'Everything is Changing' disko barria besapean, hemen dira The Allnighters

Bizkaie! 2016-10-05 13:21   Musikea

Diskoa Madrilen aurkeztuko dabe urriaren 31n; hortik aurrera: zemendiaren 12an, Elorrion; abenduaren 17an, Ermuan; 23an, Bilbon; eta 30ean, Gasteizen.

The Allnighters, rhythm and bluesagaz obsesionauta dagozan bost lagunen istoria. Gasteizen kokatu behar da hasierea, 1988ko uda beroan. Hutsetik abiatu eta gogotik lan eginda peninsulako erreferentziazko talde bihurtu zan 90. urteetan musika baltzari jagokonez. Hamar urtez lanean etenbarik emon eta gero, Estaduan eta Europako hainbat herrialdetan 300dik gora kontzertu eskaini eta 3 LP eta hainbat single eta bilduma plazaratu ostean, desegin egin zan taldea 1998an.

2013ko martian agertokietara azaldu ziran barriro be plazer hutsez, ezelako presino barik. Mojo Working (Donostia) eta Black is Back lako erreferentziazko jaialdi berezi batzuetan eta areto garrantzitsuetan kontzertuak eskaintzen urte bi emon eta gero, disko barri bat kaleratzeko erabagia hartu eben proiektuari halako osotasun bat emoteko.



Gaur prentsaurrean agertu dira Bilbon eta taldearen laugarren lanaren ganeko zehetasunak emon ditue. 2016ko zezeilean, asteburu bakar batean, Everything is Changing (Gaztelupeko Hotsak) lana grabau eben Xixongo Circo Perrotti estudio analogikoan, Jorge Explosiónek produziduta. Lan horretara batzen dira taldearen ardatz izandakoak: 50eko hamarkadako boogiea aho-soinuagaz, 60. urteetako soula eta rhythm & blues cool-ena, eta 70. hamarkadearen amaierako pub-rocka. Lan ederra da, metalen sekzino osoagaz eta merezidu dauen soinu apartagaz. Danetara, zortzi kantu batu ditue: sei kantu barri, bersino bi eta taldearen lehenengo diskoan argitaratutako Midnight boogie klasikoaren moldaketea.

Zuzenekoei jagokenez, diskoa Madrilen aurkeztuko dabe urriaren 31n, eta hortik aurrera: zemendiaren 12an, Elorrion; abenduaren 17an, Ermuan; 23an, Bilbon; eta 30ean, Gasteizen.

Zuzeneko emonaldietan indar handiko taldea danez, milaka kilometro egin izan ditue, eta maila handiko musikariakaz konpartidu izan ditue agertokiak, estilo desbardineko hamaika musikarigaz, horreen artean aitagarriak, besteak beste, Wilko Johnson, Nine Below Zero, Barrence Withfield, Bill Thomas, Kenny Neal, Ian Dury, The Blues Brothers Band, Lazy Lester, Melvin Davis, Eli Paperboy Reed eta Swamp Dogg.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu