Getxon dago Jose Antonio Agirre lehen Lehendakaria ardatz dauen 'Gure izaeraren ispilu' argazki-erakusketea

Bizkaie! 2016-10-05 08:08   Kulturea

Getxoren ostean, erakusketea Leioako UPV/EHUra, Deustuko Unibersidadera, San Mamesera eta ETBren Bilboko egoitzara eroango dabe.

Gure izaeraren ispilu Jose Antonio Agirre Lehendakariaren ganeko argazki-erakusketea zabaldu dabe gaur goizean Algortako Geltokia plazan. Bertan izango da datorren domekara arte, urriaren 9ra arte. Getxoko alkateak, Imanol Landak, bisitau dau erakusketa gaur goizean bertan Mauro Saravia argazkilari txiletarragaz, muntaiaren egileagaz, eta Leire Aragón erakusketearen babesle nagusienetakoa dan Kutxabankeko Gizarte Ekintzako ordezkariagaz batera.

Erakusketa ibiltari honek, kalean egiten dana, Euskadiko erretratu eta irudi esanguratsuen bidez (gaur egungoak eta historikoak) denporan zehar bidaiatzea ahalbidetuko deusku. Protagonistea Jose Antonio Agirre da, Getxoko alkate eta Euskadiko lehenengo lehendakaria izan zana. Hain zuzen be, datorren barikuan, urriaren 7an, Jose Antonio Agirre Gernikan lehenengo lehendakari izentau ebenetik 80 urte beteko dira. Gure izaeraren ispilu erakusketeak urteurren hori gogorarazoko dau.

Imanol Landa alkateak, bisitea amaitu ostean, aitatu dauenez, erakusketea ikusgarria eta hunkigarria da eta aukera aparta, iraganera begiratzen dauen leiho honen bitartez, Agirre Lehendakariari, bere Gobernuari eta guztiz errepetiduezina dan belaunaldi oso bati omenaldia eskaintzeko; izan be, belaunaldi horrek ondare ikaragarria itxi euskun: baloreak, herriagazko konpromisoa, eta demokraziaren eta askatasunen defensea. Ondare hori, alkatearen esanetan, indarrean dago erabat eta hari eutsi beharra deutsagu.

Erakusketea 1936ko eta 2016ko irudien muntaiek osotzen dabe, horreetako batzuk Getxon hartutako irudiak. Iragana eta oraina argazki batean alkartuta, igaro diran 80 urteen erakusgarri, ordutik zelan aldatu garen erakusten deuskuna. Guztia, erbesteratu euskaldun eta katalanen bilobea dan Mauro Saravia txiletar argazkilariaren begitik. Bere argazkiakaz eta Sabino Arana Fundazinoaren artxiboko argazkiakaz erakusten deusku gaur egungo errealidadea iragan ez oso urrun baten ondorioa dala.

Erakusketeak lehen Eusko Jaurlaritzearen garaiak, Agirre Lehendakariaren irudia eta garai haretako gizartea erakutsi nahi ditu. Iragana eta oraina be islatu nahi izan dot, sasoi haretan zelan sortzen ziran jazoerak eta zelakoa dan gaur egungo euskal gizartea, aitatu dau erakusketearen egileak.

Erakusketeak 12 panel daukaz, horreetako zazpi bikotxak dira eta argazkiak bi aldeetan daukiez. Paneletako bakotxak azalpen-testu bat dauka, gaur egungo eta iraganeko irudiak testuinguruan kokatzen dituana.

Argazki-erakusketaz gan, Gure izaeraren ispilu erakusketeak, ispilu-kubo bat dauka, Agirreren balioen inguruko zenbait galderagaz, jenteak kuboan bertan idatziz erantzun daian. Erakusketearen izenagaz, Gure izaeraren ispilu / Retrato de lo que somos, jokoa egiten da, ispiluak aitatzen baitira, eta zelakoak garen be bai. Kubo hau urriaren 7an jarriko da. Beraren dinamika azaltzeaz eta parte-hartzea bultzatzeaz arduratzen dan persona bat izango da bertan.

Bilbotik igaro ondoren, Agirreren bizitzan oso esanguratsua dan beste leku batera heldu da orain erakusketea: Getxora, izan be, Jose Antonio Agirre udalerri honetako alkatea izan zan 27 urte baino ez zituala. Hori oso garrantzitsua izan zan, lehenengo lehendakaria orduko alkate demokratikoen artean hautatu ebelako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu