X. Mangamore, Japoniako kulturea eta manganimearen jaialdia Zornotzan urriaren 7tik 9ra

Bizkaie! 2016-10-04 12:47   Kulturea

Mangamore Jaialdian ehun jarduera baino gehiago egongo dira: tailerrak, musika emonaldiak, gastronomia, lehiaketak, bideo-jokoak, familientzako jarduerak, etab.

Ezkerretik eskumara: David Murillo, Mangamoreko Koordinatzailea, Enara Venturini, Ametxeko Gerentea eta Andoni Aguirrebeitia, Zornotzako Alkatea. | Ikusi handiago | Argazki originala

Japoniako kulturea eta manganimearen jaialdiko kontzertuei erreparauta, Dragon Ball edo Heidi lako telesail ezagunen abestiak entzungai egongo dira Zornotza Aretoan urriaren 7an, 20:00retan, Areatzako bandeak eskainiko dauen kontzertuan.    

Barikuan, Ruki Chanen kontzertu bat be egongo da. Valentziako abeslari honek arrakasta handia dauka Japonian eta Mangamorera dator bigarrenez. Kamui samurái taldearen ikuskizun bat be egongo da, Tetsuro Shimaguchik zuzendua, Kill Bill vol1 film ospetsuko koreografoa, Mika kobayashi animeen abeslariagaz batera 19:45ean. Zapatuan, Yoshi Hioki ipuin kontalariagaz hasiko da eguna, txikientzat zein nagusientzat izango dan ikuskizun bategaz 12:00etan; 13:00etatik aurrera, barriz, Zubiaur Bandeak kaleak girotuko ditu. Arratsaldean Yoshie Sakairen txandea izango da, Koto kontzertu bat eskainiko dauelarik eta, zelan ez, Cosplayren erakusketa tradizionala, zapatuan zein domekan ikusi ahal izango da. Zapatu gaua Momochi Minami Dj japoniarrak girotuko dau bere musikeagaz Zelaieta parkean. Hiru egun horreetan Spicy Ramen lako jantza-taldeakaz gozau ahal izango da eta Kataluiniako White Noise taldearen kontzertuagaz.

Aisialdi elektronikoari jagokonez, X. Mangamorera datozenek 80 eta 90. hamarkadako jokoakaz gozau ahal izango dabe jolas-areto retro batean. Bertan gurasoak euren seme-alabakaz olgau izango dabe. Ganera, jantzan egiteko makinetan jantzan egin ahal izango dabe eta baita aisialdi elektronikoko aukera modernoagoez gozau be, esaterako HTC VIVE, errealidade birtualeko gailu bat. Eta zelan ez, hiru egunetan Play Station gunean olgau ahal izango da.

Pokémon Go! lako jokoak be ez dira faltako; hori zapatuan izango da. Jokalariek hainbat ordutan herriko hainbat pokegeralekutan amua izango dabe. Cosplay lehiaketa tradizionaletan olgetako aukerea be egongo da zapatuan 18:00etan eta karaokean domekan 17:00etan.

Etxeko txikienek Japoniako jolas tradizionalal ezagutzeko aukerea izango dabe ludoketan baina beti be nagusi bategaz joan beharko dabe. Egurrezko jolasak be egongo dira eta Ureshigaz, jaialdiko maskoteagaz photocall bat. Bigarren urtez jarraian Umore Horiko gune bat egongo da, Japoniako programa mitikoan egiten diran proben antzekoak izango ditualarik, publikoak zein parte-hartzaileek ederto pasetako aukerea izango dabe.

Zapatuan tren bat ibiliko da herrian zehar eta Larreako futbol zelaian egingo dan Quidditch lehiaketara hurreratuko dau jentea egun guztian. Karatea lako beste kirol batzuk be egongo dira Mangamoren Zornotzako Ukabidea taldeari esker. Hau domeka goizean izango da.  

Beste alde batetik, Mangamoreko edizino honetan youtuberrak egongo dira fan meeting bitan, zapatuan 11:30ean eta domekan 17:00etan. Folagor, miloe bat jarraitzaile baino gehiago dituana eta Sara Pecas, 400.000 jarraitzaile inguru dituana pozarren hartuko ditue nerabeek. Folagor-en katea Espainian Pokémonen lehenengo katea da. Pokémonen errege honek, holan deitzen deutso bere buruari, Folagor-ek, komunidade oso bat batzea lortu dau helburu bakarragaz: Pokémon ligea irabaztea.

Kontuak kontu, Mangamoreko auditoriotik Kosuke Nakamori lako personak pasauko dira, Japoniako Gobernuko Turismo Agentziako ordezkaria, Japoniako turismoari buruzko berbaldi bat emongo dauelarik. Bertara hurreratzeko interesa daben guztientzat aukera parebakoa da zalantzak argitzeko. Hainbat ilustratzaile be izango dira eta modu praktikoan manga marrazkiei buruzko sekretuak edo kawaii digitalari buruzkoak modu praktikoan azalduko ditue.

Japonian egiten diran tatuajeei buruzko berbaldi bat izango da eta baita panel talk bat jaialdiko edizino honetako konbidadu batzuekaz. Mangamorek ganera Fukushiman inspirautako pintura erakusketa bat izango dau, istripua jazo zanetik bost urte igaro diranean. Era berean, Oculus rift betaurreko batzuekaz ingurutik errealidade birtualeko paseo bat egiteko aukerea egongo da.

Horrezaz gan, tailerren gunean bertaratuek origami egiteko aukerea izango dabe, Japoniako papiroflexia teknikea, barikuan 19:00etan; Japoniako enkoadernazinoa, amigurumi edo makilaia, domekan; Teru Teru tailerrean Japoniako arrain tradizionala egitea edota bideo-joko bat sortzen parte hartzea zapatuan 19:00etan.

Mangamore 2016k bere merkataritza gunea handitu dau eta hamabost saltoki baino gehiago egongo dira. Bertan bisitariek mueta guztietako produktuak eskuratu eta gogoko dituen telesailen merchandisinga eskura izango dabe. Bisitariek Japoniako platerrez gozetako aukerea izango dabe. Dango tailer bat be egongo da zapatuan 12:00etan eta Sushi tailer bat domekan eguerdian. Jatekoa probau gura dabenek, zapatuan, 17:00etan, sushia izango dabe aukeran edota Japoniako inspirazinoa daben pintxo batzuk Luis Urrengoetxea kalean.

Zinemeari jagokonez, Sol Naciente webseriea zapatuan aurkeztuko da 12:00etan, Zornotza Aretoan. Domekan, 13:00ean, kalitate handikoa dan eta kritika ezin hobeak jaso dituan filma ikusi ahal izango da: El niño y la bestia. Hau baino lehen, 12:00etan, Mangamorek finantzautako Kendo film laburra be ikusi ahal izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu