaz ezagutzen dan metodoari esker.

Goitik begiratuta, yao herriak kolore askoko etxe-moltso txikiak dira. Etxebizitzak handiak dira, solairu bikoak. Behekoan, saloi erako eremu zabal bat dago, eta sukaldea. Goikoan logelak dagoz, gehienetan bi: bata gurasoentzat eta bestea seme-alabentzat. Logela bi diran arren, ezerk ez ditu guztiz bereiztuten, familiak oso batuta egoten diralako, dino hango herritar batek.

Etxeetako ateak be beti dagoz zabalik, herritarren artean dagoan batasunaren erakusgarri. Yaoak komunidadeen arabera antolatzen dira, lan guztia kolektiboa gogoan egiten da. Arroza ebagiteko, esaterako, sailik sail ibilten dira: Herri guztiak familia baten sailean lan egiten dau eta, amaitutakoan, hurrengora pasetan da. Gizon, emakume eta umeek laboreak batzen dituen bitartean, gazte batek tanborra jo eta abestu egiten dau, besteek erritmoa segidu daien. Hartara, hutsik geratu dan herri bateko jentea topetako, urrunean entzuten dan sinfoniari kasu egitea besterik ez da egin behar.

Yaoak, era berean, ezkontzak hitzartzen ez dituan etnia bakarrenetako bat dira. Askatasuna dago bikotekidea aukeratzeko orduan, baina dotea egon badago eta batzuetan gurasoek hori erabilten dabe ezkontzei betoa ipinteko, izan be, gizona emakumearen truke eskatzen dana ordaintzeko gauza ez bada, gatxa da ezkontzea ospatu ahal izatea. Dana dala, Zhuai izeneko gida batek azaldu dauenez, aukerea dago gizon batek dotea bere lanagaz ordaintzeko.

Zoritxarrez, globalizazinoa era honetako ohiturak desagertarazoten dabil. Txinako hegoaldeko Guangxi probintzian zein Vietnam eta Laosen gitxiengo etniko zabal bat dan yao etnia, miloe bi eta erdi kide baino gehiagokoa, gero eta sakabanatuago bizi da. Gazteek urira joan nahi dabe eta herriak hilten dagoz jente nagusiagaz batera. Oraintsura arte, gure etniakoak politeistak ziran baina gauzak arin aldatzen doaz eta animismoa gero eta arraroagoa da, Txakur Jainkoari otoitz egiten deutson baten bat oraindino geratzen dan arren, dino Zhuaik.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu