Begi lapranik bako txinatarrak

Zigor Aldama 2016-10-14 10:06   Bidaide

Xinjiang Txinan dago baina nahikoa da ipar ekialdeko inguru horretan sartu eta atzemoteko herrialdeko lurralderik handiena dan horrek ez daukala bape zerikusirik Dragoi Handiagaz lotutako iruditeria kolektiboagaz.

Tenplu budistak mezkita dira hemen eta Han gehiengo etnikoaren begi lapranak edegiago agiri dira gitxiengoa diran arpegiera gogorreko Uigur etniakoen artean, Asia Erdialdeko herrien antz handiagoa dauen turkiar jatorriko etnian, hain zuzen be. Are gehiago, erlojuetako orratzek Pekineko ordua adierazoten daben arren, ofiziala ez dan ordutegia darabile herritarrek, zentzunezkoagoa, izan be, Xinjiang eta Txinako uriburuaren artean 3.000 kilómetro baino gehiago dagoz, hau da, pare bat ordu-eremu ofizialaren atzetik. Beraz, uniberso sano desbardina.

Eta Txinako lurralde gatazkatsuena be bada. Izan be, Uigurak indarkeriaren ikur dira askorentzat, Txinako uri nagusienetako kaleetan dabizan gaizkileak zein beren lurraldeari Ekialdeko Turkestan esaten deutsien terroristak, jente asko pilatzen dan lekuetan aizto edo matxeteak eta leharkailuak erabiliz erasoak egiten dituenak. Halan da be, Xinjiang-en agiri dan indarkeria bakarra da Txinako indarren neurri bako indar erakustaldia: bide bazter eta kantoi guztietan dagoz militarrak armaz josita, kaminoetan kontrolak dagoz ugari eta kaleetan tanketak be ikusten dira sarritan.

Edozelan be, tensino giro horretan, Uigurek, batez be, landa eremukoek, kanpotarrakaz daben abegikortasun edo harrera ona sano deigarria da. Horixe da Erkin-en kasua, domekero Kashgar-eko ganadu azokara joaten dan abeltzainarena, hitzordu hori baita onena puntu kardinal guztietako Uigurakaz bat egiteko. Prezio onean saltzeko ardiei ardi-ulea ebagi ostean, beti hartzen dabe astia kanpoko bisitariakaz berba egin eta konbita egiteko herrira bueltako bidea eurekaz egiteko. Askok ez dakie ondo Uigurak nor eta zer garen, gu herri baketsua gara eta gure kultureagazko errespetua baino ez dogu eskatzen esan deusku Erkin-ek, traktorean jesarrita dagoala.

Xinjiang-eko 21 miloe herritarren antzera, Erkin hotz eta beroei aurre egiteko ezin hobeak diran adobe eta egurrezko etxe batean bizi da: neguan zeropeko 30 gradu izaten dira eta udan, barriz, 35 graduko tenperaturea be izaten da sarri; hori gitxi ez eta lurrikarak be izaten dira inguru horretan. Gobernuak hormigoizko eraikinetara eroan gura gaitu baina bildur gara ahulagoak eta seguridade gitxiagokoak ez ete diran izango lurrikaren kontra; horrezaz gan, gure ohitura eta kulturearen kontra dabizela be uste dogu. Gogoratu, besterik ez bada, 2008an, Sichuanen izandako lurrikaran, 80.000 lagun baino gehiago hil zirala.

Halan da be, Uigur eta txinako 55 gitxiengo etnikoei globalizazinoaren eraginak min handiagoa egiten deutse gobernu zentralak ezartzen dituan neurriek baino. Gazteek ez dabe lurra landu gura, Shanghái edo Pekín lako uri handietara joan eta hezkuntza hobea jaso eta lana topau gura ditue kontau deusku Erkin-en emazte Nur-ek, arpegiera tristeagaz tea jarten deuskun bitartean. Gure seme-alaba biak Xinjiang-eko uriburu Urumqi-ra joan dira, Kashgar-etik mila kilometro ingurura eta ordutik oso gitxiatn ikusten doguz. Nagusiak mezkitara joateri be itxi egin deutso lagun txinatarrei ez jakelako gustetan.

Erkin-ek argi adierazo deusku interes independentistarik ez dauela baina aukerarik txikiena ikusten dauenean pozik azaltzen dau Uigurek inperioa sortu ebela VIII eta XII. mendeen artean. Sasoi haretan Mongoliako leku batzuk be kontrolpean geunkazan adierazo dau. Baina Gengis Kan agertu zanean triskantza handia eragin eban. Orain, barriz, Alderdi Komunistea da autonomia bereziko inguru horretan, baita hegoaldean dagoan Tibeten be, kontrol zorrotza ezartzen dauena. Arazoa da Gobernuak Han etniakoen emigrazinoa Xinjiang-era ahalbidetzen dauela eta lanpostu hobeak emoten deutsiezala. Gure lurra oso aberatsa da baliabide naturaletan baina aberastasun hori ez dogu guk jasoten oso gitxi inbertiduten daben estaduaren enpresa handiek baino kritikau dau izena emon gura ez dauen
Urumqi-ko gazte batek. Ez dot terrorismoa onartzen baina badakit Uigur batzuk diskriminazinoa eta amorrua sentiduten dituela kultura eta ekonomia mailako errepresinoa oso larria dalako. Izan be, hori izan zan 2009ko aurrez aurreko odoltsuen sua biztu ebana eta 200 hildako baino gehiago eragin zituana. Ordutik egoereak ez dau egin hobera eta leitekeana da barriro, edozein momentutan holako egoera negargarriak sortzea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu