Antton Olariaga omenduko dau Bilboko Parrapean jaialdiak

Bizkaie! 2016-10-18 07:59   Kulturea

Komikiaren munduagaz lotutako Parrapean jaialdia urriaren 18tik 29ra bitartean egingo dabe, Santutxuko eta Begoñako udaltegietan.

Urtero legez, komikiakaz lotutako jarduera ugari dakarz Parrapean jaialdiak Bilbora: Erakusketak, tailerrak, mahai-inguruak, azokea eta abar. Ekintza guztiak dobakoak dira. Ganera, komiki lehiaketako sariak banatuko dira eta Antton Olariagari omenaldia egingo jako. Zakilixut pertsonaiaren sortzaileagaz solasalditxua antolatu dabe jaialdiaren azken egunean.

Hiru erakusketa dagoz aurtengo programazinoan eta hirurak zabalduko dira asteon, Parrapean-en hasikerako egunakaz bat eginaz. Santutxuko udaltegian, Kataluniako Cavall Fort eta Euskal Herriko Xabiroi komikien ganeko erakusketea egongo da. Biak be, ibilbide luzeko argitalpenak dira, batez be Cavall Fort, orain dala mende erdi sortu zan eta.

Beste erakusketetako bat Begoñako udaltegian ipiniko dabe. Irkus M Zeberiok eta Marlene Krausek egindako lanen aukeraketea izango da. Begoñako liburutegiko erakusketan, ostera, Antton Olariagaren marrazkiak ikusi ahal izango dira, aurtengo omendua bera dan ezkero.

Beste alde batetik, zinemeak eta komikiak bat egingo dabe Parrapean-en. Hilaren 19an, Begoñako udaltegian, FANT jaialdian aukeratutako animazinozko filmen proiekzinoa egongo da eta, 20an, leku berean, ZINEBI jaialdiko animazinozko pelikulak emongo ditue. Urriaren 21ean, Santutxuko Karmelo plazan, Suhar Prest taldearen Paradoxa zirku-ikuskizuna egongo da.

Urriaren 26an eta 27an, Begoñako liburutegian, komikien sorkuntzeagaz eta edizinoagaz lotutako tailerra antolatuko dabe Danbalahara! Euskal onomatopeiekin lanean izenburupean. Santutxuko udaltegian, ostera, mahai-ingurua entzun ahal izango da hilaren 28an. Cavall Fort aldizkariko zuzendari Merce Canelak, Cristina Losantos ilustratzaileak, Oriol Garcia ilustratzaileak eta Dani Fano Xabiroi aldizkariko koordinatzaileak egingo dabe berba, Igor Leturia moderatzaile dala. Helduentzako tailer edegia be emongo dau Cristina Losantosek 29an.

Jaialdiaren azken eguna, urriaren 29a, bete-betea izango da. Karmelo plazan omenaldia egingo deutsie Antton Olariagari, Joseph Camino saria emonaz. Irudigile gipuzkoarra Francoren diktadurearen amaiera aldean hasi zan egunkari eta aldizkarietan tirak marrazten, sasoi haretako giro politikoari kritikea egiteko. Ondoren, Egin egunkarirako sortu eban Zakilixut pertsonaia. Gaur egun, Olariagak oraindino argitaratzen dau Zakilixuten tira bat egunero Berrian. Saria jaso eta gero, Asisko Urmenetagaz solasaldia egingo dau Olariagak. Urmeneta be euskerazko ilustrazinoaren munduan ezaguna da.

Egun horretan bertan, Harkaitz Canok eta Iñaki Holgadok euren proiektu barria aurkeztuko dabe, Museo bilduma komikia. Gregorio Murok, ostera, Harriet komikia aurkeztuko dau, Patrice Hordasek SOS Lituania eta Daniel Redondok Ion eta Mirka. Tailerrak, ipuin kontalariak eta abar be egongo dira. Amaitzeko, jaia egingo dabe iluntzean, La Nube kafe antzokian. Irudigile katalanen eta euskaldunen arteko norgehiagokea egingo da bertan.

 

Parrapean jaialdiko egitaraua

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu