Hemen da Gasteizko XLI. Nazinoarteko Antzerki Jaialdia

Bizkaie! 2016-10-06 13:23   Kulturea

Jaialdia urriaren 6tik zemendiaren 29ra arte egingo da aurten, eta danetara 35 ikuskizun eskainiko ditu, besteak beste, bertoko 10 lan eta horreetatik 6 euskeraz.

Gasteizko XLI. Antzerki Jaialdiak nazinoarteko begiradea eta proposamen abangoardistak jasoten ditu. Estreinaldiez, egungo antzerkigile ospetsuen antzezlanez eta bertoko sortzaileen lanez gozetako aukerea egongo da. Baina bertoko sormena sustatzearen eta indartzearen aldeko apustua egin izan dau beti Jaialdiak.

Ikusleak eta bertoko taldeak gogoan, Off Lokal-ek mikroantzerkia egiteko espazioa eskainiko deutse Gasteizko konpainiei; Enred@ados-ek, bestalde, Baratza aretoagaz alkarlanean, ikusleak aktoreakandik hur egoteko aukerea emongo dau, eszenatokiaren ganean eurekaz istorioa konpartiduteko aukerea, hain zuzen. Arte eszenikoen ganeko jardunaldi eta barriketaldiez gan, bisita gidatuak eta aktoreentzako zenbait tailer be izango dira; barriketaldiok sano interesgarriak izaten dira, zuzendariek eta aktoreek aukerea izaten dabelako ikusitako lanari buruz publikoagaz eztabaidatzeko.

Kontuak kontu, hainbat herrialdetako lanak ikusi ahal izango dira: Erresuma Batua, AEB, Argentina, Frantzia, Italia, Alemania, Japonia eta Holanda. Bertoko sortzaileen artean, Oreka Tx, Kulunka Teatro, Pikor, Pez Limbo, Slep Walk Collective eta Teatro Paraíso dagoz.

Aurten zuzendari enblematikoak izango dira jaialdian, atzerrikoak (Nelly Hunter, Mauricio Kartun, Claudio Tolcachir eta Moses Pendelton) zein estadukoak (Andrés Lima, Alfredo Santol, Alex Rigola eta Mario Gas); era berean, akore ezagunak ikusi ahal izango doguz, batzuk nabarmentzearren, Nuria Espert, Verónica Forqué, Irene Escolar, Bárbara Lennie edo Israel Elejalde.

Beste batzuetan legez, programazinora jarduera osogarriak be batu ditue Antzerkia zabaltzen atalean: lantegiak, ikusleentzako topaketak, bisitaldi gidatuak, etab. Ganera, Haurtxoak proiektu aitzindaria (Federico Garcia Lorca antzokian) XI. edizinora heldu da. Gizarte etxeetako zikloek eta Jesús Ibáñez de Matauco antzokiko Jim Aktual zikloak be izango dira.

Gasteizko XLI. Nazinoarteko Antzerki Jaialdia gaur, hilak 6, hasiko da Erresuma Batuko Flute Theatre konpainiaren Hamlet,who's there lanagaz. Gasteizko Principal Antzokian, 20:30ean hasiko da antzezlana. Ingelesez izango da gaztelaniazko goi-tituluez lagunduta.

Gasteizko XLI. Nazinoarteko Antzerki Jaialdiaren egitarau osoa ikusteko klik egin hemen.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu