Piktogramak XXI. mendean
2016-09-27 10:59 BidaideDongba berreskuratzeko ahaleginak izan diran arren, egun 300.000 laguneko komunidadetik 1.700 inguru baino ez dira kapaz piktogramok ulertzeko.
Lijiang historia oasia zan kultur aberastasunari eusteko jarrerearen gainetik hazkunde ekonomikoa lehenesten dauen munduan. Dana dala, UNESCO erakundeak Gizateriaren Ondare izentautako Txinako Yunnan probintziaren iparraldean kokatutako uri horretan egungo Txinako urigintzearen bereizgarri hormigoizko bloke erraldoiak eta etorbide zabalak dira protagonista. Sasoi batean Txinako milaka urteko uriaren adibide argia zan alde zaharra bera be upealako merkataritza parke tematikoa da eta turistak baino ez dabiz han inguruan, bertakoak alde egin behar izan daben bitartean.
Zorionez, bidaia agentzien segizioetako turistak ez doaz puntu turitikoetatik harago. Eta urrunean agiri diran edurtutako mendiek babestuta herrialdeko herritxurik ederrenak dagoz; berbarako, hor inguruan bizi da naxi etnia, Dragoi Handiko 56 gitxiengo etnikoetako bat. Globalizazinoaren eta kultur bategitearen eraginik barik, munduan etnia bakarra da hizkuntza piktografikoan irakurri eta idazteko kapaz dana, faraoien sasoiko egipziarrena lako hizkuntzan.
Dongba izenez ezaguna, tibetar-birmaniar jatorriko hizkuntzea, filologoen eretxiz, adierazmolde grafiko zaharrenetakoa da. Idazketarako 1.400 sinbolo inguru ditue eta horreetatik % 90 piktogramak dira, objektu fisikoakaz zuzenean lotutako marrazkiak, egungo txinerearen ideogramatara heltzeko eratorpenik bako marrazkiak, hain zuzen be. Hori bai, piktograma horreetako batzuk erabilten ditue putonghua edota mandarin txinereagaz daben antzekotasun fonetikoagaitik eta kasuan kasuko asimilazino etnikoaren erakusgarri.
Kontua da ze, oso gitxi dirala aitatu hizkuntzan adituak. 1949. urtean, Alderdi Komunistea sartu zanean goitik behereako bideari ekin eutson eta Kultur Iraultzeagaz batera, ia-ia desagertu egin zan. Ganera, Zaindari Gorri bildurgarriek suntsitu egin zituen neurtu ezinezko balio historikoko naxien eskuizkribu asko eta asko. Dongba berreskuratzeko ahaleginak izan diran arren, egun 300.000 laguneko komunidadetik 1.700 inguru baino ez dira kapaz piktogramok ulertzeko eta, ganera, gehienak zaharrak dira. Batzuk bildur dira azken horreek hilten diranean hizkuntzea bera be desagertuko dalakoan. Egoera horri aurre egiteko hizkuntzalari adituek, Txinako agintariakaz alkarlanean, geba sortu dabe, ideograma txinatarrak eta piktograma erraztuak buztartuta, holan hizkuntzea ikasketea errazagoa izan daiten eta erabilerea praktikoagoa. Eskuko telefonoek goitik behera aldarazo dituenez idazteko ohiturak, gazteak erakarteko asmoz, itzulpen fonetikoa alfabeto latinoan dakarren pinyin sistemearen bidez gebaren karaktereak sartzeko aukerea eskaini dabe.
Hizkuntza berezia ez eze, naxien artean ohikoa dan gizarte matriarkala be nahikoa deigarria da eta horrek hizkuntzan be zelan eragiten dauen; berbarako, eme berbea izen bategaz lotu ezkero, superlatiboa sortzen da eta loturea ar berbeagaz egin ezkero, barriz, txikigarria sortzen da. Esangura horretan, harri emea hatxari esaten jako eta harri arra, barriz, hartxintxarrari. Denporearen porasuz izakera matriarkala indarra galtzen joan bada be, ganerako landa giroko etniakaz konparauta, gizarte edegiagoa ekarri dau.
Gauzak holan dirala, hartu-emon afektiboak be desbardinak dira, baita mendi eta haran galduetan, lekutako naxi herrietan be. Ohikoak izaten dira bikoteak eskutik paseoan ikustea edota emakumeek gizonezkoei ipurdian egindako atximurkadak. Sexua ez da tabua. Izan be, ezkontza aurreko hartu-emonak ohikoak izaten dira eta hori uri kosmopolita guztietan ez da onartzen; horrezaz gan, ezkontzatik kanpo umeak ekartea be ez dago txarto ikusia. Seme-alaba horreek amarenak dira beti eta ama horregaz egotekotan, aitaren egitekoa babes ekonomikoa eskaintzea baino ez da izaten.
Nekazaritzea eta abeltzantzea dira bizibide eta herritarrak adobezko etxeetan bizi dira, material ezin hobea neguko muturreko tenperaturei aurre egiteko. Horma lodi-lodiak eregiten ditue eta eraikin barriak baino bizitoki epel eta atseginagoak izaten dira. Txinako gobernuak uste dau bizimodu hori azpigarapenaren erakusgarri argia dala eta neurri batzuk ezarri guran dabilen arren, oraingoz, naxiek uko egiten deutsiez. Gureak baino sano txarragoak diran zementuzko eraikinetara eroan gura gaitue, baina tradizinoa baztertzea pekatu handia da dino barreka edadeko emakume batek.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!