Basoa gai nagusia dala, seigarrenez egingo dabe Begira Photo jaialdia

Bizkaie! 2016-10-19 09:28   Kulturea

Kinua argazki alkarteak antolatuta, argazkigintza garaikidea bultzatzeko helburuagaz egingo dabe Begira Photo, zemendiaren 13ra arte, Durangaldean. Hiru erakusketa, aurkezpenak eta berbaldiak egongo dira.

Hiro Tanaka argazkilariak 'Arbolada' erakusketan ipiniko dauen argazkia | Ikusi handiago | Argazki originala

2011n sortu zanetik, Durango izan da Begira Photoren erdigunea. Aurtengo edizinoan, seigarrenean, holan izango da barriro, baina badago nobedade bat: Proiektua eskualde guztira zabaltzeko asmoz, erakusketa batzuk Zornotzan, Abadiñon eta Iurretan be ikusi ahal izango dira.

Sormen artistikoa eta argazkilaritzearen inguruko pentsamendu garaikidea bultzatzea da Begira Photoren helburua. Irudien bidez, gaur egungo egoerea ikuspuntu askotatik erakutsi nahi dabe antolatzaileek. Horretarako, 2011tik, jarduera ugari egin izan dira urtero-urtero.

Seigarren edizino hau urriaren 20tik zemendiaren 13ra bitartean egingo da. Basoa izango da gai nagusia. Kontzeptu horretatik abiatuta, gizakiak naturan daukan eragina eta bizileku dogun lurra errespetetearen garrantzia aztertu nahi dira. Logika ekologikoa ekonomikoaren ganetik ipinita, ikuspuntu berezia aurkeztuko dau Begira Photok aurten. Basoetako edertasunaren lekuko izango da argazkigintzea eta, era berean, gure planeteari begiratzeko lan pedagogikoa egingo da.

Hiru erakusketa nagusi dakarz Begira Photok. Teknika, pentsakera eta jatorri ugaritako autoreek basoak eta naturea zelan ikusten dituen ezagutu ahal izango da. Lehenengo erakusketearen izenburua Arbolen lekua da. Misha de Rigger, Regina Anzenberger, Pablo Castilla eta Ellen Bornkessel artisten argazkiak batzen dira hor. Durangoko Arte eta Historia Museoan egongo da erakusketea.

Frozen trees edo Arbola izoztuak izekoa, ostera, Zornotzako Zelaieta zentroan ipiniko dabe. Imanol Marrodanek Urkiolako Parke Naturaleko basoetan ateratako argazki minimalistak dira, arbolak, lainoa, edurra eta leia protagonista dirala. Amaitzeko, Arbolada erakusketea nazinoartean egindako deialdi herrikoi baten emoitzea da. Europa, Asia eta Amerikako 44 artistaren begiradea batzen dau. Durangoko Arte eta Historia Museoan egongo da lehenengo, ondoren Durango, Iurreta eta Abadiñoko aire zabaleko hainbat txokotan erakutsiko dabe.

Erakusketa nagusiakaz batera, jarduera osagarriak dakarz Begira Photok. Batetik, eztabaidarako eta pentsamendurako tartea eskainiko dabe zemendiaren 11 eta 12ko jardunaldiek, eskarmentu handiko argazkilarien eskutik. Topaketen lehenengo egunean, Aitor Ortizek eta Oscar Molinak egingo dabe berba. Bigarrenean, zerrenda luzeagoa da: Marta Dahó, Oscar Molina, Laura, Terré eta Eduardo Momeñe.

Bestetik, argazki-liburu batzuk be aurkeztuko dira Durangon, Begira Photoren hitzordua aprobetxauta. Argazkilarien lana batu eta erakusteko tresna aproposa dira argazki-liburuak eta azken urteotan asko zabaldu da horreen inguruko azokak, topaketak, sariketak eta antzekoak egiteko ohiturea, jaialdiko antolatzaileek dinoenez. Carmen Riveroren Pérdida de lo absoluto, Ximena Almeydaren Calma eta Jesus Mari Arruabarrenaren Friederike aurkeztuko dira Begira Photon.

Imanol Marrodan, 'Frozen trees' serieko argazkia

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu