Urtero 4,8 miloe persona hartzen ditu Azkuna Zentroak

Bizkaie! 2016-10-24 08:43   Kulturea

Azkuna Zentroa diziplina anitzeko gunea da, bere eskaintza ugariagatik eta urte osoan zehar programetan dituan jarduera kopuruagaitik nabarmentzen dana.

Azkuna Zentroak sei urte bete barri ditu eta honezkero erreferente bihurtu da; azken urte honetan zentroak, 365 egunetan zabalik 7:00etatik 23:00etara, 550.000 pertsona baino gehiago hartu ditu Mediateka BBK-n, 740.000 bere jarduera fisikoko zentroan, 110 idazle hartu ditu (3 Nobel sari) Gutun Zuria jaialdiaren barruan, soinu eta inprobisasino topaketak, arte eszenikoen egoitzen programa bat... Hori guztia, bardintasunagazko eta generoaren kultureagazko errespetuan, euskerearen zabalkuntzan eta bultzadan eta sorkuntza garaikidean eta abangoardistan oinarritzen dan konpromiso finko bategaz. Gaur egun Bilbo uriko ikurretako bat da, zabala, kulturala eta ezagutzaren uria. Azkuna Zentroa bere traktore ekonomiko eta sozial nagusietako bat da zeharkako eta nazinoarteko lankidetza-sareak eregitean modu aktibo baten parte-hartzeagaitik.
 
Azkuna Zentroa diziplina anitzeko zentroa da, bere eskaintza ugariagatik eta urte osoan zehar programetan dituan jarduera kopuruagaitik nabarmentzen dana. Mediateka BBK-k, Bilboko liburutegirik bisitatuena, 900.000 titulu inguru eta 5.000.000 aletik gorako katalogo bat jarten dau erabiltzaileen eskura (7.000 elektronikoak). Aitzindaria da ganera, irakurketa edota ulertze zailtasunak dituen personen artean, besteak beste, Irakurketa Errazeko sustapenean, eta euskerazko Irakurketa Errazeko lehen argitaratzailea da.

Bestetik, Azkuna Zentroko Jarduera Fisikoko Zentroak, 740.000 sarrera inguru hartzen ditu, hilean batezbeste 4.200 harpidedun ditu eta 2015ean 66.000 ikaslek parte hartu dabe astero ugerlekuan eta gimnasioan eskaintzen diran ikastaroetan. 50 modalidade baino gehiago eta 350 ikastaro, persona bakotxari egokituak, gimnasioan zein ugerlekuan.

Arte garaikidearen programazinoari eta sorkuntzeari jagokenez, bertako zein nazinoarteko proposamenek, Azkuna Zentroko izena gure mugetatik kanpora eroaten dabe.

Gutun Zuria, jaialdi literarioak, 110 idazle baino gehiago ekarri ditu zentrora (hiru Nobel saridun). Prototipoak, Forma Artistiko Barrien Nazinoarteko Topaketeak formatu artistiko barriak hurreratu nahi ditu herritarrakana, ezohiko espazioak erabiliz eta erkidegoagaz batera sortutako prozesu artistikoen bidez. AzPlay Bideo-joko Independenteen Nazinoarteko Lehiaketan, 47 bideo-joko aurkeztu ziran lehen alditik, 250 proiektu izatera pasau da zazpigarren edizinoan. Bertan, 47 herrialdeetatik jasotako proiektuak izan dira, horreetako batzuk Singapur, Australia, Argentina edo Egiptotik jasoak, besteak beste.

Azkuna Zentroaren urte amaierea Gabonak Arte nazinoarteko jaialdiagaz dator; programa honek umeei artea eta kultura hurreratu nahi deutse eta ikaskuntza aktiboa sustatzen dau, sexistak ez diran balioak, eta alkarlana, errespetua eta tolerantzia lako balioak bultzatuz, ingurune ludiko batean, umezarotik sormen artistikora hurreratuz. Edizino bakotxak antzerki zein musika erakusketak hartzen ditu, magia, kontu-kontariak, txotxongiloak, irrati, jantza, arkitektura edo collage tailerrak... Hori guztia nazinoarteko artista eta profesionalen eskutik.


Erakusketak

Erakusketak zentroaren beste alde indartsuenetako bat dira. Azkuna Zentroak uriaren erakusketa eta kultur eskaintzea osotzen dau proiektu garaikideakaz, gaur egungo sorkuntzeagaz hartu-emonetan, asko sortu barriak edo argitarabakoak. Bertan jarduera osogarriak, bisita gidatuak eta ekintza pedagogikoak izaten dira. Aurten, Castillo Corralesen fluxesverfuturesfictio’ eta Jeremy Dellerren Herrikoitasunaren ideal infinituki aldakorra erakusketek 25.000 persona baino gehiago ekarri ditue.

Ibiltaritzak be egiten dira Azkuna Zentroak produzidutako proiektuetan. Honek testuinguru desbardinetan erakusketen zabalkundea handitzeko aukerea emoten dau beste uri eta herrietan. Adibidez, Vigon izan dan MARCO-n Je, je… luna. María Luisa Fernández. 1979-1997 bitarteko artelanak ikusi ahal izan da aurten; Guerrilla Girls 1985-2015 Madrilgo Mataderon erakutsi zan aurreko urtean; Bordeleko El Musée d’Art Contemporainek Why not Judy Chicago? erakusketea hartu eban zenbait hilebetetan. Era berean, Bartzelonako Centre d’Arts Santa Mònicak Azkuna Zentroak produzidutako Black is Beltza erakutsi dau, Fermin Muguruzaren proiektua, izen bereko nobela grafikoaren inguruan sortua.

Musika arloan, zentroak Urpeko Musika zikloak eskaintzen ditu, besteak beste, gune parebakoan egiten diran kontzertuak eta adierazpen garaikidekoak, entzunaldiak, barriketaldiak eta musika esperimentalaren tailerrak edo soinu sorrera eta inprobizazinoak. Zentroak zinema eta ikus-entzunezko narratibea be aztertzen ditu, BIdeOtik programearen edo Zinematekearen bidez.

Ganera, arte garaikidearen sorkuntzan dauen apustuaren inguruan, Azkuna Zentroak egoitza artistikoetako Amphitryon programea martxan jarri dau zuzeneko arteen eta erakusketen inguruko ikerketea, sorkuntzea eta produkzinoa sustatzeko.
 
Programa honen eremuan, Leandro Feal artista kubatarrak Arte Eszenikoen Egoitzea hasi dau hile honetan Azkuna Zentroan. Beragaz batera, Taxio Ardanaz artisteak bere egoitzeagaz jarraituko dau Azkuna Zentroan Kubako Artista x artista espazioan egon eta gero, Estudio Carlos Garaicoaren ekimena (La Habana). Arte Eszenikoen Egoitzan Olatz de Andrések parte hartu dau.

Koreografa donostiarrak The Endgame lana aurkeztu dau oraintsu. Azkuna Zentroko Egoitzan sortua. Banakako egoitza horreez gaen, Amphitryon-ek kolektiboentzako programea hartzen dau. Aurten, Azkuna Zentroko talde egoiliarra Inteligencias Colectivas/Zoohaus da. Sareko sorkuntza-plataforma bat da, eta arkitektura, diseinu eta eraikuntzari lotutako agenteek osotzen dabe. Uriko dinamikak barriro interpretau nahi ditue, arkitektura, urigintza arte edo ekonomiaren bidez, eta herritarren parte-hartze eta lankidetzearen bitartez osotzen ditue beren laneko agertokiak.


Artea eta ezagutza

Eremu honetan, Zentroak Komisariotzearen Nazinoarteko I. Sinposioa antolatu dau; Ikuspegi feministak produkzino artistikoetan eta artearen teoriak ikastaroaren V. edizinoa. Hemen, jendarte garaikideetan produkzino artistikoaren arloan gertatzen danari buruzko jakintza kritikoak ezagutzera emoten dira ikuspegi feministetatik abiatuta; edo Ezagutza feminista sarean proiektua. Azken hau, Azkuna Zentroaren eta Bordeleko Arte Garaikideko Museoaren (CAPC) School of Art and Design Middlesex University London-aren eta Emakunde, Emakumearen Euskal Erakundearen arteko alkarlana da. Alkartruke, eztabaida eta Arte eta Kultura arloetan Ezagutza Feministearen zabalkuntzearen inguruan lan egiten dauen nazinoarteko sare bat da, genero desbardintasunen kontra indar egiteko helburua dauena. Azkuna Zentroa buru izanik, hirueledun formatuan artearen eta feminismoaren ezagutzea zabaltzen dauen lehena da (gaztelania, euskerea eta ingelesa).


Europar proiektua  

smARTplaces proiektuak nazinoarteko proiekzinoa dauka eta entzunaldiak antolatzen dituan eskala handiko europar proiektua da. Azkuna Zentroak bertan parte hartu dau kultur garaikidean eta ikerketan erreferente diran hainbat zentrogaz batera. Zentroa hautatua izan da 2015eko urrian egindako Creative Europe 2014-2020 programa europarraren Lankidetza kulturalaren deialdiaren bidez. 2014ko urtarriletik, Azkuna Zentroa bere europar partnerrakaz lanean ibili da proiektua diseinau eta aurkezteko eskala handiko lankidetza kultural kategorian europar finantzaketea lortuz. Ondorioz, proiektuak irauten dituan datozen 4 urteotan, Azkuna Zentroak 200.000 euro baino gehiago jasoko ditu, diru-hornidura 2.000.000 eurokoa izanik, sareko proiektuaren % 50.


Nobedadeak

Azkuna Zentroa dinamikoa, bizia eta eten barik barritzen dan zentroa da. Esangura horretan, laster barritasun batzuk aurkeztuko dira. Joku Play esaterako. Mediateka BBK-n kokatuta dagoan jokoari zuzendutako gune barria da. Bertan, familiek euren aisia konpartidu ahal izango dabe joko tradizional eta teknologikoen bidez. Holan, bideo-joko seguru eta osasuntsuak sustatu nahi dira behar diran erabilera eta ikasketa ludikoak bultzatuz. Astero barritzen diran sexismo eta biolentzia bako proposamen ugari eskaintzen dira eta hor AzPlay-ko edizino desbardinetan parte hartu daben garapenak nabarmentzen dira. Horretarako, eskuko telefonoak, konsolak eta ordenagailuak erabiltzaileen esanera itxi dira. Gune barri honek mahai-jokoak be eskaintzen ditu euren aisia konpartidu nahi dabenentzat, familiako kide guztien garapen kognitiboa sustatuz. Bestalde, azpimarratzekoa da datorren zemendiaren 3an helduko dan Teresa Lancetaren Agur erronboari erakusketea. Ondoren, Azkuna Zentroak Carlos Garaicoaren erakusketea antolatuko dau (zezeilaren 16tik bagilaren 8ra), baita Itziar Barriorena (bagilaren 1etik irailaren 29ra) eta Margaret Harrisonena (zemendiaren 9tik zezeilaren 11ra) be.
 
Azkenik, zemendian Elipsiak arte eszenikoen lehen zikloa hasiko da, Isabel Naveranek koordinetan dauen nazinoarteko programazino honetan sorkuntza eta bertako artisten arteko alkarrizketak ezartzen dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu