Adonis idazle siriarrak zabalduko dau Bilbaopoesia urriaren 13an
2016-10-06 13:54 KultureaBilboko Udalak antolatuta, Bidebarrieta Kulturgunean egingo dabe Bilbaopoesia. Hogei autore inguru konbidauko ditue eta Gabriel Arestiri omenaldia egingo deutsie.
Hilaren 13tik 21era bitartean egingo dabe Bilbaopoesiaren aurtengo edizinoa, Poesia babesleku izenburupean. Egitaraua zabaltzeko, Adonis olerkigile eta saiakeragile siriarra izango da Bidebarrietan, errezitaldi baten. Arabierazko idazle nabarmenenetako bat da Adonis gaur egun eta Literaturako Nobel Saria irabazteko hautagaien artean egoten da urtero. Mouin Saleh Hakim, Sirian jaiotako pediatra bilbotarragaz batera eskainiko dau errezitaldia, urriaren 13an, 19:30ean.
Nazionalismo arabiarraren eta islamismo erlijiosoaren kontrako ahots ospetsuenetako bat da Adonis. Kultura arabiarraren alde egiten dau, baina berau erlijinotik bereiztuta. Sirian jaio zan 1930ean, Ali Ahmad Said Esber izenagaz (gero hartu eban Adonis ezizena) eta Libanon bizi izan zan urte askoan. Gerratik urruntzeko asmoz, 1980ko hamarkadan Parisera joan zan. Hogei poesia-liburu inguru argitaratu ditu.
Topaketea frantsesez izango da, ekitaldia antolatzen Bilboko Institutu Frantsesak parte hartu dau eta. Bat-bateko itzulpena egongo dala dinoe Bilbaopoesiako arduradunek. Adonisen errezitaldirako sarrerak euro bian salgai dagoz, Bidebarrietako liburutegian.
Bestetik, Bilbaopoesiak Gabriel Aresti bilbotarrari omenaldia egingo deutso, hilaren 14an, idazlea jaio zaneko urteurrenean. Jon Kortazar irakasle eta adituak Arestiren poema batzuk aztertuko ditu eta idazleak Euskaltzaindiagaz izan eban hartu-emona be jorratuko dau. Arkaitz Estiballes bertsolariaren ahotik entzun ahal izango dira Arestiren poemak. Era berean, Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketako sariak banatuko dira egun horretan, Bilboko udaletxean.
Pablo Gonzalez de Langarikak be omenaldia jasoko dau Bilbaopoesian, urriaren 15ean. Oraintsu hildako olerkigile horrek egindako ekarpena gogoan izango dabe haren lagun izandako idazle batzuek: Miren Agur Meabek, Juanra Madariagak, Blanca Sarasuak eta José Fernández de la Sotak, besteak beste.
Urriaren 17tik aurrera, bertoko eta kanpoko poeten errezitaldi ugari hartuko ditu Bidebarrietak. Miren Agur Meabe, Josefa Parra, Aurora Luque, Patxi Zubizarreta eta abar konbidauko ditue. Aitagarria da, era berean, hilaren 19ko topaketea, Jaime Siles, Eloy Sánchez Rosillo eta Eduardo Moga batuko dituana.
Urriaren 20ko topaketea Blas de Oteroren omenezkoa izango da. Idazle bilbotarraren Redoble de conciencia lana oinarri hartuta, saio berezia eskainiko dabe Fanny Rubio idazleak, Ramón Andrés saiakeragileak, Adolfo Celdrán kantautoreak eta José Fernández de la Sota poetak. Hilaren 21ean, Bilbaopoesia zarratzeko, Wislawa Szynborska poloniarraren inguruko saioa eratu dabe, Donostia 2016gaz alkarlanean.
Jarduera guztietara doban sartu ahal izango da, euro bi balio dauen Adonisen errezitaldia izan ezik, Bilboko Udalak ohartarazo dauenez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!