Carmelo Ortiz de Elgea arabarraren atzera begirakoa Bilboko Arte Eder Museoan
2016-10-19 08:06 KultureaGaur ateak zabaldu eta 2017ko urtarrilaren 17ra arte ikusgai izango dan Carmelo Ortiz de Elgea (Gasteiz, 1944) pintoreari eskainitako atzera begirako hau berrogeita hamar bat piezak osotzen dabe.
Lanok artista arabarraren ibilbide osoko jarduerearen ganeko errepasoa eskaintzen dabe, haren ezaugarria dan figurazinoaren eta paisajearen ikuspegi bereziagaz, gehienbat formatu handietan adierazota. Komisarioa Javier Viar izango da, Bilboko Arte Eder Museoko zuzendaria, eta erakusketea sei ataletan dago banatuta, artistearen ibilbideko beste hainbeste etapa aztertzeko asmoz.
Hasieran, aurreko mendeko 50eko hamarkadearen hasieran, zeinu espresionistako paisajearen pinturan ibili zan buru-belarri; izan be, Ortiz de Elgea pintore goiztiarra eta autodidaktea izan zan. Hasierako lanetan, Madrilgo Eskolako paisajismoaren eragina izan eban, batez be Benjamín Palenciaren lanena, eta, ondoren, informalismo abstraktuarena eta Antoni Tàpiesen pintura materikoarena.
60ko hamarkadearen erdialdean, aldi batez, pop art mobimenduagazko interesa erakutsi eban, eta kolore lau eta distiratsuen paletea eskuratu eban, bai eta elementu tipografikoen, collage fotografikoen eta figurazino kartelgiletik eratorritako irudien erabilerea be. Garai haretan, 1966an, Arabako abangoardiako artisten Orain taldeko sortzaileetako bat izan zan Juan Mieg, Joaquín Fraile eta Alberto Schommerregaz batera.
Aldi horren ondoren, eta hamarkada horren amaieran, haren pinturea figurazino original lez zehaztu zan, oso irudimentsua eta erreferentzia autobiografikoakaz, perspektibearen legeetatik kanpoko espazio batean nahastautako morfologia eta eskala desbardineko personaiakaz.
1973an, ibilbideari bira osoa emon, eta koloreko plano handiko pintura abstraktu egituratuari ekin eutson, paisajea modukoak osotzen zituela, naturalismoaren eta geometrizazinoaren arteko bidean, giza irudiaren erreferentzia desagertuta. Etapa hori laburra izan zan; izan be, 80ko hamarkadearen hasieran, Ortiz de Elgea figurazinora itzuli zan, bere lanetan gitxi gorabehera zirriborratutako paisajeak eta abstrakzinoak sartuz. Era berean, hurreko inguruko irudiak eta egiten zituan bidaia ugarietako irudiak gehitu zituan.
Erakusketea sei ataletan dago banatuta, artistearen ibilbideko beste hainbeste etapa adierazoteko
- Obra goiztiarrak (1963-1968): Pintoreak Aretxabaletan bizi izan zituan umezaroa eta gaztaroa, Arabako uriburutik hur, landa-giroan eta natureagaz lotura zuzenean. Artistearen lehenengo obrek inguruan zituan mendi, baserri eta lautada zabalen paisajea islatzen dabe, modu zuzen eta adierazkorrean. Gero, hirurogeiko hamarkadearen hasieran, Madrilgo Eskolako paisajisten koloreak hartu zituan; batez be, Benjamín Palenciarenak. Mihiseak materia piktorikoz beteten hasi zan eta, aurrerantzean, haren lanak ez ziran hain naturalista eta deskriptiboak. Orioaz gan, egileak beste elementu batzuk be erabilten ditu, Esfera arteko keinua lanean gertatzen dan moduan. Hirurogeiko hamarkadearen erdialdean, pop art jokerearen baliabide estilistikoetako batzuk erabilten hasi zan, besteak beste, karteletatik jasotako irudiak edo collagearen teknikea.
- Figurak paisajeagaz (1968-1971): 1968. urtearen inguruan, urte gitxiko tartean, giza figurea izan zan Ortiz de Elgearen margolanetako protagonista. Garai haretan, kromatismo biziko paisaje handien serie bat egin eban, perspektibeari jaramonik egin barik, mueta guztietako personaiak agertzen baitira. Emoitza lez, mundu libre eta nahasia lortu eban eta, bertan, fantasia, umorea eta erotismoa sartu zituan. Bainua lanean, urmael baten inguruan biluzik dagozan emakumezko bainulari batzuek eszena klasikoa osotzen dabe, baina, atzealdean, txapel gorridun gizon bat agertzen da, eta horrek eszena osoa eraldatzen dau. Paisajearen behaketa lana personaia biluzi batean dago oinarrituta; jesarrita dago eta gorantz begira, Adan Paradisuan munduaren zentzunaz pentsetan balego lez.
- Paisajearen inguruko abstrakzinoa (1973-1978): Ortiz de Elgeak pintura abstraktuari be ekin eutson, egitura geometrikoen eta kolore-plano handien bitartez antolatuz espazioa. Kolore-plano horreek airetik ikusitako paisaje zabalen efektua sorrarazoten dabe. Lehenengo koadroek kubismo sintetikoa gogorarazoten dabe, eta bilakatuz doaz, gero eta abstraktuagoak eta espresionistagoak izatera heldu arte. Holan ikusten da, adibidez, areto honetan batutako formatu handiko seriean. Paisaje zurrunbilotsuak iradokitzen dira bertan, zerua eta lurra nahastauta.
- Paisajera itzulerea (1980-1987): Laurogeiko hamarkadearen hasieran, lan esperimentalak egin zituan adierazpide barrien bila; emoitzen artean, hortxe dagoz zenbait margolan: Txarola, oraindino be abstraktua, edo Animalia zauritua. Garai haretan, perspektibearen erabilerea berreskuratu eban. Horretarako, zenbait elementu erabilten zituan (esate baterako, bideak edo zerumugea), eta, horreei esker, espazioa ezagutzeko modukoa zan. Ganera, kasualidade hutsez, nerabezaroan pintautako lehenengo paisajeak topau zituan estudioan, eta horrek natureagazko lotura zuzena berreskuratzera animau eban.
- Paisajea figurakaz (1983-2008): Hemen batutako lanetan, paisajeak nagusitu egiten jakez figurei. Personaia, basoa zeharkatzen edo Argi kontra (Korres) lanetan, figurek galdu egin dabe izaera indibiduala, eta itzalen edo espektroen antzera agertzen dira. Jagolea obran, masta edo zutabe baten kontra dagoan personaia isolatu bat ikusten da, panorama zabal baten aurrean. Bilbo I lana Bilbok laurogeiko hamarkadan bizi izandako eraispen industrialari buruzko serie baten parte da. Bertan, giza itzal bat paisaje industrialean txertatzen da, lekuko harritua izango balitz lez. Beste koadro batzuetan (adibidez, Karabinaren oharkabekeria deitutakoan), bi edo hiru personaia agertzen dira, baina maniki bizibakoak balira legez.
- Azken aldiko paisajeak (2000-2016): Ortiz de Elgearen paisajeetako asko abstrakzinoaren mugan dagoz kokatuta, motiboaren aurrean egindako zirriborroetatik abiatuta pintautakoak badira be. Holan gertatzen da Su-loreak, Asturiasko paisajea edo Nahaspila obretan. Edozelan be, azkenaldian egin dituan obren artean be, badago paisaje figuratiboetarako lekurik; horreetako batzuk margolariaren bidaia ugarien ondorioz sortutako emoitzak dira, berbarako, Artzain-etxolak Kalifornian, Renoko (Nevada) egonaldi batetik bueltan pintautakoa; edo Mangladia, Guatemalan naturalean egindako zirriborro batetik abiatuta pintautakoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!