Astegoienean doban sartu ahal izango da Guggenheim Bilbao Museoan

Bizkaie! 2016-10-20 09:09   Kulturea

Ateak zabalik jardunaldiak museoaren XX. urteurreneko ospakizunen barruan dagoz, Iberdrolari esker dobako sarbidea eskainiz.

'November Steps', Tom Gold Dance | Ikusi handiago | Argazki originala

Astegoien honetan Guggenheim Bilbao Museoaren XX. urteurrena ospatuko da eta urriaren 22an eta 23an, zapatuan eta domekan, dobakoa izango da sarbidea herritarrei eskertzeko 19 urtez museoa babestu dabela. Ateak zabalik astegoienagaz hasierea emongo jake XX. urteurreneko ospakizunei; hurrengo hamabi hileotan izango dira, 2017ko urrira arte.

Iberdrolari esker, zapatuan, gaueko 22:00ak arte egongo da museoa zabalik, eta, beraz, erakusketak gauez bisitetako aukerea izango da. Horrezaz gan, bisitariek Bilboko Udal Musika Bandearen kontzertu batez gozau ahal izango dabe zapatuan bertan; bandeak Orkestrako Zuzendaritzearen ganeko Topaketen amaierako kontzertua eskainiko dau Atrioan, 20:00etan.

Dobako sarbidea eskaintzeaz gan, hainbat ekitaldi berezi hartuko ditu Guggenheim Bilbao Museoak astegoienean, izan be, 21ean, bariku gauean Art After Dark saioa egingo da Atrioan, Patrice Bäumel, Vibronics eta Lourdes Madow artisten eskutik. Zapatuan BAD Jaialadiaren Hariak ikuskizuna izango da Entzungelan; hor formatu handiko txotxongiloek eta hip-hop eta break dance jantzariek esku hartuko dabe. Domekan, barriz, izen handiko Tom Gold Dance konpainiak November Steps koreografia eskainiko dau, Guggenheim Bilbao Museorako beren-beregi egokitu dauena Tom Gold jantzari eta koreografoak, bi hamarkadotan New York City Balleteko bakarlaria izan zanak. Hitzordua arratsaldeko 19:00retan jarri dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu