'Collins Elhuyar English Basque Dictionary euskera-ingelesa' hiztegia aurkeztu dabe

Bizkaie! 2016-09-22 15:50   Euskerea berbagai

Elhuyarren eta Collinsen alkarlanaren emoitzea da hiztegia, euskaldunek ingelesa zubi-hizkuntzarik barik ikasteko baliabide barri bat.

Gaur goizean aurkeztu dabe hiztegia, Lasarte-Orian, Lasarte-Usurbil Bigarren Hezkuntzako Institutuan. Leire Cancio Orueta Elhuyar-eko zuzendari nagusiak, Elixabete Etxeberria Otaegi hiztegiko lantaldearen arduradunak eta Izaskun Odriozola Elduaien Lasarte-Usurbil BHIko ingeleseko irakasleak hartu dabe parte aurkezpenean.



Leire Cancio Oruetak azaldu dauenez, Elhuyarrek 20 urte baino gehiago daroaz hiztegigintzan, eta ia sorreratik bertatik izan dau argi euskal gizarteari hiztegigintzan egin beharreko ekarpena. Hiztegiak interneten doban konsultetan ohitu garen garaiotan, Elhuyarrek ausart jokatu dau, eta papeleko hiztegi bat kaleratu. Hiru urteko lana izan da, eta inbersino handia egin behar izan dau Elhuyarrek, diru-laguntzinorik ezean hiztegien salmentea beste sarrerarik ez dauen sektore batean. Canciok azaldu dauenez, Elhuyarrena da euskera-gaztelania hiztegirik salduena, eta hiztegi barriak be antzeko harrerea izatea gura leukie. Horretarako, kalidadeko produktu bat egiten ahalegindu dira, bidelagun ezin hobe bategaz: HarperCollins Publishers argitaletxea.

Batez be, D ereduan ingelesa euskeratik ikasten dabizen ikasleak izan ditu Elhuyarrek buruan hiztegi hau egiteko garaian, garrantzitsutzat joten dabelako euskaldunek baliabideak izatea ingelesa beste zubi-hizkuntza batzuetara jo beharrik barik ikasteko.

HarperCollins Publishers argitaletxea ez da izan aurkezpenean, baina berba honeek biadu ditu idatziz: Collins beti dago hizkuntzan jazoten diran aldaketen abangoardian, eta aitzindaria da, orain 40 urte baino gehiagotik, hiztegi elebidunen argitalpen-lanetan. Esangura horretan, harro gagoz holako proiektu batean Elhuyarregaz alkarlanean ibili garelako behar-beharrezkoa zan ingelesa-euskera hiztegia egiteko. Espero dogu hiztegi hau balio handiko erreferentzia izatea ikasle eta profesionalentzat.

Ondoren, Izaskun Odriozola Elduaienek berbea hartu eta azpimarratu dau pozgarria dala D ereduan dabilzan ikasle eta irakasleentzat baliogarria dan edozein material. Ingelesa euskeratik irakasteko lagungarria izango dalako ustea agertu eta esan dau, ganera, Collins erreferentzia garrantzitsua dala ingelesaren irakaskuntzan.

Azkenik, hiztegiaren zehetasunak azaldu ditu Elixabete Etxeberria Otaegi hiztegiko lantaldearen arduradunak. Hiztegiaren ingelesa-euskera atala osotzeko, Collins Concise Spanish Dictionary hiztegian oinarritu dira, eta, Elhuyarren ganerako lanetan legez, Hiztegi Batua ezinbesteko erreferentzia izan da lan honetarako be. Azkenik, Euskera-Gaztelania/Castellano-Vasco Elhuyar Hiztegia aitatu dau Etxeberriak: sareko bersinoa (hiztegiak.elhuyar.eus gunekoa) etenbarik eguneratzen dogu, eta erreferentziazko materiala izan da guretzat.

Etxeberriak azaldu dauenez, hiztegia Elhuyarren egin da, baina etenbako hartu-emonak izan ditue HarperCollins Publishers argitaletxeko hiztegigileakaz, eta Elhuyarren eginiko lan guztia berrikusi dabe britainiarrek.

Elhuyarrek baeukan lehendik be ingelesa-euskera hiztegi bat, 2007an argitaratua. Oraingo hau aurreko haren bikotxa da gitxi gorabehera. Sarrera gehiago eta landuagoak ditu, eta, hiztegiaren erdian, hizkuntzen bien alderdi gramatikalak batzen dituan eranskin bat txertatu dabe.

Hiztegiak 64.270 unidade ditu guztira, bi ataletan banatuta. Horreetan, 86.150 adiera eta 21.400 adibide agiri dira.

Oraingoz, papeleko edizinoa baino ez dabe egin, eta, jakinarazo dabenez, hiztegia sarean jarteko eta eguneratzeko aukerak aztertzen dagoz.

Dagoeneko salgai dago hiztegia liburu-dendetan eta collins.elhuyar.eus helbidean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu