Literaturea eta amatasuna berbagai izango dabe Eider Rodriguezek eta Blanca Riestrak Bilbon

Bizkaie! 2016-09-30 08:30   Kulturea

Eztabaidak literatureagaz ekimenaren barruan, hitzordua datorren martitzenean, urriaren 4an, izango da Bilboko Bidebarrieta Liburutegian.

Eztabaidak literatureagaz, aurretik proponidutako gai batean oinarrituz, jentaurreko aurreko elkarrizketa lasaiaren bitartez, idazleakana hurreratu eta literaturea ardatz hartuta batzeko topalekua eskaintzen dauen Bilboko Udalaren ekimenak, Eider Rodriguez eta Blanca Riestra alkartuko ditu datorren martitzenean, urriaren 4an, literaturearen eta amatasunaren ganean berba egiteko, esangurarik zabalenean, fisikotik sozialera. Biek be gai horri buruz hausnartu eta idatzi dabe euren lanetan.

Ohikoa danez, topaketea arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, eta sarrerea librea izango da leku guztiak bete arte. Ezin izango da aretora sartu ekitaldia hasi ondoren. Oraingo honetan, moderatzailea, kulturan espezializautako Alicia San Juan kazetaria izango da. Streaming bidez eskainiko da ondoko helbidean: www.kulturguneatb.net.

Blanca Riestra (A Coruña, 1970) Filologia Hispanikoan doktorea da. Hiru antologia enblematikotan agertu da: Páginas Amarillas, Lo del Amor es un cuento eta Ni Ariadnas ni Penélopes. Idazle legez dauen kalidadea, 2001ean La Canción de las cerezas lanagaz irabazi eban Premio Ateneo Joven de Sevilla sariak erakusten dau. Sei urtez Frantzian bizi izan zan, eta bertan idatzi eban Juan Larrea poeteari buruzko tesia. Aintzatespen literario ugari jaso ditu, azkena, 2015ean, A Coruñako Diputazinoaren Torrente Ballester narratiba saria, Greta en su laberinto banpiro eleberriagaz.

Ciudad de Barbastro Saria irabazi eban Pregúntale al bosque liburu autobiografikoan; nortasunaren sustraiak eta literatur bokazinoaren sorleku diran iratzeak ditu berbagai, baita horri bizia emoten deutsien argiei eta lurpeko urei buruz be. Idazteko indarra jazoera bik emon eutsien: aitaren heriotzeak eta amatasunak. Gauzak holan dirala, gure gizartean emakume izateak esan nahi dauenari eta amatasunak dauen eraginari buruzko gogoetak egin ditu; era berean, liburuan bere haurdunaldiaren esperientzia fisikoa be deskribiduten dau.

Eider Rodriguez Martin (Errenteria, Gipuzkoa, 1977) euskal idazlea da, publizidadean lizentziaduna eta ogibidez editorea. Kazetari lanetan ibilia da, besteak beste, The Balde, Oarsoaldeko Hitza, eta Hitzak eta ideiak aldizkari eta egunkarietan.

2008an, Katu jendea ipuin liburuagaitik XI. Igartza saria irabazi eban. Horrezaz gan, Eta handik gutxira gaur (2004, Susa), Haragia (2007, Susa) eta Y poco después ahora (2007, Ttarttalo) lanak argitaratu ditu.
   

Hamargarren edizinoa

2007ko urtarrilean, Eztabaidak literatureagaz egitaraua martxan jarri zanetik, 270 egile inguruk hartu dabe parte ekimenean, eta 9.500 lagun baino gehiago bertaratu dira. Denpora tarte horretan, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoak hainbat idazle bikoteren arteko alkarrizketak jaso ditu, besteak beste, Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marías eta Toti Martínez de Lezea, María Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vázquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regás edo Juan José Millás eta Pedro Ugarte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu