Jantza proposamen barritzaileenak dakarz BAD jaialdiak Bilbora

Dabi Piedra 2016-10-03 13:56   Kulturea

Nazinoarteko jantzariak egongo dira BADen, urriaren 20tik 29ra, baina baita goi mailako euskal artistak be.

Alicia Otxandategi, Ana Capilla jantzaria eta Nekane Alonso | Ikusi handiago | Argazki originala

Ohiko eszenatokietara bueltauko da, urtero legez, BAD, Jantza eta Antzerki Garaikidearen Bilboko Jaialdia. Bilbao Arte, La Fundición, Bilborock... dira horreek ohiko eszenatokiak. Horrezaz gan, leku barrietara be eroango ditue egitarauko ikuskizun batzuk, esaterako, Pabilioi 6 aretora. Guztira, 20 konpainiak aurkeztuko ditue BADen euren nobedadeak. Tartean dagoz Euskal Herrian aurretik ikusi bako hamar obra.

Zeozer barria, desbardina ikusteko aukerea da BAD, azpimarratu dau Nekane Alonso Bilboko Udaleko Kultura zinegotziak. Izan be, obra barritzaileak eta esperimentalak izaten dira egitarauaren ardatza: Zirkuitu komertzialetan topetan ez diran proposamenak dakarguz.

Jokera barriei lekua egiteko asmo horretan, sormena bera bultzatzea be bada BADen zeregina. Euskal konpainien ikuskizunen produkzinoan parte hartzen dau BADek eta horren erakusgarri garbiena da Lurrak, euskal zirku garaikidea. Gasteizko eta Bilboko Udalen alkarlanari esker sortutako ikuskizun hori uda aurretik estreinau zan eta, BADen, areto barrurako egokitzapenaren aurre-estreinaldia egingo dabe.

Lurrak ez da izango euskal artisten erakusleiho bakarra aurtengo edizinoan. Egitarau nagusiko hogei obretatik ia erdiak euskal zigilua daukiela nabarmendu dau Nekane Alonsok. Besteak beste, Ertza konpainiaren Hariak eta Mugmus Laborategiaren Esku Harriak: Oteizaren (h)aria aitatu ditu zinegotziak, Khea Ziater, Sra Polaroiska, MAuMA eta beste batzuen proposamenak ahaztu barik.

Euskal konpainiak ez doguz sartu kupo bat beteteko, ohartarazo dau Alonsok, artista onak agertu dira urteotan hemen eta goi mailako ikuskizunak sortu ditue. Jantzearen eta antzerkiaren arloan, azkenaldion idea barritzaile ugari agertu dirala nabarmendu dau.

Atzerriko konpainiei jagokenez, Volmir Cordeirok zabalduko dau egitaraua hilaren 20an. Matija Ferlin kroaziarra, Taoufiq Izeddiou marokiarra, JBK konpainia korearra, Janet Novas espainiarra eta abar be badagoz egitarauan.

Ondo finkatutako hitzordua da BAD, Alicia Otxandategi antolatzaileak adierazo dauenez: Erreferentzia da jaialdia, konpainiek proposamen barriren bat daukienean gugana  joten dabe. Saio bakotxa ikusteko 10 euro pagau beharko dira (8 euro aurretiaz erosita). Bonoak be aterako ditue: Hiru ikuskizunerako bonoa 20 euroan eta hamarrekoa 50 euroan. Ganera, egitarau nagusiagaz batera, tailerrak antolatzen dirala gogoratu dau Otxandategik.

 

Ana Capillak jantza ikuskizun laburra eskaini dau BADen aurkezpen ekitaldian

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu