Rosalía de Castro saria emongo deutsie Galizian Mariasun Landari
2016-09-30 08:31 KultureaPEN Galizia alkarteak emongo deutso saria idazle gipuzkoarrari, Nazinoarteko PEN alkartea Ourensen egiten dabilen batzarraren barruan.
Orain dala 16 urte sortu eban PEN Galizia alkarteak Rosalía de Castro saria, portugesez, gaztelaniaz, katalanez eta euskeraz idazten daben autoreen ibilbidea nabarmentzeko. Urte birik behin emoten dau. Mariasun Landak euskerazko idazleen modalidadean irabazi dau aurtengo saria. Gaztelaniazkoa Almudena Grandesi emongo deutsie, katalanezkoa Álex Susannari eta portugesezkoa Dina Salústiori.
Zapatuan, urriak 1, emongo ditue Rosalía de Castro sariak, Ourenseko Cidade da Cultura gunean. Bertan egiten dabilz egunotan PEN alkartearen 82. nazinoarteko batzarra eta amaiera ekitaldia aprobetxauko dabe idazleei saria emoteko. Mundu guztiko 250 parte-hartzaile inguru batu ditu biltzar horrek Galizian, tartean euskal idazleen ordezkariak.
Kontuak kontu, Galiziako idazle handienetako baten izena daroan saria jasoko dau Mariasun Landak. Modu horretara, gipuzkoarraren ibiblide profesional oparoa nabarmendu nahi dau PEN Galiziak. Lanbidez irakaslea izan da Landa, batez be euskalduntzearen arloan, baina literaturan arrasto sakona itxi dau. Batez be umeentzako eta gazteentzako liburuak idazten ditu eta hainbat hizkuntzatara itzuli da bere lana. 1982an argitaratu eban lehenengo liburua, Amets uhinak, eta orain arteko azkena aurten ateratako Azken balada da. Landaren beste lan azpimarragarri batzuk dira: Txan fantasma (1984), Iholdi (1988), Krokodiloa ohe azpian (2002)...
Hau ez da Mariasun Landari emon deutsien lehenengo saria, Euskal PEN alkarteak gogora ekarri dauenez: 1991n Euskadi Saria irabazi eban eta 2003an Haur eta Gazte Literaturearen Espainiako Sari Nazionala. Andersen sarirako hautagai izan zan eta IBBY-ren Ohorezko Zerrendarako aukeratu ditue haren lan batzuk. 2014an Eusko Ikaskuntzaren Kultura, Arte eta Giza Zientzien saria emon eutsien.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!