Durangoko Azokara doan jentearen ohiturak eta jarrerak ikertu ditue
2016-10-06 08:02 KultureaDeustuko Unibersidadeko Euskal Gaien Institutuak, Siadecok eta Gerediaga alkarteak egin dabe ikerlana. Etorkizuneko azokea zehazteko datu baliagarriak lortu dituela dinoe.
Gerediaga alkarteak azaldu dauenez, ondorio esanguratsuak atera ditue ikerketeari esker. Datuek erakusten dabenez, Durangoko Azokearen publikoa oso fidela da eta azken urteotan ekimenak hobera egin dauela uste dabe inkestan parte hartu daben gehienek.
Azokara inoz joan izan diran 915 personari egin deutsie galdeketea Siadecoko eta Deustuko Unibersidadeko adituek. Era askotako galderak izan dira, azokearen publikoaren erradiografia zehatza egin ahal izateko: Zerk erakarten dauen, zer eta zenbat konsumiduten dauen, azokea zelan baloretan dauen... itaundu deutsie bakotxari.
Gerediaga alkarteko presidente Nerea Mujikak eta bertako kide Aitziber Atorrasagastik aurkeztu ditue datuok, Deustuko Unibersidadean egindako ekitaldi baten. Ganera, bertan egon dira, azalpenak emoten, Siadeco enpresako Juanjo Allur eta Deustuko Unibersidadeko Euskal Gaien Institutuko Xabier Landabidea.
Ondorio nagusietako bat da azokearen publikoa oso fidela dala. Inkestan parte hartu daben gehienak urte baten baino gehiagotan joan izan dira azokara. Hamarretik zazpik, azokearen ohiko bisitariak dirala dinoe. Bataz beste, hamahiru edizinotara joan dira alkarrizketatuak.
Era berean, publikoa, bataz beste, gaztea dala erakusten dau ikerketeak. 29 urtetik beherakoak dira bisitarien heren bat baino gehiago eta azokara lehenengoz joan, gero eta gazteago joaten da jentea. Bestetik, bisitarien erdia baino gehiago emakumezkoak dira. Erdiak inguru bizkaitarrak dira, beste heren bat gipuzkoarrak eta, azkenik, Euskal Herriko ganerako lurraldeetatik proportzino askoz txikiagoan joaten dira Durangora. Hizkuntzeari jagokonez, pentsetakoa dan moduan, bisitari gehienak euskaldunak dira (% 90 baino gehiago). Gitxi gorabehera, erdiak euskaldun zaharrak dira.
Bataz beste, 65 euroko gastua egiten dabe bisitariek Durangoko Azokan. Danek ezagutzen ditue azokako gune nagusiko erakusmahaiak, baina beste gune batzuk (adibidez, Saguganbara edo Kabi@) ez ditue ezagutzen erdiak baino gehiagok. Edadez nagusiagoak diranak erakarten ditu areto nagusiko berbaldien eskaintzeak eta gazteek, ostera, Ahotsenea gunera joateko jokera handiagoa dabe.
Azken urteotan azokearen eskaintzeak hobera egin dauela uste dabe gehienek. Euskal kulturaren alorreko eskaintza zabala eta sortzen dan giroa, biak dira publikoa azokara erakarteko tresna garrantzitsuak. Funtzino ekonomikoagaz batera, funtzino sozial edo sinbolikoa be ikusten deutso jenteak azokeari.
Gerediaga alkarteak azpimarratu dauenez, emoitza esanguratsuak lortu ditue ikerlanari esker. Ikusten ez dana modu kuantitatibo baten neurtzea lortu dabe. Etorkizuneko erronkei heldu eta erabagiak hartzeko informazino osoagoa daukie orain antolatzaileek. Inkesta honek, baina, hutsune batzuk be agirian itxi ditu eta, hortaz, badaukie zertan lan egin Gerediagakoek: Zelan heldu sekula azokara joan ez diranakana, zelan erakarri euskaldunak ez diranak, azokako guneen egitaraua zelan ezagutarazo eta abar.
50 urte beteta, 51. edizinoari ekiteko indarbarrituta dagozala dinoe Gerediagako kideek. Azokeak gaur egun dauen indarra ez litzateke posible izango egokitzeko eta hobetzeko asmoz egindako ahalegin barik eta, aurrerantzean be, horretan segidu nahi dabela azpimarratu dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!