Bilboko 'Txotxongiloak Domekero' programea urriaren 30ean hasiko da
2016-10-19 13:05 KultureaFamiliei zuzendutako ikuskizunak egongo dira astero Campos antzokian, martiaren 26ra arte, Txotxongiloak Domekero zikloaren zazpigarren edizinoan.
SGAE Fundazinoaren eta Campos antzokiaren arteko alkarlanari esker, barriro ipini dabe martxan zikloa, ume txikidun familiak gogoan. Igazko edizinoan 5.000 ikusle inguru batu ziran programako emonaldietan eta aurten datu horri eutsi nahi deutsie antolatzaileek, SGAEren Euskadiko ordezkaritzako arduradun Garbitxuk azaldu dauenez. Familientzat beren-beregi pentsautako ekimena da, horregaitik dira saioak domeketan, ganeratu dau Antton Bastero antolatzaile eta antzerkigileak.
Aurreko urteetan ikusi dabenez, batez be 3 eta 5 urteko bitarteko neska-mutilak egoten dira publikoan, baina nagusiagoak be joaten dira. Ganera, Basterok ohartarazo dau, umeentzako bakarrik ez, familia guztiarentzako ikuskizunak ekarten ahalegintzen dirala, horrek abantaila bat daukalako: Umeak zeozer ulertzen ez badau, aitari edo amari galdetzeko modua dauka.
Urteek aurrera egin ahala, gero eta kalidade handiagoko taldeek parte hartzen dabe Txotxongiloak Domekero zikloan. Izan be, Basterok azaldu dauenez, konpainiek sarreren salmentearen arabera lortzen ditue irabaziak jaialdi honetan, diru-laguntzinorik ez dagoalako, eta hasikeran gatxa izaten zan konpainiak Bilbora etortera animetea. Orain, antolatzaileen arabera, talde askok etorri nahi dabe, finkatutako hitzordua dalako.
Kontuak kontu, urriaren 30etik martiaren 26ra, 19 konpainiaren beste horrenbeste emonaldi egongo dira Campos antzokian. Emonaldi bakotxak sesino bi izango ditu, eguerdiko 12:30etan eta arratsaldeko 17:30etan, bakotxak gehien komenidu jakona aukeratu daian. Espainiako erkidego autonomo guztietako taldeak ekarten ahalegintzen dira. Aurten, Euskal Herriko zazpi taldegaz batera, Madril, Gaztela-Mantxa, Gaztela-Leon, Andaluzia, Asturias eta Kataluniako ordezkariak egongo dira.
Euskal konpainien emonaldi gehienak euskeraz edo hizkuntza bitan izango dira. Kanpoko taldeen ikuskizunak, ostera, gaztelaniaz edo testu barik. Lehenengo ikuskizuna, hilaren 30ekoa, Kataluniako ´L'Estaquirot taldearen Los tres osos izango da. 40 urte baino gehiagoko ibilbidea dauka konpainia horrek.
Euskal taldeen artean, Txintxilipurdi erregea izango da lehenengoa, zemendiaren 6an. Panta Rhei taldearen ikuskizunik arrakastatsuenetako bat da hori, 30 urte inguru daroez heririk herri berau antzezten, mila emonaldi baino gehiagotan. Istorio soila da, ipuin klasikoen egiturea eta kontaketa garaikidea buztartzen ditu, azaldu dau Emilio Fernández de Pinedo Panta Rheiko kideak.
Abenduaren 18an, Toni La Salen Ongi etorri Olentzero! euskera hutsean emongo dabe. Ezustez betetako ikuskizuna da, zehaztu dau Antton Bastero antzezlan horretako aktoreak. Izenburuak dinoan legez, Olentzero da antzezlaneko ardatza.
Gabonen ostean, urtarrilaren 8an, Markeliñeren Hareazko ipuinak entzun ahal izango dira Campos antzokian, euskerazko eta gaztelaniazko bersinoetan. Minbizia daukan neskato baten aitaren kezkak kontetan dira, txotxongiloen bidez, lan horretan. Pasarte batzuk gogorrak dira eta guraso batzuk ikaraz egoten dira, baina gero jenteak gogo onez hartzen ditu, azaldu dau Markeliñeko Jon Kepa Zumaldek. Gai garrantzitsuak etxean lantzeko bidea zabaldu nahi dabe holako gaiak oholtzara eroanda. Zumaldek uste dau, ikusleen heziketan sakontzeko beharrezkoak dirala Bilboko honen moduko egitasmoak eta, zazpi edizino beteta, Txotxongiloak Domekero erreferentzia dala.
Humo kolektiboaren Txori urdinaren habia euskeraz zein gaztelaniaz emongo dabe, zezeilaren 19an eta La Famiglia Torombole, ostera, euskera hutsean, martiaren 5ean. Magiaren eta txotxongiloen arteko fusinoa dala dino David Blanco La Famiglia Toromboleko kideak. Ikuskizunean talde-lanaren eta anai-arrebak alkarregaz ondo konpontzearen aldeko mezua zabaldu nahi dabela dino Blancok.
Euskerazko emonaldietan azkena, martiaren 19an, Xilipurdi konpainiaren Ezetz konta izango da. Liburuen eta ipuinen mundua hurreratzen laguntzen dauen lana dala dino Xilipurdiko Gotzon Mujikak. Publikoa ipuinak kontetera animauko dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!