Astola urtekariaren 10. zenbakia kalean da

Bizkaie! 2016-10-05 09:35   Kulturea

Astola orain 10 urte jaio zan, Durangaldeari buruzko ikerketa eta historia gaiak aldizkari baten batzeko helburuagaz, baina adituen arlotik atara eta edonork ulertzeko moduan landuz eta erakutsiz.

Urteroko hitzorduari hutsik egin barik, Astola historia eta ikerketa urtekariaren zenbaki barria prest dago. Datozen bi asteetan Durangaldeko ohiko salmenta lekuetan eskuragai izango da aldizkaria, baita Gerediaga alkartearen bulegoan be. Eta ohikoa danez, Durangoko Azokan be salgai egongo da 5 euroan. Hona hemen 10. zenbakian topauko dozuezan gaiak:

- Norazko bi dituan trena. Durangon, trena lurperatzeko lanak orain dala hiru urte eta erdi amaitu ziran. Uriko mugikortasun arazoak murriztu baziran be, oraindino ez da hasierako proiektua erabat garatu. Marta Aranbarri kazetariak trena lurperatzeko egitasmoaz lan zabala egin dau eta sorrerea, bilakaerea eta gaur egungo egoera ulertzeko ertzak landu ditu. Besteak beste, Igor Zorrakin Durangoko udal arkitektuari eta Hodei Zenikaonandia arkitektu-aholkulariari alkarrizketa bana egin deutse. Trena Durangon lurperatzeko asmoa unibersidadean be aztergai izan da. Horren adibide, Milia Zabala eta Eneritz Trigueros arkitektuen karrera amaierako proiektuak dira.

- Humboldt gure artean: 1801. urtean Euskal Herrira egindako bidaian Durangaldeko hainbat leku bisitat zituan Karl Wilhelm von Humboldt aristokrata prusiarrak. 'Mendi artean ezkutatuta, Mendebaldeko Pirinioen bi aldeetan, mendeetan zehar bere hizkuntza zaharrari eutsi deutson herria bizi da' idatzita itxi eban bere eskuizkribuetako baten. Jose Mari Uriarte historiazaleak Durangaldeko bisitearen barri jaso dau.


- Durangaldeko paisaje industriala: Amaia Martinez Matia Historian doktoreak paisaje industrialei kultur-ondare izaera autortzen deutse eta horren aldarrikapena egiten dau. Durangaldeko ekonomiaren oinarria industria da, nahiz eta eskualdean nekazaritzeak eta abeltzaintzeak erro esanguratsuak izan. Azken urteetan zerbitzuetara lotuta dagoan ekonomiak be hazkunde nabarmena izan dau. Industria jarduereak beti izan dau ikuspegi ezezkorra paisajean eragina izaten dauelako. Horregaitik, kultur ondarea be badirala azpimarratzea eginkizun gatxa da.


- Anbotoko herejeak: XV. mendearen erdialdera, Durangon mobimentu erlijioso heterodoxo bat agertu zan, izakera milenaristea ebana eta Anbotoko herejeak legez ezagutzen zana. Mobimentu honen kontrako errepresioak, 1441 eta 1454 urteen artean agintari zibilen zein eleiz agintaritzearen esanetara egin zan. 70 personatik gora erre zituen. Ander Berrojalbiz historiazaleak gaia ikertu dau azken urteetan. Pamiela argitaletxeagaz liburua argitaratu dau eta Durangoko Arte eta Historia Museoan erakusketea izan dau bagilean.


- Elorrioko eskola esperimentala: Mikel Onandia arte historiagileak 60 hamarkadearen erdialdean, Elorrion gauzatu zan hezkuntza proiektu aintzindari baten kronikea egin dau. Jose Antonio Sistiaga, Esther Ferrer eta Jorge Oteiza artista plastikoen eskutik, abangoardiako eskola esperimentala abiarazo eben. Ibilbide laburra izan eban, baina.


- Durangoko Plateruak: Antton Mari Aldekoa-Otalorak Durangoko Plateruak hobeto ezagutzeko lana dakar. Antonio eta Juan Cruz de la Fuente Bolanjero 1757 eta 1760 urteetan jaiotako anaiak ziran. Aitaren ofizioan, zilargintzan eta kopla-bertsotan be zorrotz ibilitakoak ziran. Tartean gabon garaian etxe askotan abesten dan Ator ator mutil eurena da.




10 urtez Astola

Astola orain 10 urte jaio zan, Abadiñoko izen bereko auzoan Gerediaga alkarteak eban egoitzan. Handik hartu eben izena. Hasierako idea honakoa zan: Durangaldeari buruzko ikerketa gaiak eta historia aldizkari baten batzea, baina adituen arlotik atara eta edonork ulertzeko moduan landuz eta erakutsiz.

Hasieratik argi geunkan gaiak sakon aztertu behar genduzala, baina aldi berean bisuala izan behar zala, erakargarria eta errez irakurtekoa. Horretarako, publiko desbardinei zuzenduta zenbaki bakotxean gaiak topetan ahalegindu gara. Aldi berean, gai horrek landuko dituen persona kualifikatuak izan doguz alboan. Errezeta diseinu eta argazki aukeraketa zainduagaz osotu doguz, irakurlearentzat esperientzia ahalik eta atseginena izan daiten.  

10 urteetako ibilbidean 100 erreportaje inguru argitaratu doguz eta gaiak danetarikoak izan dira: historiaurrekoak Askondoko kobazuloko aurkikuntzetatik hasi, edota Abiadura Handiko Trena, Imigrazinoa, Herriko Rock taldeak edota zenbaki barrian aurkezten dogun Durangoko trenaren lurperatzea moduko lanak. Durangaldetik urten barik, historiaz berba egin dogu, arteaz, folkloreaz, arkitekturaz, planifikazino zein azpiegituraz, musikaz, gizarte arazoez... Beti zehaztasunez eta gai bakotxean adituak eta arituak ziranen eskutik. Abentura hau historialari, kazetari, arte eretxigile, gizarte eragile, artista, teknikariakaz konpartidu dogu.  
 
Kasu batzuetan papelean gai zehatz bati buruz jakindakoak jaso doguz. Beste batzuetan, ahaztuak izateko arriskuan egozan kontuak erreskatau doguz. Hamar urteotan deskubridu dogu Durango Detroit barri bat izateko bidean egon zala, Iurretan aireportua egon zala, Elorrion petroleoa topau ebela. Gatxa da eskualdeko irakurleek intereseko artikuluren bat edo irudimena auspotuko deutson lanik ez topetea.  

Umiltasunez, urtero kioskoetan kalidadezko produtu bat jarri dogu, argitalpenik onenen mailan, eta zergaitik ez esan, esfortzuak izan dau erantzuna. Irakurleek euren fideltasunagaz eta erantzunagaz gure aurreikuspenak gainditu ditue. Eskerrak, beraz, guztiei. Eskerrak instituzinoei be bai, enpresei eta norbanakoei. Publizidadea eginez, posible egiten dabe denporan aldizkariak irautea eta kalidaderik ez galtzea. Gaur egun, aldizkaria autofinantziau egiten dala azpimarratu nahi dogu. Dirulaguntzino kontzeptuan jasoten doguna proiektuaren % 4,5 baino ez da.
   
Ez dabe sasoirik onena bizi papelezko argitalpenek, Astola moduko eskualde mailako produktu batek. Gure konpromisoa da, urtero, jaio ginanean besteko ilusinoagaz lanean jarraitzea eta ezaugarri honeek dituan aldizkariari eusten jarraitzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu