Bilboko Zirkuituak uriko auzoetara eroango dau antzerkia
2016-10-05 09:00 KultureaGaurtik abenduaren 2ra, bederatzi euskal konpainia eta artistak hamaika emonaldi eskainiko ditue, Zirkuituaren 15. ekitaldian.
Zirkuituaren bidez, arte eszenikoak auzo eta barruti guztietara eroatea da Bilboko Udalaren helburua. Urteko azken hiruhilekoko programazinoan, honeetan lekuetan antolatu dira ikuskizunak: Otxarkoaga, Abando-Barrainkua, Castaños, Basurtu, Santutxu, Begoña, Errekalde eta Zorrotzako udaltegietan. Emonaldi guztiak arratsaldeko 19:30ean hasiko dira eta doban sartu ahal izango da.
Bederatzi konpainia edo artista konbidau ditue Bilboko Zirkuituaren edizino honetan eta, Udalak azaldu dauenez, ikuskizunik aitagarriena Lola Markaidaren ON/OFF, la travesía en un instante da. Arriaga antzokiko Gelatxoak zikloan estreinau barri da pieza hori eta Errekaldeko udaltegian ikusi ahal izango da urriaren 13an, baita Begoñakoan be, zemendiaren 11n.
Adierazpen eszeniko modernoaren genero ia guztietan ibili izan da Lola Markaida. Antzerkian, telebistan zein zineman lan egin dau. Bizitzearen aurrean hartzen dogun jarrerearen garrantzia erakusten dau ON/OFF, la travesía en un instante antzezlaneko protagonisteak.
Lola Markaidagaz batera, bertoko beste artista ugarik be parte hartuko dabe egitarauan. Esaterako, zikloari ekiteko, Cía Katastrofen-en Neopreno ikusi ahal izango da Barrainkuako auzo-etxean, gaur, urriak 5. Urriaren 6an Bea Insaren Viaje a ninguna parte egongo da Castañosen. Con La Que Está Cayendo, Totum, Lokal antzerki taldea, Enriqueta, Oh My God, Las Torpedo Level eta Rara Avis konpainiak izago dira ganerakoak.
Antzezlan gehienak emakumeek osotutako konpainien eskutik helduko dira. Holan, aurreko urteetako jokereari eutsita, aktore lanetan, produkzinoan zein sorkuntzan, emakumeen presentzia handia izango da.
Antzerkigintzea Bilboko auzo guztietara eroateko helburua dau Bilboko Zirkuituak. Udalak dinoanez, auzo batzuetan ziklo hau da areto barruko antzerkia ikusteko aukera bakarra urte guztian. Hamabost urteko ibilbidean, uriko barruti gehienetan egon dira emonaldiak.
Era berean, sorkuntzeari laguntzea eta konpainia barriei aukerak emotea be badago Zirkuituaren asmoen artean. Argiztapen eta soinu sistema zerbitzua eskaintzen jake konpainia parte-hartzaileei, baliabide hobeak izan daiezen. Zirkuituaren aurreko edizinoetan egon diran konpainia batzuk profesional izatera heldu dira gero, adibidez Khea Ziater eta Gaitzerdi.
Programazino guztia, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!