UEUk ikasturte betea atondu dau Nafarroan, alkarlana ardatz
2016-09-29 09:19 KultureaUdagoieneko eskaintzea aurkezteaz gan, UEUk datorren urtean IKERGAZTE kongresua Iruñean antolatuko dauela aurreratu dau.
UEUk aurtengoa inoizko ikasturte indartsuena legez aurkeztu dau, Nafarroako Hezkuntza sailagaz orain abiatu dauen eta NUPegaz eta Iruñeko Udalagaz martxan dituan alkarlanei esker. Lankidetzon bidez, nafar profesionalak formau, tokiko behar akademikoei erantzun eta etenbako euskerazko formazinoaren erreferentzialtasuna areagotu nahi dabe erakundeok.
Prentsaurrekoan Iñaki Alegriak, UEUko zuzendariak; Maider Belokik, Iruñeko Udaleko Kultura zinegotziak; Imanol Nuñezek, NUPeko Hizkuntzen goi-mailako ikastegiko zuzendariak; Mikel Reyk, Nafarroako gobernuko Unibersidadeen eta Hezkuntzako Teknologien Zerbitzuko teknikariak eta Edurne Kochek, UEUko Nafarroako formakuntza teknikariak parte hartu dabe.
Iñaki Alegriak, UEUko zuzendariak Nafarroan euskerazko goi-mailako eta etenbako formazinoaren eskaintzea areagotzeko asmoaz berba egin dau: UEU Nafarroan lanean dabil 1977tik. Urte horretatik aurrera Nafarroako uriburuan antolatu doguz udako ikastaroak, hau da, laster 40 urte beteko doguz. Aurtengo udako ikastaroak, ganera, azken urteetako arrakastatsuenak izan dira, nafar eragile eta tokiko gaiak landu diralako, besteak beste. Bide horretatik jarraitu nahi dogu 2016/2017 ikasturtean be. Horretarako, baina, ezinbestekoa da indarrak batu eta alkarlana sustatzea, eta horretan gabiz lanean azken urteotan be. Urte asko dira Iruñeko Udalaren laguntzinoa dogula gure urteko egitasmoa aurrera eroateko. Igaz, barriz, NUPegaz hitzarmena sinatu genduan formazinoa eta argitalpengintzan alkarlana sustatzeko. Eta gaur poz handiagaz gehitzen dot zerrenda horretara Nafarroako Gobernuko Hezkuntza sailagaz 16 urte eta gero barriro abian jarri dogun lankidetzea. Sinergiak indartzea ezinbestekoa da, lortu nahi doguzan helburuak be handiak diralako: nafar profesionalak formau, tokiko behar akademikoei erantzun eta etenbako euskerazko formazinoaren erreferentzialtasuna areagotzea. Gaur aurkezten doguzan ikastaroen atzetik etorriko dira beste asko helburu horreek lortzeko asmoz, baina azpimarratu nahiko neuke ikasturte honetako proiektu nagusia maiatzean egingo dogun IKERGAZTE kongresuaren bigarren edizinoa izango dala. Kongresu honen helburua komunidade-zientifiko euskaldunaren ikertzaileak batu eta alkarren barri izatea da, arlo guztiak jorratuz. Orain bi urte ehunetik gora ikertzaile batu genduzan, eta gure nahia datorren maiatzean be beste horrenbesteren topagunea izatea da.
Ondoren, Maider Belokik, Iruñeko Kultura zinegotziak hartu dau berbea: Azken hauteskundeetatik sortutako Gobernu barriaren lehen ekitaldietako bat izan zan, hain zuzen, Udako Euskal Unibersidadeari ondo etorri egitea, Iruñean antolatzen dituan udako ikastaroei harrera beroa emoteko. Ekitaldi horri sinbolikotasun handia emon nahi izan geuntsan bai aspaldiko ohitura bat berreskuratzea suposatzen ebalako, izan be Udako Ikastaroak 44. edizinora heldu dira eta horreetatik asko Iruñean gauzatu dira, bai UEU-k egiten dauen lana asko baloretan dogulakoz eta beharrezkoa ikusten dogulako hizkuntzearen bizibarritzeari eusteko. Horregaitik Iruñeko Udalak UEUri emoten deutson babesa diru-laguntzinoak emonez eta ikastaroetarako lokalak eskainiz.
Imanol Nuñezek, NUPeko Hizkuntzen goi-mailako ikastegiko zuzendariak, UEUren bitartekari lana azpimarratu dau eta alkarrekin pausuak emoteko garrantzia: Euskerearen erabilerea eta garapena unibersidadearen testuinguruan ez da askotan erraza. Alde batetik, mundu akademikoa eta zientifikoa eten barik aldatzen da, eta aurrerakuntza teknologikoak eta zientifikoak, askotan, hizkuntzearen garapenaren aurretik doaz. Beste aldetik, irakasle unibersitarioen karrera profesionala beste hizkuntzetan egiten danez, ez da erraza euskerearentzat bere garapenerako beharrezkoak diran giza baliabideak topetea. Testuinguru honetan, erakundeen arteko alkarlana da aurreko erronkei aurre egiteko bide bakarra. Euskerearen garapenean emoten diran pausuak bata bestearen aurretik jarri behar dira eta horretarako bai unibersidadeek eta baita administrazinoek be sareak osotu behar ditue, guztion lanak koordinetako eta indartzeko. Testuinguru horretan kokatuko neuke NUPen eta UEUren arteko alkarlana.
Mikel Reyk, Nafar Gobernuko Unibersidadeen eta Hezkuntzako Teknologien Zerbitzuko teknikariak Hezkuntza sailak UEUgaz martxan jarri dauen alkarlanaren garrantzia azpimarratu dau: Ekitaldi honetan ordezkatzen dodan Hezkuntza sailarentzat, UEUgaz dogun alkarlana gizarteko sektore zabal batek eskatutako lorpen sozial eta kultural bat betetea baino ez da, hau da, formakuntza ez derrigorrezkoa eta ekintza kulturalak euskeraz garatzea. Edukiak osorik euskeraz eskaintzen dituan maila goreneko hezkuntza-erakunde bakarraren ikastaroen zabalkunde hau beste honegaz batera dator: nafar guztiek derrigorrezko ikasketak gure komunidadeko hizkuntza zaharrenean osotzeko eskubidea, Nafarroako Gobernuak bermatuta. Horregaitik oso garrantzitsua da hau, alor guztietan eta herritar guztien eskubide bardintasuna lortzeko lan egiten dauen Gobernu honen ibilbidean, baita alor kultural eta sozialean be. UEUk hezkuntza-alkartean osotzeko egoan zeregin bat bete dau: bigarren mailan baztertuta egoan kultur eta hezkuntza-eskaintzea lantzearena, hain zuzen.
Amaitzeko, Edurne Kochek, UEUko Nafarroako formakuntza teknikariak, udagoien honetarako atondu daben eskaintzea aurkeztu dau. Informazino guztia eta matrikulea www.ueu.eus helbidean egin daiteke.
Eskaintza propioko ikastaroak, UEUren Iruñeko egoitzan egingo dira: Bizitzaren eskola: askatasunerako pedagogia; Gorputzaren bidez arreta bereganatzeko teknikak; Galerak, heriotza eta doluak haurren hezkuntzan; eta Aurkezpenetan entrenamendu trinkoa.
Hezkuntza sailagaz alkarlanean 5 ikastaro eskainiko doguz. Unibersidade Atalagaz, Hezkuntza graduko ikasleek lehentasuna badabe be, publiko zabalari eskainitako 3 ikastaro doban Iruñeko ILZn: Kantuz eta haur poesiaren bitartez komunikazioa landuz; Literaturaren ahozko baliabideak: zelan kontatu ipuinak eta olerkiak haurrei; eta Blogen erabilera hizkuntza geletan.
Euskera Atalagaz, Nafarroako sare publikoko A, B eta D ereduetako irakasle ez unibersitarioentzako ikastaro bi EIBZn: Aurkezpenetan entrenamendu trinkoa; eta Euskal Literaturaren irakaskuntza Bigarren Hezkuntzan.
NUPegaz azken urteetako bideari jarraituz, Kultur Jardueren barruan ikastaro bi eskainiko doguz zemendian: Argazkigintza digitala: edizioa; eta Argazkigintza digitala: zure reflex kamera ezagutzen.
Lehen esan bezala, Kochek maiatzaren 10, 11 eta 12an NUPen IKERGAZTE kongresuaren bigarren edizinoa egingo dauela gogorazo dau, agerraldian parte-hartu daben guztien laguntzaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!