Iruñeko Bertsoaroa urriaren 20tik zemendiaren 10era arte egingo da

Bizkaie! 2016-10-20 10:25   Bertsolaritzea

Bertsolaritza eta jazz ikuskizun baten estreinaldia, hiru bertso-saio, performance bat, berbaldi bat eta umeentzako jarduera bi dagoz programearen barruan.

Bertsoaroa 2016 urriaren 20an abiatuko da eta zemendiaren 10era arte hiru bertso-saio, performance bat, euskerazko berbaldi bat, umeentzako jarduera bi eta bertso-jazz ikuskizun barria eskainiko ditu. Momentuari helduz da emonaldi berezi horren izenburua, urriaren 25ean izango da, eta Iruñeko Udalak Bertsoaroaren edizino barri honetarako antolatu dituan euskerazko kultur programazinoaren zortzi hitzorduetako bat da. Gurutzeko plazako Institutuan eta Kondestable Civivoxean izango dira ekitaldiok, baita Sanduzelaiko Civivoxean be, izan be, umeentzako programazinoa egingo da bertan.

Bertsoaroa 2016ko programazinoa egunotan aurkeztu dau Kulturako, Hizkuntza Politikako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko zinegotzi ordezkari Maider Belokik. Beragaz batera izan dira Nafarroako Bertsozale Alkarteko koordinatzaile Lorea Arburua, Oskar Estanga bertsolari eta musikaria eta Satxa Soriazu piano-jotzailea. Azkeneko biak programazinoaren parte dan bertso-jazz ikuskizunaren sortzaile eta partaide dira. Azken edizinoan, danetara 1.180 lagunek parte hartu eben Bertsoaroako jardueretan.

Emonaldiak doban dira, umeei zuzendutakoak kenduta, horreetarako sarreren prezioa 3 eurokoa da. Gurutzeko plazako Institutuko areto nagusian egingo diran ekitaldietarako gonbidapenak aldez aurretik hartu behar dira, aretoan bertan, ordu bete lehenago.

Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Alkarteak antolatutako ziklo honetan honako bertsolariek parte hartuko dabe: Jon Maia, Oihana Iguaran, Julen Zelaieta, Sustrai Colina, Aimar Karrika, Alaia Martín, Oskar Estanga, Alazne Untxalo, Unai Mendizabal, Sarai Robles, Eneritz Artetxe, Maider Arregi, Joanes Illarregi, Maddi Sarasua, Jon Martin eta Jone Uria, Unai Iturriaga, Saioa Alkaiza, Amets Arzallus, Agin Laburu, Beñat Gaztelumend eta Julio Soto. Bertsoaroako agertokietatik be igaroko dira Satxa Soriazu, Aritz Luzuriaga eta Alberto Arteta musikariak, Beñat Krolem artista-sortzailea, Andoni Egaña hizlaria, Fernando Anbustegi ipuin-kontalaria eta Iker Iriarte eta Ainhoa Aranburu aurkezleak.


Momentuari helduz

Aurten, Gurutzeko plazako Institutuan egingo dan bertso-saio bategaz hasierea emongo jako Bertsoaroari. Urriaren 20an izango da, 20:00etan. Lehen mailako bertsolariak izango dira taula gainean: Julen Zelaieta eta Aimar Karrika izango dira Nafarroako ordezkariak lehen emonaldi honetan; eurekaz batera, eskarmentu handiko beste bertsolari bi: Sustrai Colina lapurtarra eta Jon Maia gipuzkoarra. Seikotea osotzeko, azken Gipuzkoako Txapelketako finalean bertsotan ibilitako Alaia Martin eta Oihana Iguaran.

Urriaren 25ean, Momentuari helduz emonaldi berezia izango da, 19:30ean, Kondestable Civivoxeko patioan. Bertsolaritzea eta jazza buztartzen dituan ikuskizun barritzaile hau estreinauko da Iruñean. Gareserako emonaldi bitarako bertsolari eta musikariak batzeak eragin eban proiektua. Emonaldiaren erantzuna ikusita, bertso-jazz formulatik harago doan proiektu hau sortu zan, berbea eta musikea alkarregaz inprobisazinoa lantzen dauen ikuskizuna. Taula gainean honako honeek batzen ditu: Oskar Estanga eta Alazne Untxalo (bertsolariak), Satxa Soriazu (teklatua), Aritz Luzuriaga (baxua) eta Alberto Arteta (saxoa).


Bertsolaritzea eta beste inprobisazino mueta batzuk

Urriaren 27an, munduko inprobisazino kantatuaren ganeko berbaldi bat egongo da, euskeraz, 19:30ean, Kondestable Civivoxean. Bertan, Andoni Egañak kantu inprobisatua praktiketan daben beste herri eta kultura batzuei buruz berba egingo dau, bakotxaren ezaugarriei errepararauta, eta azalduko dau zelan bertsolaritzea beste kantu inprobisatuetatik ikasten dagoan eta, era berean, bertsoek eta euskereak badaben zer erakutsi mugez harago.


Bertsolari gazteak eta umeentzako programazinoa

Urtero legez, Bertsoaroak bertsolari gazteenei emonaldi bat eskainiko deutse. Nafar bi, hiru gipuzkoar eta lapurtar bat igoko dira Kondestable Civivoxeko oholtzara, zemendiaren 3an, 19:00etan. Unai Mendizabal, Sarai Robles, Eneritz Artetxe, Maider Arregi, Joanes Illarregi eta Maddi Sarasua. Azken urteotan txapelketetan, sariketetan zein plazan trebatzen dabiz eta bertsolaritzearen etorkizunaren parte dira. Aurtengo emonaldia beste nobedade bategaz dator, Ainhoa Aranburuk gidatuko dauelako saioa.

Bertsoaroa 2016ko umeentzako programazinoak egun bat izango dau agendan: zemendiaren 5a, baita leku bat be: Sanduzelaiko Civivoxa. Goizean, 12:00etan,  berbenea izango da. Plaza bete poz dinamizauko dau Oskar Estangak, abesti, jolas eta jantzakaz. Umeentzako erromeria horretan jolas eta abesti pausatuakaz hasi eta mobimentura pasauko dira, jantza egin arte. Holan, txikiek ezagutzen dituen kantu parte-hartzaileakaz hasiko dira. Ahotsagaz eta inprobisazinoagaz be olgauko dabe: galde-erantzunak, errepetizinoak... Eta handiagoek ezagutu leikiezan kantuak entzun eta abestuko ditue, ondoren kantu horreen koreografia lantzeko.

Arratsaldean, 18:00etan, Fernando Anbustegik ipuinak kontau eta abestu egingo ditu, Kontu eta kantu ikuskizunean. Izenak berak azaltzen dauen le, kontuak eta kantuak buztartuko dira. Ipuin eta bertso barriak, garai barriei egokituak. Literatura eta bertsolaritzeagazko atxikimendua bultzatzeaz gan, balore desbardinak garatzeko ipuin konta/kantakizuna da.


Perfomancea eta azken emonaldia

Zemendiaren 8an, emonaldi berezi bat egongo da: Oholtza izeneko performancea. 19:30etik aurrera, Kondestable Civivoxean, Beñat Krolem artista-sortzaileak eta Jon Martin eta Jone Uria bertsolariek Oholtzea taularatuko dabe: bertsolariari jarduteko toki bat eskaintzen deutson eraikuntza-aldagaien multzo bat, mobikorra eta artikulagarria. Bat-bateko eraikuntza-jokoa da, pieza-multzoen bitartez osotzen dana. Momentuan bertan proiektau, diseinau eta muntetan diran egiturak dira, bertsolariek abesten daben bitartean. Bertsolariak berbakaz egiten dauen prozesuaren, hartu-emonen eta gorputzaren jarrerearen arteko azterketea da. Bertan, bertsolariak berak berben aldarea eraldatu eta altzau egiten dau.

Kontuak kontu, Bertsoaroa 2016 zemendiaren 10ean amaituko da, lehen mailako beste bertso-emonaldi bategaz, Gurutzeko plazako Institutuko areto nagusian. Beterano gazteak eta gazte beteranoak dira oholtzara igoko diran sei bertsolariak: Amets Arzallus, Julio Soto eta Beñat Gaztelumendi Euskal Herriko, Nafarroako eta Gipuzkoako txapeldunak dira, hurranez hurran; beste hirurak be, Unai Iturriaga, Saioa Alkaiza eta Agin Laburu, plazaz plaza dabiz azken urteotan eta guztien artean goi-mailako ikuskizuna eskainiko dabe Bertsoaroari amaierea emoteko, Fernando Anbustegik gidatuko dauen saioan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu