Eneko Abasolo eta Beñat Ugartetxea nagusi, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako kanporaketetan

Bizkaie! 2016-10-24 08:49   Bertsolaritzea

Sestaon eta Igorren jokatutako saioak irabazi ditue, hurranez hurran. Beraz, zuzenean pasau dira biak finalaurrekoetara.

Eneko Abasolo 'Abarkas', Sestaoko saioan (argazkiak: Bizkaiko Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Zapatuan jokatu da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren kanporaketea, 150 zale ingururen aurrean. Eneko Abasolo Abarkas izan da irabazlea, 447 puntugaz. Musika Eskolako aretoan giro ona sortu da eta bertsolariek maila oneko saioa eskaini dabe. Idoia Anzorandia izan da gai-emolea.

Bigarren lekuan, 431 puntugaz, Arrate Illaro izan da eta hirugarren, Peru Vidal, 426gaz. Atzerago geratu dira beste hirurak: Asier Galartza (411,5), Inazio Vidal (409) eta Josu Landeta (406). Eneko Abasolok, saioa irabazi dauen ezkero, zuzeneko txartela lortu dau Markina-Xemeinen zemendiaren 19an jokatuko dan finalaurrekorako. Ganerakoek puntuazinoaren araberako sailkapenaren bidez hurrengo faserako lekua lortzeko aukerea daukie.

Domekan, ostera, Igorreko Lasarte aretoan jokatu da beste kanporaketa bat. Kasu horretan, Beñat Ugartetxea izan da irabazlea eta, beraz, honek be finalaurrekoetako txartela eskuratu dau. Basauriko saioan kantauko dau, zemendiaren 27an. Mallabiarrak 487 puntu lortu ditu Igorreko saioan.

Bigarren izan da domekako saioan Julen Erezuma, 444 puntugaz. Ondoren, hirugarren lekua Malen Amenabarrek bete dau (437,5). Askoz atzerago geratu dira beste hirurak: Iñaki Iturriotz (385), Arkaitz Zipitria (382) eta Paule Ixiar Loizaga (326). Gai-jartzailea Begoñe Olabarria izan da.

Hurrengo kanporaketea zapatuan, urriak 29, jokatuko da, Leioan. Honeek izango dira kantauko daben sei bertsolariak: Ander Elortegi, Ibon Ajuriagojeaskoa, Joseba Artza, Joseba Barandiaran, Mikel Goiriena eta Txaber Altube. Maite Berriozabal izango da gai-jartzailea.

Beñat Ugartetxea, Igorren

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu