'Guernica' koadroaren sinbolismoa, Bilboko Arte Eder Museoan

Bizkaie! 2016-10-03 08:16   Kulturea

Donostia 2016ren Bake Itunak egitasmoaren barruan, Picassoren artelan ezagunaren nondik norakoak protagonista izango dira Bilboko Arte Eder Museoan, urtarrilaren 9ra arte.

Dora Maar-ek Picassoren estudioan 1937an egindako argazkia | Ikusi handiago | Argazki originala

Erakusketea hiru atal edo gunetan banatu dau Valentín Roma komisarioak. Bakotxean, Guernica koadroagaz lotutako gai bat lantzen da: Parisko 1937ko Nazinoarteko Erakusketako pabilioi espainiarra, Picassoren eta Guernica-ren arteko loturea eta koadroak sasoi haretako beste artista batzukan izandako eragina.

Gernikako bonbardaketearen ostean, 1937an, margoztu eban Picassok Guernica. Espainiako Errepublikeak Parisko Erakusketan eukan pabilioian erakutsi eben lehenengoz. Bilbon, pabilioi haretako dekorazinoa eta hainbat objektu ikusi leitekez, Guernica zein testuingurutan erakutsi zan ulertzeko.

Bigarren atalean, koadroa marrazteko Picassok erabilitako prozesua erakusten da: Artisteak berak aurretik proba legez egindako marrazkiak zein inspirazinotzat hartutako beste artelan batzuk ikusi leitekez Arte Eder Museoan. Bestetik, Picassoren estudioan bertan Dora Maar-ek egindako argazkiak batu ditue. Koadroa egiteko prozesua zehaztasun handiz jaso eban argazki horreetan Maar-ek.

Hirugarren atalean, ostera, beste artista batzuen artelanak dagoz ikusgai. Guernica arte garaikideko obrarik esanguratsuenetako bat da eta, horregaitik, artista askoren erreferentzia izan da. Kontuan izan behar da, koadroak hiru bira egin zituala Europa eta Amerikako museoetatik. Guernica lanaren eraginpean sortutako obra ugari eroan ditue Bilbora. Jackson Pollock, Jorge Oteiza eta beste asko dagoz Picassoren koadro ezagunaren eragina jaso ebenen artean.

Era askotako piezak batu ditue erakusketan, 46 guztira. Tartean dagoz margolanak, grabaduak, eskulturak, maketak, txanponak eta abar. Museoko liburutegian gordeta egon diran agiri batzuk be ikusgai ipini ditue.

Donostia 2016ren barruan sortutako Bake Itunak proiektuaren parte da Bilboko erakusketea. Historian eta kulturan pakearen kontzeptua adierazoteko erabili izan diran bideak agertzea da Bake Itunak-en asmoa. Horren barruko ekintza nagusia, Donostiako San Telmo Museoan eta Koldo Mitxelena Kulturgunean atondutako 1516-2016 Bake Itunak erakusketea dan arren, beste hainbat uritan be jarduerak egiten dabilz.

Proiektuaren barruan, hain zuzen, Azterketarako kasuak izeneko erakusketa-moltsoa eratu dabe. Zazpi erakusketa dira, beste horrenbeste uritan. Gertakari historikoakaz lotutako zazpi kasu aztertzen dira eta kasu bakotxak komisario bat dauka. Bilboko Arte Eder Museoko erakusketea da horreetako bat, Valentín Roma komisarioaren eskutik datorrena. Urtarrilaren 9ra arte ikusi ahal izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu