Urriaren 15ean hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketearen udagoieneko fasea

Dabi Piedra 2016-10-05 12:27   Bertsolaritzea

Bost kanporaketa eta hiru finalaurreko egongo dira. Zortzi onenek Bilboko Miribilla kiroldegian jokatuko dabe finala, abenduaren 17an.

Ione Narbaiza, Asier Ibaibarriaga eta Ana de Castro, Bilbon egindako aurkezpenean | Ikusi handiago | Argazki originala

Formatu barria dauka aurten Bizkaiko Bertsolari Txapelketeak. Udabarriko fasea da barrikuntza nagusia. Azken fasera, udagoienekora, 25 bertsolari pasau dira apirilean eta maiatzean jokatutako saioetatik. Horri, inoz finalista izandako beste bost bertsolari batuko jakez urritik aurrera eta, finalaurrekoetan, 2014ko bost finalista.

Hortaz, 35 bertsolarik parte hartuko dabe txapelketearen azken fase honetan, Miribillako finala helburu. Urriaren 15ean jokatuko da lehenengo kanporaketea, Mungiako Olalde aretoan. Aissa Intxausti, Aitor Bizkarra, Garikoitz Sarriugarte, Imanol Uria, Mikel Retolaza eta Miren Amuriza izango dira oholtzan, Amaia Ugalde gai-jartzailearen aginduetara.

Beste lau kanporaketa jokatuko dira ondoren: Urriaren 22an Sestaon; Urriaren 23an Igorren; Urriaren 29an Leioan; eta zemendiaren 5ean Zaldibarren. Udabarriko fasetik etorritakoakaz batera, inoz finalista izandako Beñat Ugartetxea, Eneko Abasolo 'Abarkas', Ibon Ajuria, Miren Amuriza eta Peio Ormazabal egongo dira kanporaketetan. Saio bakotxean sei bertsolarik kantauko dabe.

Kanporaketa bakotxeko irabazleek eta puntuazinorik onena lortutakoek finalaurrekoetarako txartela lortuko dabe. Hor batuko jakez 2014an finalista izan ziran bost bertsolari: Etxahun Lekue, Jone Uria, Oihana Bartra, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia. Seina bertsolariko hiru saio izango dira finalerdietan. Saio bakotxeko irabazleak eta puntuazinoz aukeratutako beste bost sartuko dira finalean.

Finalerdietako lehenengo saioa Markina-Xemeinen jokatuko da, zemendiaren 19an. Ondoren, Basaurira joango da txapelketea, hil horren 27an. Amaitzeko, abenduaren 3an Larrabetzun jokatuko da hirugarrena.

Aurreko edizinoetan legez, Bizkaiko Bertsozale Alkarteak Bilboko Miribilla kiroldegia aukeratu dau finala jokatzeko. Abenduaren 17an, 17:30ean hasita, erabagiko da nor izango dan txapeldun barria. 2014ko irabazleak, Fredi Paiak, ez dau parte hartuko, beraz buruz aldatuko da txapela.

Ione Narbaiza alkarteko eragile orokorrak azaldu dauenez, udagoieneko faseko saio guztiak 17:00etan hasiko dira, finala izan ezik. Sarrerak saioa hasi aurretik, txarteldegian, erosi ahal izango dira, baita Bertso Sarrerak webgunean be. Kanporaketa eta finalaurrekoetako saio guztiak ikusteko bonoa be salduko dabe.

Jauzia emon nahi dogu txapelketa honetan, jauzia parte-hartzaileen bertsokeran zein jauzia plazara, adierazo dau Narbaizak, txapelketeak leku eta ikusle barriak emoten deutsoz bertsolaritzeari. Bide beretik jo dau Asier Ibaibarriaga Bizkaiko Bertsozale Alkarteko lehendakariak: Gure lan nagusia egunero egiten doguna da, baina txapelketea erakusleiho ona da.

Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera zuzendariak adierazo dauenez, alkarlanaren frutua da txapelketea. Bertsolaritzea plazaratzea garrantzitsua da, gure herriko ondarea dalako eta gure hizkuntzeari nortasuna emoten deutsalako, aitatu dau De Castrok.

Txapelketearen ganeko informazino zehatza hemen, eta saio guztien egutegia hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu