Durangoko Azokako guneetarako proposamenak aurkezteko epea zabalik dago

Bizkaie! 2016-10-04 09:00   Kulturea

Zortzi gune, bakotxa bere egitarauagaz, izango ditu Durangoko Azokearen 51. edizinoak. Proposamenak egiteko epea urriaren 16ra arte egongo da zabalik.

Abenduaren 2tik 6ra bitartean egingo dabe aurtengo Durangoko Azokea eta antolatzaileak egitaraua zehazten dabilz dagoeneko. Horregaitik, guneetarako proposamenak aurkeztu nahi dituanak egunotan egin beharko dau eskaerea, azokearen webgunearen bidez. Erregistrau egin beharko dira parte hartu nahi dabenak, www.durangokoazoka.eus webgunean, eta han emondako jarraibideei kasu eginaz egin ahal izango dabe proposamena.

Salbuespena Ahotsenea gunea izango da, kasu horretan proposamenak posta elektronikoz egin beharko dira eta (info@ahotsenea.net). Zortzi gune berezi izango ditu aurtengo Durangoko Azokeak. Ahotseneagaz batera, honeek izango dira: Areto Nagusia, Kabi@, Plateruena, Saguganbara, Irudienea, Szenatokia eta Azoka TB.

Areto Nagusian 30 minutuko tartea emongo jake sortzaileei, argitalpenak zein proiektuak aurkezteko. Azoka TB-n booktrailerrak, bideoklipak eta antzekoak onartuko dira. Irudienean euskerazko ikus-entzunezko lanak erakutsiko dira eta Kabi@ kultura digitalaren txokoa izango da. Saguganbaran umeak eta gazteak dira helburu. Plateruenan gaueko kontzertuak egongo dira, baina egunez egiteko proposamenak be aztertuko ditue. Szenatokia arte eszenikoen gunea da eta abenduaren 5eko antzerki maratoia izango da hitzordu nagusia. Amaitzeko, Ahotsenean, euskal musika taldeen eta idazleen lan barriak aurkeztuko ditue.

Igazko edizinoan, 50.ean, marka guztiak gainditu ziran, guneetan jasotako proposamenei jagokenez. Esate baterako, Ahotsenean parte hartzeko 95 eskari jaso zituen antolatzaileek epea zabaldu eta lehenengo egun bietan. Gune guztiak kontuan hartuta, 250 jarduera antolatu ziran 2016an Durangoko Azokako guneetan. Tartean egon ziran zuzeneko kontzertuak, solasaldiak, antzezlanak, berbaldiak, proiekzinoak eta abar.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu