Kor’sia taldeagaz hasiko da Bilbon Dantzaldia 2016

Bizkaie! 2016-09-22 12:54   Kulturea

Dantzaldiaren inaugurazinoan, irailaren 22an, Cul de sac lanaren zati bat ikusi ahal izango da. Cul de sac Kor´Sia konpainiaren lan bat da eta Mattia Russo eta Antonio de Rosaren eskutik sortu da.

Gaur, irailaren 22an, 2016ko Dantzaldiaren inaugurazinoan Cul de sac lanaren zati bat ikusi ahal izango da. Cul de sac Kor´Sia konpainiaren lan bat da eta Mattia Russo eta Antonio de Rosaren eskutik sortu da. Juan Muñoz artista plastikoaren omenezko pieza honen jatorrian Espainiako Jantza Konpainia Nazionalaren erresidentzia-kolaborazino berezi bat dago eta obrearen erabateko estreinaldia Barakaldo antzokian ikusiko dogu, irailaren 23an.

Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako foru diputaduak Dantzaldiaren hamazazpigarren edizinoa aurkeztu dau Rekalde Aretoan, La Fundicióneko zuzendari Laura Etxebarriagaz batera. Dantza-hitzordu hori irailaren 22tik abenduaren 7ra bitartean izango da.

Aurtengo hitzorduen artean, irailaren 24an eta 25ean, Helene Weinzierlek zuzentzen dauen Vienako Laroque konpainia Bilboko La Fundicon aretoan izango da Democrazy lanagaz. Urriaren 6an, Claudia Dias portugaldarrak Monday – Whatch out for the right! eskainiko deusku Bilboko Azkuna Zentroan.

Zemendiaren 3an, barriz, La Veronalek eta Marcos Morauk Errusiara eroango gaitue Russia izeneko piezeagaz, Baikal lakura, hain zuzen be. Zemendiaren 26an, Po-Cheng Tsaik zuzendutako Taiwango B. Dance konpainiak Asia hego-ekialdeko tradizinoetan inspirautako lan batzuk ekarriko deuskuz bizitza eta bere errituei buruz berba egiteko. Eta amaitzeko, Rocío Molinak bere sorkuntza barria, Nueva Creacion, eskainiko deusku; Chaillot antzokian orain gitxi estreinau dan errezitaldi honek Molinaren gorputza dauka instrumentutzat, eta instrumentu horrek ganerako guztiei laguntzen deutse planteamendu diptikoko pieza honetan.

Horrezaz gan, jantza-profesionalentzat eta jantza-ikasleentzat tailerrak be atondu ditue. Dantzabizegaz alkarlanean (Bizkaiko Jantza Etxea) egingo dira barriro be, erakunde horrek antolatzen dituan Ibilbide Pedagogikoen osogarri. Kor´Sia konpainiako Mattia Russok eta Antonio de Rosak emongo ditue beren metodologia eta uniberso koreografikora hurreratzeko eskolak.

Ohikoa dan legez, zinemea be tartean izango da, kasu honetan Choreoscope jaialdiaren hautaketa bategaz eta gorputzagaz nahiz jantzearen bilakaereagaz lotutako hainbat solasaldigaz. Profesionalen topaketek eta bitartekaritza lanek kontaktu eta denpora partekatuen zirkulua osotzen lagunduko dabe.

Aurtengo Dantzaldiaren ekitaldiak Rekalde aretoan, Barakaldo antzokian, La Fundiciónen, Azkuna zentroan, BBK Salan eta Guggenheim Bilbao Museoan izango dira.



Dantzaldia 2016

- Irailaren 22an, eguenean, 20:00retan, Rekalde Aretoan: Dantzaldiaren inagurazinoa: Cul de sac. Kor’sia konpainia (Lan osoaren aurrerapena).

- Irailaren 23an, barikuan, 20:30ean, Barakaldoko Barakaldo Antzokian, Kor’sia konpainiaren Cul de sac (Erabateko estreinaldia).

- Irailaren 24an, zapatuan, 20:00retan, Bilboko La Fundicion aretoan, Democrazy. Laroque konpainia.

- Irailaren 25ean, domekan, 19:00retan, Bilboko La Fundicion aretoan, Democrazy. Laroque konpainia.

- Urriaren 6an, eguenean, 20:00retan, Bilboko Azkuna Zentroan, Monday – Whatch out for the right!. Cláudia Dias.

- Zemendiaren 3an, eguenean, 20:00retan, Bilboko BBK Aretoan: Russia. La Veronal.

- Zemendiaren 26an, zapatuan, 20:00retan, Bilboko Guggenheim Museoan, Floating flowers – Huginn/Muninn – Silence Scream – Innermost. B. Dance (Taiwan).

- Abenduaren 7an, eguaztenean, 19:30ean, Bilboko BBK Aretoan, Nueva Creacion. Rocío Molina

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu