Fair Saturday 2016: eragin sozialeko kultur mobilizazinorik handiena

Bizkaie! 2016-10-24 12:51   Kulturea

Mundua artea eta kulturearen bitartez aldatzeko eguna da Fair Saturday, aurten zemendiaren 26an.

Fair Saturday, mundua artearen eta kulturearen bitartez aldatzeko eguna 2015. urtean jaio zan Bilbon. Helburua, zemendiko azken zapatuan gizartea mobilizetea da, Black Friday egunaren ondoren. Parte hartzen dauen ekitaldi kultural bakotxak lortutako etekinen zati bat erakundeek edota artistek aukeratutako proiektu sozial bati emoten jake. Kultur jaialdi parte-hartzaile eta sozial honen bitartez, Fair Saturday-ek arte eta kulturearen indar eraldatzailea erakutsi nahi dau, mundu hobeago bat sortzeko, gizarte aberats, bidezko eta besteakanako enpatia sortuz.

Gaur, urriak 24, goizeko 10:30ean, Fair Saturday 2016-ren aurkezpen ofiziala izan da Bilbao Guggenheim Museoko auditorioan. Ekitaldian, Juan Mari Aburto Jauna, Bilboko Alkatea, Asier Alea Jauna, Bizkaiko Foru Aldundiko Kanpo Sustapenerako eta Turismorako zuzendari nagusia, Juan Ignacio Vidarte Jauna, Bilbao Guggenheim Museoko zuzendari nagusia, Loli Velasco Anderea, Zubietxe alkarteko zuzendaria eta Jordi Albareda Jauna Fair Saturday mobimentuaren sortzailea egon dira.



Igazko arrakastearen ondoren, aurten 10.000 sortzaile baino gehiagok parte hartuko dabe eta tartean 400 kultur ekitaldi baino gehiago izango dira; horreek Espainiako eta baita Hego Amerikako 100 herri eta uritan ospatuko dira. Jaialdiaren sustatzaile Solidarters Fundazinoaren arabera, balore kulturalaz gan 150.000 - 200.000 € inguruko etekin osogarria gehituko da dozenaka kausa sozialetarako. Hurrengo zemendiaren 26an, lurralde askotako erakunde publiko eta pribatuak, sortu barriak eta profesionalak, batuko dira kulturearen garrantzia azpimarratzeko gizarte egitura eta mundu hobeago bat eregiteko. Mobimentuaren sortzaile Jordi Albaredaren arabera, Artea eta kultureagaz dabizen personak, euren sormenen bitartez mundua eraldatzeko gaitasun handienetakoa dabenak dira. Gizarteak horreen lana balorau eta bultzatu beharko leuke.

Fair Saturday 2016-an parte hartzen daben erakundeen artean Bilbao Guggenheim Museoa, FNAC, La Caixa, Arriaga Antzokia, ABAO-OLBE, Euskadiko Orkesta Sinfonikoa zein Espainia osoko museo, antzoki eta alkarte ugari.

Beste alde batetik, Rosana, Fran Perea, Ken Zazpi, Doctor Deseo, Zea Mays, Nelou, Fernando Velázquez... lako artistek euren laguntzinoa adierazo eta Fair Saturday-en parte hartuko dabela baieztatu dabe.

Horrezaz gan, Fair Saturday-ek Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Zaragozako Udalaren babes instituzionala dauka. Ganera, 2017ko ekitaldian parte hartzeko martxan dagoz hitzarmenak dozenaka uri eta herrigaz, beste batzuen artean, Malaga, Mallorca eta Huelva-ko uriak nabarmenduz. Mobimentuak hainbat muetako erakunde eta enpresak batzea lortu dau artista eta sortzaileen lanak balorau daitezan gizarte eraldaketearen ardatz nagusi modura.

Fair Saturday 2016ko edegiera ekitaldia zemendiaren 23an, Bilboko Campos Antzokian izango da. Bertan, Euskadiko Orkesta Sinfonikoa Doctor Deseo, Ken Zazpi eta Zea Mays taldeek kontzertua eskainiko dabe Fernando Velázquezen zuzendaritzapean Elikagaien Bankuaren alde.

Aitatutakoaz gan, Fair Saturday mobimentuak harrera bikaina izan dau hasieratik mundu sozialean, mueta desbardinetako 50 proiektu sozialen laguntzinoa izanik, besteak beste, Vicente Ferrer Fundazinoa, Alboan, Ayuda en Acción, Pequeño Deseo Fundazinoa, Munduko Medikuak eta Save the Children.

Aurten, Fair Saturday nazinoartera zabaldu da, hain zuzen be, Peru da mobimentura batu dan lehenengo herrialdea. Peruko Kultura Saila, zenbait udalerri Lima, Barranco, Ayacucho kasurako, andeetako herrialdeko zenbait unibersidade, artista-sareak, antzokiak eta hainbat kultur erakunde eta sozialak batu dira. Modu berean, Hego Amerikako beste herrialde batzuk be emon ditue lehen pausuak Mexiko, Colombia eta Cuba esate baterako.

Laburbatzeko, zemendiaren 26an, zapatuan, 10.000 artista baino gehiagok bat egingo dabe gizarte-eragina izango dauen kultur mobilizazino handiena gauzatuz. Artistek, euren indar sortzailea mundu hobeago bat sortzeko asmoz bateratuko dabe. Arteak eta kultureak funtsezko bide bat eregiko dabe eta honen bitartez jentea antolatutako ekitaldieratara joatea espero da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu