Munduko Poesia Kaierak bildumako beste hiru liburu argitaratu ditue

Bizkaie! 2016-10-26 09:05   Kulturea

Miliauskaite, Holub eta Mallarmeren antologia bana euskerara itzuli dabe Leire Bilbaok, Karlos Cidek eta Josu Landak, hurranez hurran.

Sarasola, Bilbao, Landa eta Cid (argazkia: Susa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Susa argitaletxeak abian jarritako Munduko Poesia Kaierak bildumearen proiektua potolotzen dabil urtetik urtera. Beste hiru liburu argitaratu ditue eta, guztira, hamazortzi poetaren testuak euskeratu ditue, egitasmoa orain dala urte bi eta erdi hasi zanetik. Beñat Sarasola bildumako zuzendariak adierazo dauenez, udabarrian beste hiru antologia plazaratzea da asmoa.

Oraingo honetan, lituaniar baten, txekiar baten eta frantziar baten olerkiak batu eta euskeratu ditu Munduko Poesia Kaierak bildumeak. Emakume bat eta gizon bi dira: Nijole Miliauskaite, Miroslav Holub eta Stephane Mallarme. Itzultzaileak be, emakume bat eta gizon bi: Leire Bilbao, Karlos Cid eta Josu Landa.

Nijole Miliauskaite (1950-2002): Ez da poeta ezaguna eta, ganera, hizkuntza ez-hegemoniko baten idatzi eban. Hori izan da lituaniarraren lanak euskeratzeko arrazoietako bat, Leire Bilbaok dinoanez. Beste sasoi batera, Lituania ezezagun batera eroaten gaitu Miliauskaiteren poesiak, Bilbaoren ustez, eta haren umiltasuna agirian geratzen da testuetan. Itzultzaileak azaldu dauenez, poema leun eta gozoak dira, baina ezinegona sortzen dabe atzean dagoanari begiratu ezkero.

Miroslav Holub (1923-1998): Medikua zan txekiarra, baita poeta eta itzultzailea be. Horrenbestez, Holub bat barik, hiru dagozala dino Karlos Cidek. Zientziari aitamenak egiten eutsazan Holubek poemetan. Historia ezaguna ez eze, eguneroko bizitzako gertakari personalak be erabilten zituan bere olerkietan. Errekonozimendu gehiago dauka Holubek atzerrian bere jaioterrian baino. Karlos Cid orain dala hiru hamarkada hasi zan txekiarraren testu batzuk itzultzen eta orain antologia osoa argitaratzeko erea izan dau.

Stephane Mallarme (1842-1898): Historiako poetarik ezagunenetako bat da Mallarme frantziarra eta ondorengo belaunaldietan eragin sakona izan dau. Josu Landak azaldu dauenez, obra laburra da Mallarmerena eta horrek balio handiagoa emoten deutso. Landaren esanetan, frantziarrak errealidadea deseregiten eban eta, berben eta esaldien bidez, errealidade barri bat sortu. Berbakaz eta soinuakaz olgetea gustuko eban eta oso perfekzionistea zan.

Urtero sei liburu argitaratzea da Munduko Poesia Kaierak bildumearen helburua, hiru udagoienean eta beste horrenbeste udabarrian. Orain arte, 2014an hasi zanetik, erronka horri eutsi deutso Beñat Sarasolak gidatzen dauen proiektuak. Ondo bidean, beraz, udabarrian beste hiru ale egongo dira irakurzaleen esku. Harpidetza bidez lortu leitekez argitaratutako aleak, baita dendetan be. Gaur egun, 150 harpidedun inguru daukaz bildumeak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu