Mareak jaialdiak abangoardia eta tradizinoa batuko ditu urrian Bermeon

Bizkaie! 2016-09-23 08:55   Kulturea

Hilaren 15etik 18ra egingo dabe Mareak jaialdiaren bigarren edizinoa. Kontzertuak, berbaldiak, kontaketak eta proiekzinoak egongo dira.

Udaleko ordezkariak eta jaialdiko antolatzaileak, Aita Guria baleontzian | Ikusi handiago | Argazki originala

Bermeoko Udalak eta Beleza Malandra ateneo kulturalak antolatu dabe hitzordua. Aita Guria baleontzian egin da Mareak-en aurkezpena eta, bertan aurreratu dabenez, irailaren 25ean, ontzia doban bisitau ahal izango da. Bisita gidatuak be egongo dira egun horretan, euskal arrantzaleen bizimodua erakusten dauen 17. mendeko barku hori ezagutzeko.

Jaialdia bera, baina, datorren hilean izango da, urriaren 11tik 15era. Aita Guria baleontzian bertan, Edorta Jimenez idazleak itsasoko kondairak kontauko ditu, Haizeari berbetan, itzalak eta hegalak izenburupean. Jaialdiko lehenengo egunean, ganera, Tau taldearen kontzertua entzun ahal izango da Beleza Malandran. Urriaren 12an, Searching for the wrong eyed Jesus filma proiektauko dabe Nestor Basterretxea aretoan.

Urriaren 13an, aratusteen inguruko berbaldia emongo dau Juan Antonio Urbeltzek Arrantzaleen Museoan. Euskaldunek ohitura hori zelan bizi daben eta udako solstizioagaz daukan zerikusia azalduko dau. Ondoren, Beleza Malandran, Boy Toy taldearen kontzertua egongo da.

Khea Ziater konpainiak aurkeztuta, Malmö film eszenikoa ikusi ahal izango da Bermeoko Kafe Antzokian urriaren 14an eta, urriaren 15ean, Mareak jaialdiko azken egunean, musikea izango da egitarauko ardatza. Lehenik eta behin, Arrantzaleen Museoan, Neonymus proiektuko doinuak entzun ahal izango dira. Paleolitotik hasi eta gaur egunera arteko soinu-paisajeak dakarz egitasmo horrek, amesetako sensazinoa eta emozioak sortzeko asmoz. Amaitzeko, Jupiter Jon, Perlak eta Petra taldeek joko dabe Kafe Antzokian.

Ane Ortube jaialdiko antolatzaileak azaldu dauenez, Mareak-en herri kulturearen harribitxi eder eta txikiak eskaintzea da asmoa. Kultureagaz disfrutetako aukera parebakoa emongo dau Bermeok bost egunez, hainbat ekimenen bidez, Bermeoko Udaleko arduradunek azaldu dabenez eta, beraz, jaialdian parte hartzeko deia egin dabe.

Egitarau zehatza, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu