Banden Lehia irabazita, Begiz Begi taldeak 'Hatsa' diskoa dakar

Dabi Piedra 2016-09-28 12:30   Musikea

Azkue Fundazinoak bultzatutako lehiaketea irabazi eben baionarrek igaz. Aurtengo deialdia be martxan dagoala dinoe antolatzaileek.

Begiz Begiko Nicolas Armendariz eta Xabi Etcheverry eta Azkueko Iurdana Acasuso | Ikusi handiago | Argazki originala

Banden Lehia irabazteak sari bikotxa dakar: Batetik, zuzeneko kontzertu bi emoteko aukerea, Bilbao BBK Live eta Bartzelonako EH Sona jaialdietan. Bestetik, modu profesionalean diskoa grabetea. Hori da Hatsa lanaren jatorria. Sei kantako disko horretan, rock progresiboa eta beste estilo batzuk nahastau ditu Begiz Begik eta euskal mitologiaren inguruko aitamenak sartu ditu.

Hirugarren diskoa dau Hatsa Baionako boskoteak. Kaki Arkarazoren gidaritzapean, Andoaingo Garate estudioan grabau dabe udan. Esperientzia ederra izan dala adierazo dabe Begiz Begiko kideek, Arkarazo gazte-gaztetatik erreferentzia izan dalako eurentzat. Emoitzea, ohiko bideetatik urruntzen diran sei kanta izan dira, horreetatik bi, instrumentalak. Ganerako lau abestietan, Odei Barrosok idatzi ditu berbak.

Esperimentazinorako jokerea agirikoa da Hatsan. Rock edo post-rock doinuak oinarri dirala, beste hainbat estilo be badagoz: Metal ikutuak, musika progresiboa... Taldekideek ez dabe ukatu Errobi eta Itoizen moduko taldeen eragina daukala euren musikeak. Dana dala, euren helburua ez da ezohiko disko bat egitea edo entzunaldi gehiago behar dituan kantak sortzea. Berez urten dau holan, Begiz Begikoek gustuko dabena era horretako musikea dalako.

Proposamen ausarta da Hatsa, alde askotatik begiratuta. Gitarrearen ohiko doinuei ikutu berezia emoten deutse biolinak eta biolontxeloak. Sinbolismo handiko diskoa da Hatsa, izenetik hasita, Xabi Etcheverry taldekideak nabarmendu dauenez: Hatsa bada arimea, bihotza be bai, sinbolismo batzuk lotzen jakoz kontzeptu horri. Alde horretatik, euskal nortasunagaz lotu nahi izan dabe euren lana, gaur eguneko mundua arin doa, euskal mitologia izan leiteke horri aurre egiteko botikea.

Mitologiagaz loturea daukie, beraz, Odei Barrosok idatzitako kantek, baita Maiana Agorrodyk egindako irudiek be. 1970eko euskal talde batzuen diskoetako azalei keinua egiten deutse Agorrodyk, detaile askoko irudi ilunen bidez. Era berean, euren bizitzetan egunero topetan dituen kezkei be lekua egin nahi izan deutsee baionarrek disko honetan.

Banden Lehia irabazi ebenetik, dana arin pasau dala dinoe Begiz Begikoek. Bilbao BBK Liven joteko esperientzia oso ona izan zala azaldu dabe eta, orain, gogoz dagoz zemendian Bartzelonan joteko, EH Sonan. 2017an kontzertu gehiago emon nahi leukeez.

Bien bitartean, aurtengo Banden Lehiarako deialdia zabalik dago. Euskeraz kantetan daben euskal talde gazteei zuzendutako lehiaketea da, Azkue Fundazinoak bultzatua, Baga Biga diskoetxearen laguntzinoagaz. Dagoeneko izena emon leikee parte hartu nahi dabenek. Euskeraz kantetako erabagia hartu daben taldeei lekua egitea da gure helburua, azaldu dau Azkue Fundazinoko zuzendari Iurdana Acasusok.

Aurkezten diran talde guztien artean, lau finalista aukeratuko ditue, sare sozialetan zaleek emondako eretxia zein epaimahaiarena kontuan hartuta. Baga Bigako Ritxi Aizpuru, Goseko Ines Osinaga, Gaztezuloko Zuriñe Maguregi eta Last Tour-eko Aritz Gonzalez izango dira epaileak. Finalistek zemendiaren 25ean joko dabe Bilborock aretoan eta sare sozialetan daukien eraginaren arabera aukeratuko dabe irabazlea, epaimahaiaren eretxia be aintzat hartuta.

Aurreko urteetan legez, irabazleak Baga Bigagaz diskoa produziduteko aukerea lortuko dau. Era berean, 2017ko Bilbao BBK Live eta Bartzelonako EH Sona jaialdietako egitarauan lekua egingo deutsie.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu