Badator Bilboargazkiren 10. edizinoa
2016-09-30 12:24 KultureaArgazkilari profesionalen bederatzi erakusketa dagoz egitarauan, baita berbaldiak eta tailerrak be. Bilboko Udalak eta BBK-k antolatuta, urrian egingo dabe Bilboargazki.
Iñaki Lopez Agileta Bilboko Udaleko Kultura zuzendariak adierazo dauenez, jaialdi erakargarria izango da Bilboargazkiren 10. edizinoa, kantidadez zein kalidadez. Estiloen aldetik, askotarikoa izango dala dino Lopez Agiletak: Aniztasuna da ezaugarri nagusia, argazki artistikoak, abangoardiakoak, fotokazetaritzea, erretratuak eta abar egongo dira.
Bilboko hamaika espaziotan erakutsiko ditue argazkiak. Tartean dagoz erakusketa aretoak, dendak, tabernak eta metroko pasabideak. Euskal Herriko Argazkilaritza Taldeen Alkarteko presidente Juan Armentiak azaldu dauenez, Ondare aretoa lehenengoz erabiliko dabe. Siriako errefuxiatuen inguruan Olmo Calvok ateratako argazkiak hartuko ditu gune horrek urriaren 10etik zemendiaren 10era.
Bestetik, Gabriel Brau kataluniarraren erakusketea be aitatu dau Armentiak. Caminos del Monsun izenburuko bilduma horretan, jentaurrean gitxitan erakutsitako argazkiak egongo dira ikusgai, urriaren 17tik 31ra La Bolsa eraikinean. Zuri-baltzezko irudiak dira. Bilboargazkiko ikutu exotikoa Txinatik etorriko da, Zheng Ge-ren argazkien bidez. Txinako argazkilari alkarteagaz hartu-emon estua dogu, azaldu dau Juan Armentiak. Airetik ateratako argazkiak dakarz Zheng Ge-k Bilbora, Gregorio de la Revilla kaleko Penguin Bar tabernara.
Euskal Herriko argazkilari nabarmenek parte hartuko dabe Bilboargazkiren 10. edizinoan, adibidez Koldo Badillok. Atzerritik datozanen artean, ostera, David Hornback be ezin da ahaztu, Pulitzer saria irabazitakoa da eta. Ganerako artistak honeek izango dira: Manu Barreiro, Unai Mateo eta Gabriel Caneda. Horrezaz gan, Argizaiola sariketako argazkien hautaketa bat ikusi ahal izango da Batzar Nagusien egoitzan.
Profesionalak ez diranek be lekua izango dabe Bilboargazkin. Urtero umeen ibilaldia antolatzen dabe, gaztetxuek argazkiak egiteko aukerea izan daien eta igazko edizinoan parte hartu eben guztien lana ikusi ahal izango da, Foto Ikatz dendako aretoan, urriaren 1etik 31ra. Belaunaldi barriak erakarri nahi izaten ditu Bilboargazkik eta horrek berezi egiten dau, adierazo dau Iñaki Lopez Agiletak. Aurten, urriaren 23an egingo dabe umeen txangoa, 10:30ean Azkuna Zentroan hasita.
Bidaideak alkartearen 25. urteurrena ospatzeko argazkigintza ibilaldia be egongo da, kasu honetan helduei zuzendua. Urriaren 22an, Deustuko Agirre Lehendakaria etorbidean ipini dabe hitzordua, eta Juan Armentiak azpimarratu dau edozein zalek parte hartu leikela. Dibersidade funtzionala daukienei laguntzeko alkartea da Bidaideak eta, hortaz, mobikortasun arazoak daukiezenentzat guztiz egokituta egongo da txangoa.
Hori guztia gitxi balitz, argazkigintzako profesional ezagunek tailerrak eta berbaldiak gidatuko ditue. Esaterako, David Hornbackek kaleko argazkigintzearen ganean jarraibideak emongo ditu eta Manu Barreirok erretratuak egiteko tailerraren ardurea izango dau. Gabriel Brauk zuri-baltzezko argazkien edizinoa landuko dau.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!