Kulturen arteko topaleku izateko sortu da Kulturaire

Dabi Piedra 2016-10-17 13:18   Kulturea

Bilbao 700 fundazinoak antolatuta, zemendiaren 10etik 12ra egingo dabe Kulturaireren lehenengo edizinoa, Bilbon. Andaluziako flamenkoa eta kultura eskoziarra konbidauko ditue.

Aitor Narbaiza, Josune Ariztondo eta Aitzol Batiz | Ikusi handiago | Argazki originala

Ikusi eta ikasi esaldia gogoan, bertoko eta beste herrialde batzuetako herri-kulturen arteko alkarrizketea sortu nahi dau Bilbao 700ek Kulturaireren bidez, Josune Ariztondo fundazinoko buruak azaldu dauenez. Batez be, kultura herrikoietan oinarritutako adierazpideak mundu garaikidera zelan egokitu diran erakustea da asmoa. Loraldiaren zelanbaiteko jarraipena dala dino Ariztondok: Udabarriko hitzorduan euskal kulturea munduari erakutsi jakon bitartean, Kulturairen kanpoko kulturak hona ekarri nahi dira, eredu izan daitezan.

Europako beste herri kultura garaikide batzuetan zer egiten dan jakin nahi dogu, adierazo dau Ariztondok. Tradizinoa, kultur aniztasuna, kulturartekotasuna alkarren arteko lehian ipinten dira sarri, baina guk batera ikusten doguz, alkarregandik ikasteko. Hainbat jardueraren bidez aztertu eta eztabaidatuko dabe gai hori.

Campos antzokia eta Azkuna Zentroa izango dira Kulturaireren erdigunea, zemendiaren 10etik 12ra. Eskoziako tradizino kulturalaren eta Andaluziako flamenkoaren ordezkariak izango dira protagonistak. Bilbao 700ek Euskal Herriko eragile guztiak konbidau ditu parte hartzera, alkartrukea bultzatzeko. Programatzaileentzat, musikarientzat, jantzarientzat... aproposa izango dala uste dabe antolatzaileek.

Aitzol Batiz Kultiba enpresako arduradunak azaldu dauenez, bertoko eta kanpoko eragileen arteko alkarrizketea sortuta, alkarregandik ikasi eta etorkizuneko kolaborazinoei bidea zabaltzea da asmoa. Antolakuntza teknikoaz arduratu da Kultiba. Atzerriko adituak ekarteaz, ostera, Bapo Bapo arduratu da. Bertako kide Aitor Narbaizak azaldu dauenez, zubi lana egin nahi dabe.

Hasteko, zemendiaren 10eko egitaraua Eskoziari eskainiko deutsie. Celtic Connections jaialdiko zuzendari Donald Shaw egongo da Campos antzokian. Glasgown negu guztietan antolatzen dan jaialdi handi hori, aproposa da ikusteko Eskoziako kultura tradizionala zelan egokitu dan mundu garaikidera. Ganera, Greg Lawson, Fraser Fifield, Innes White, Hannah Beaton eta Sophie Stephenson musikari eskoziarrak izango dira Bilbon.

Zemendiaren 11n eta 12an Azkuna Zentrora joango da Kulturaire, flamenko doinuak lagun. Faustino Núñez Cadizeko Unibersidadeko irakasleak emongo dau lehenengo berbaldia eta, ondoren, Guiomar Fernándezek flamenkoa barritzeko esperientzia arrakastatsuak aurkeztuko ditu. Andaluziako zein Eskoziako adituakaz hartu-emon emonkorra bultzatzeko, berbaldiak ez eze, bestelako jarduera batzuk be antolatuko dira: Esperientzia kultural batzuk barrutik ezagutzeko kasu praktikoak, alkarrizketak (elk:AIREizketak izenburupean), adituakaz kafea hartzeko tartea eta abar.

Ganera, topaketearen hiru egunetan, beste horrenbeste kontzertu egongo dira iluntzeetan: 10ean, Camposen, Albatross Song eskoziarrek joko dabe; 11n, Azkuna Zentroan, Choni konpainia flamenkoaren Compás de Espera emonaldia izango da; eta 12an, barriro Azkuna Zentroan, Jagoba Santosen kontzertua egongo da. Bizkaitarra da Jagoba Santos, baina ibilbide musikal oparoa egin dau atzerriko unibersidade eta ikasketa-zentroetan. Yago Santos izen artistikoa darabil gitarrea joten dauenean.

Lehenengo aldiz antolatu dabe Kulturaire, baina Josune Ariztondok dino hurrengo urteetan edizino gehiago egiteko asmoz jaio dala ekimena. Goizetako jardunaldietan parte hartzeko izena emon behar da, 15 euro ordainduta (egun bakarrerako edo aurretiaz erosita, 10 euro) . Kulturearen arloko eragileak, kulturzaleak zein interesa daukan beste edonorentzat aproposa dala dinoe antolatzaileek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu