Bilboko Udalak VIII. Blas de Otero Poesia Lehiaketan saritutako poesia liburuak argitaratu ditu

Bizkaie! 2016-10-20 08:32   Kulturea

Mikel Etxaburu Osaren Lo zaudela zabaldu dizkizut begiak eta Ramón Pérez Parejoren Gremios dira argitaratu dituen lanak.

Mikel Etxaburu idazlea eta Juan Maria Aburto Bilboko alkatea | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Udalak, Erein eta Devenir argitaletxeen bitartez, Blas de Otero Bilboko Uri Poesia Lehiaketako 2015eko edizinoan saritutako poesia liburuak argitaratu barri ditu. Mikel Etxaburu Osa ondarrutarraren Lo zaudela zabaldu dizkizut begiak (Erein), eta Ramón Pérez Parejo Badajozeko poetearen Gremios (Devenir) lanak dira.

Ramón Pérez Parejo (Badajoz, 1967) Hispaniar Filologian doktorea da Extremadurako Unibersidadeko Hizkuntza eta Literatura Didaktika sailean. Bere ikerketearen arloak Hizkuntzearen eta Literaturearen Didaktikea, Ume eta Gazte Literaturea, Zinemea eta Hezkuntzea, Literaturearen Teoria eta Espainiera Bigarren Hizkuntza lez dira. Filologo moduan aditua da XX. mendeko bigarren erdialdeko espainiar poesian, Extremadurako poesian eta emakumeek idatzitako poesia latinoamerikar garaikidean.

Poesia liburu horretatik, sariketako epaimahaiak, jatorrizko planteamendua azpimarratu eban, sakona edukiari jagokonez. Bertan estilo zaindua eta bertso neurtua erabiliz, subjektu poetikoa hainbat ahots bilakatuz/mozorrotuz doa, hainbat ofizio irudikatzeko.

Mikel Etxaburu Osaren Lo zaudela zabaldu dizkizut begiak poesia liburuari jagokonez, bertsoek Niaren eta uriko paisajearen arteko loturea adierazoten daben era berezia azpimarratu eban epaimahaiak, emozinoz betetako ibilbidea egiten dauen ahots poetikoagaz.

Mikel Etxaburu Osa, Bilbon bizi dan ondarrutarra Euskal Filosofian doktorea da, eta poesia liburu bi argitaratu ditu, Zu zara orain txoria eta Hodeiak zapatetan. Horrezaz gan, orain sei urtetik, maisua da Mondragon Unibersidadeko Giza eta Hezkuntza Zientzien Fakultadean.

Euskerazko eta gaztelaniazko kategorietan saritutako poemak batzen dituen liburuki biak datozen egunetan egongo dira salgai, eta mailegurako prest Bilboko Udal Liburutegi Sarean.

Blas de Otero Poesia Lehiaketea eta Miguel de Unamuno Saiakera Lehiaketea urtero deitzen ditu Bilboko Udaleko Kultura Sailak. Lehiaketa horreen helburua literatura jarduera eta talentu barrien agerpena sustatzea da, egile bilbotar bi horreen memoria eta lana bizirik iraunarazpteaz gan.


BilbaoPoesia

Poesia liburuen argitalpena bat dator egunotan Bidebarrietako Liburutegian martxan dagoan eta Bilboko Udalak antolatzen dauen BilbaoPoesia literatur jaialdiagaz. Biharko eguna Blas de Otero poeteari eskainiko jako, idazlea Bilbon jaio zanetik ehun urte beteten diran urte honetan. Esangura horretan, goizean, Museo-Etxeen eta Idazleen Fundazinoen alkartearen urteroko bileera egingo da, eta arratsaldez, Oteroren Redoble de conciencia liburuaren inguruko poesia topaketea izango da. Bertan, Fanny Rubio idazlea, Ramón Andrés saiakeragileak, Adolfo Celdrán kantautoreak eta José Fernández de la Sotak –Oteroren lana ondoen ezagutzen dauen idazleetako batek parte hartuko dabe, arratsaldeko 19:30etik aurrera, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu